- Bizikleta alokairua
- Banaketa iraunkorra
- Santiago Kalea, 49. zk.
Bizikleta da Badoa proiektuaren ardatz nagusia. Bi gurpilen gainean igota, bizitza ulertzeko eta mundutik mugitzeko nahitik sortu zen egun Fer Romerok eta Susana Fernándezek gidatutako egitasmo hau. Banaketa enpresa gisa sortu arren, gaur egun hori baino gehiago dira Irungo Santiago kaleko 49. zenbakian orain gutxi ireki berri duten lokalari esker.
2022ra arte Fer eta Susana Bartzelonan bizi ziren eta Irunera norabide zehatzik gabe iritsi zirenean, bizikletak erakutsi zien zein zen jarraitu beharreko bidea. BDS Koop-eko kideen laguntzarekin Badoa proiektua sortu eta lehen pausoak ematea lortu zuten. Fer Romerok azaldu duenez, “haiei esker jakin genuen Irunen market place bat sortzeko asmoa zegoela, hau da, merkataritzagune birtual bat, erosleen eta saltzaileen arteko bitartekari gisa balio duena; egun Irun Market izenez ezaguna”. Susana Fernándezek adierazi duenez, proiektu berritzaile horretan murgiltzea bultzada handia izan zen Badoarentzat. Hasiera batean Ferrek Joanes izeneko kide ohi batekin egiten zituen banaketak eta orain aldiz, Susana da bere lankidea.
Fer Romerok azaldu duenez, “bizikleta beti izan da gure bizitzako ardatz nagusietako bat”. Are gehiago, beraien eguneroko bizitzaren parte da eta, lankidez gain, bikote ere badirenez, beren semeei txikitatik erakutsi nahi izan dieten bizimodua da. Horrela, pedalei eraginez mugarik ez dela sinesten dute. Izan ere, banaketa pisutsuak egin ahal izateko bizikleta bereziak dituzte, baita bizikleta elektrikoak ere. Adibidez, “cargo bike” bizikletarekin 80 kilo garraiatzeko gai dela azaldu digu Fer Romerok.
Bizikletaz iristen diren eskaerak
Badoan askotariko banaketa zerbitzuak eskaintzen dituzte. Batetik, Irun Market-en parte diren saltokien eskariak bizikletaz eramaten dituzte. Fer Romeroren hitzetan, “oso garrantzitsua da inguruan ditugun merkatariekin lan egiteko aukera izatea”. Izan ere, Bartzelonatik Irunera iritsi zirenean harrituta geratu ziren hirian lokal asko itxita zeudelako. Ekonomia zirkularra bultzatzeko, gertuko bizilagunen eskutik eta horiei lagunduz lan egitea funtsezkoa iruditzen zaie Badoako kideei, beraz, zerbitzua azkarra bezain hurbila da. Gainera, astero, Hondarribiko Sorburu baratzeko produktuak ere garraiatzen dituzte bizikletaz. “Astean bitan, han bertan bildutako sasoiko produktua jasotzen diegu, Irungo Labore dendara eramateko”, gaineratu du Fer Romerok.
“Iruneroren 3.500 aleak egun bakarrean banatu behar dira eta, gainera Irun osoan barrena“
Fer Romero, Badoako kidea
Bestetik, etxera eramateko prestatutako janaria eskaintzen duten saltokiekin ere lan egiten dute. Fer Romerok azaldu duenez, “ez da ekonomikoki ekarpen handia egiten digun proiektua, baina bai bihotza betetzen diguna”, horri esker adineko pertsonei laguntzeko aukera baitute. Susana Fernandezek azaldu duenez, denda berria irekitzearen ondorioz apur bat baztertuta geratu zaien proiektua da, “baina ahal bezain laster berriz bultzatu nahi dugu”, zehaztu du.
Irunero aldizkariaren mezulari
Azkenik, despistatutako irakurleek jakingo ez duten arren, Badoa arduratzen da hilero Irunero banatzeaz, aldizkaria hiriko toki guztietara irits dadin. Fer Romerok azaldu duenez, banaketa hau erronka handia da Badoarentzat, “Iruneroren 3.500 aleak egun bakarrean banatu behar dira eta, gainera Irun osoan barrena”. Banatzaileak azpimarratu duenez, hiriaren erdiguneaz gain, aldizkaria kanpoaldeko auzoetara ere iristen da. “Hileroko hitzordu ezinbestekoa da; izan ere, hilaren hasierarekin batera iristen ez bada, jendeak non dagoen galdetzen baitizu”.
Ferrek “cargo bike” motako bizikleta handi bat erabiltzen du Irunero banatzeko eta urrutien dauden auzoez arduratzen da. Susana, berriz, bizikleta elektrikoan mugitzen da eta erdiguneko auzoak egiten ditu. Iruneroren banaketa beste eskari askorekin elkartzen zaienean, hirugarren lagun baten laguntza izaten dute banaketa garaiz amaitu ahal izateko.
Proiektuaren zabalpena
Badoa BDS Koop-en coworking espazioan sortu bazen ere, bide berriak esploratzeko beharra sentitu du. Horrela, Santiago kaleko lokal berriak zerbitzuak zabaltzeko aukera eman dio Badoari. Orain bizikleten eta horiekin loturiko osagarri guztien alokairua eskaintzen dute denda berrian. “Paseatzen genuen bitartean lokal hau ikusi eta gure proiektua zabaltzeko leku aproposa zela ikusita, jabearekin harremanetan jarri ginen”, adierazi du Fer Romerok.
“Dendaren aurrean dugun ingurunea oso polita da eta, gainera, inguruko bidegorrietatik oso gertu gaude”
Susana Ferández, Badoako kidea
Uda hasiarekin batera hasi ziren Badoa txirrinduen alokairua eskaintzen eta zerbitzuak oso harrera ona izan duela azaldu dute Susanak eta Ferrek. Zerbitzua emandako lehen hilabeteek balio izan diete lokal berriaren kokapena ezin hobea dela egiaztatzeko. Susana Fernándezen hitzetan, “dendaren aurrean dugun ingurunea oso polita da eta, gainera, inguruko bidegorrietatik oso gertu gaude”. Badoakoek uste dute Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalak ahalegin handia egiten ari direla hirietan bizikletaren erabilera bultzatzeko, nahiz eta oraindik gauzak hobetzeko egon. “Egia da gure hiriek aldapa handiak dituztela eta eguraldia askotan ez dela bidelagun onena, baina ez dugu nahi horregatik jendeak bizikletan mugitzeari uztea”, gaineratu du Susana Fernandezek. Bizikletarekin eta pedalei eraginez edonora iristea posible dela gogoratzen diete etengabe beren ingurukoei.
Badoa mugimendua
Fer Romerok azaldu duenez, askorentzat bizikleta kirola egiteko modu bat baino ez da. “Guk nahi dugu jendeak pentsamendu hori alde batera uztea eta bizikleta bizimodu bat ere izan daitekeela ikustea”, adierazi du Badoako arduradunak. Hain zuzen ere, ideia horretatik abiatuta Badoa, denda edo zerbitzu bat baino zerbait gehiago izatea nahi dute: bizikletaren inguruko elkargune bat. Fer Romerok aipatu duenez, “Badoa iritziak, bizipenak eta ideiak partekatzeko leku bihurtu nahi dugu”. Susana Fernándezek adierazi duenez, bizikletaz ibiltzeko bide berriak ezagutzeko eta bizikletaren inguruko zalantzak planteatzeko espazio bat sortzeaz gain, bizikleta bidaiak antolatzeko lekua izan nahi dute, beste hainbat gauzaren artean. Amets hori egia bihurtzeko milaka ideia bueltaka dituzte buruan jada Susanak eta Ferrek. Ziur, pixkanaka, egitasmo berri bakoitzari forma eman eta horiek bizikletaren laguntzaz bidean jartzeko modua topatuko dutela.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.