Belartzako aparkalekuaren proiektua osatzeko hiritarren iritzia jaso da

Irungo Udalak Belartzako proiektuaren harira antolatutako partaidetza prozesuaren balantzea egin du. 2022. urtearen bukaeran jarduketa Artiako auzo elkartearen aurrean aurkeztu zen eta udalaren webgunearen bidez proposamenak egiteko epea eman baitzen. Hain zuzen ere, Berrueta Pintorea, Zurbarán eta Pio Baroja kaleen artean Artiara daraman mendi hegaleko parkingerako aurreikuspenetan datza Belartzako proiektua.

Guztira, hamabi ekarpen jaso dira, aparkamenduarekin eta urbanizazioarekin lotutakoak, baita proiektuarekin zuzeneko lotura ez dutenak. Zehazki, aparkamenduari dagokionez, ibilgailu elektrikoak kargatzeko aukera emateko eta bizikletak seguru aparkatzeko toki bat eskaintzeko eskatu da; bada, aurkeztutako proiektuak barnean hartzen zituen bi eskaerak. Gainera, trastelekuak jartzeko eskatu da, proiektuak aurreikusten ez zuen zerbait.

Urbanizazioari dagokionez, berriz, proiektuak partaidetza prozesuaren esparruan egindako proposamen gehienei erantzungo die, hala nola egungo zuhaitzak aztertzeko eta ingurua atseginagoa izateko berdeguneak eta eite txikiko landareak jartzeko eskaerari, baita gimnasia aparatuak eta kalistenoak instalatzekoari, infografiek adierazten zutenez.

Azkenik, aparkamendu proiektuarekin zuzeneko loturarik ez duten proposamenei dagokienez, Udalak TAO sistema hedatzea aztertuko du, auzoaren ezaugarriak kontuan hartuta betiere, baina proiektua egikaritzeko faseak eta haren eragina zein eta zer-nolakoak izango diren jakiteko zain dago, ibilgailuak aparkatzeko toki alternatiboak bilatzeko beharra neurtzeko.  Berrueta Pintorea kaleko aparkamendua hobetzeko neurriak, aldiz, dagoeneko kalea berrurbanizatzeko proiektuaren barruan daude. Bestalde, proiektuaren esparrutik kanpo, César Figuerido kalera daramaten eskailerak hobetzea aztertuko da.

Proiektuaren deskripzioa

Gaur egun, orubean badira haurrentzako parke bat eta 47 ibilgailurentzako 1.100 bat metro koadroko lur gaineko aparkaleku bat, eta eskailera batzuek parkearen eta auzoaren goiko aldera daramate. Bada, proiektua idazteko premisa nagusia aparkalekuak orubean okupatzen duen azaleraren eta aparkatzeko tokien kopuruaren arteko egokitasuna optimizatzea izan da.

Horrela, bi solairuko lurpeko aparkaleku bat eraikitzea planteatzen du proiektuak, eta orubeko maldan beste solairu erdi bat sortzea. Ibilgailuak Berrueta Pintorea kaletik sartuko dira, eta Zurbarán kaletik irtengo dira, sarrera eta irteerak ahalik eta azkar eta erosoenak izan daitezen erabiltzaileentzat. Ibilgailuak baterian aparkatuko dira, 2,5 x 5 m-ko tokietan, eta bideak 5 m-ko zabalera izango du eta noranzko bakarrekoa izango da. Horrela, guztira, 171 ibilgailu aparkatzeko tokia izango da.

Oinezkoak aparkalekutik ateratzeko bi irteera sortuko dira, orubearen inguruan, aurrez aurre, eraikin eta saltoki gehien dauden lekuetatik gertu, eta igogailu bat instalatzea aurreikusten da, aparkalekuaren eta lur gaineko eremuaren arteko irisgarritasuna bermatzeko.

Lur gaineko eremua bi zatitan banatuko da, maila desberdinetan. Estalki osoa aisialdirako erabiliko da, eta, bertan, hainbat gune sortu ahalko dira, hala nola haurrentzako parke bat eta kirol instalazioak (saskibaloi kantxak, erabilera anitzeko guneak, ping-pongerako mahaiak, parke bio-osasungarriak…). Horrela, auzotarren topagune bihurtuko da aparkalekuaren gainaldea, eta Belartzako mendi hegal berdea luzatuko du.

Hau da Plan Orokorraren zehaztapenak bete eta aldi berean aparkatzeko toki gehien sortzeko aukera ematen duen proiektua. Mendi hegaleko parkea Zurbarán kaleraino luzatuko du, auzoan parke handi bat sortzeak berekin dakartzan onura eta aukerekin, eta parke berria irisgarri, ikusgarri eta seguruagoa izango da.

Joan den asteazkenean, Artiako auzo elkarteari aurkeztu zitzaion proiektua, eta, antzeko jarduketekin egin ohi den bezala, Udalaren webgunean argitaratuko da, ostegun honetan, hilak 20, nahi duen orok kontsultatu ahal izateko. Gainera, urriaren 20tik bertatik azaroaren 3ra bitartean, ekarpen eta proposamenak helarazteko aukera izango da.

Irungo Udalak 7 milioi euro konprometitu ditu proiektu honetarako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude