Behobiako pasealeku eta bidegorriko lanak amaitu dira

2015 urteko aurrekontu parte-hartzaileetan boto gehien jaso zituen proiektuetako bat izan zen

Behobiako pasealeku eta bidegorriko lanak amaitu dituzte. Jose Antonio Santanok, Irungo alkateak, eta Cristina Labordak, Mugikortasun, Bide Publiko eta Obra arloko delegatuak ekainaren 26ean iragarri zuten pasealekuaren irekiera. Guztira, 2.217.840 euroko aurrekontua erabili da proiektua aurrera eramateko.

2015 urteko aurrekontu parte-hartzaileetan boto asko irabazi zituen proiektua da. Pasealeku eta bidegorriaren bitartez Behobiako auzoaren eta hirigunearen arteko komunikazioa hobetzea lortu da. Proiektuaren lehenengo fasean pasealekuaren 950 metro berritu dira eta bigarren fase batek pasealeku berria Osinbiribil inguruko bidegorria eta Artiako kanalaren zubia lotuko lituzke.

Obra 2017ko udaberrian esleitu zen eta zazpi hilabeteetako gauzatze-epea aurreikusi zen hasiera batean. Denborak aurrera egin ahala, ordea, epea luzatuz joan zen zoladuran egin beharreko aldaketa eta azken hilabeteetako eguraldi kaxkarraren ondorioz. Hortaz gain, obra martxan jartzeko tramitazioak konplexuak izan dira, proiektuan inplikaturik dauden administrazio kopuru handiarengatik.

Hiritarren iritzia

Alicia Belasco

Oso polita gelditu dela iruditzen zait. Asko erabiliko dut eta horrelako pasealeku bat ez duzu Benidormen ere aurkituko. Behobian bizi naiz eta egunero bi edo hiru aldiz pasatzen naiz hemendik. Hala ere, bidegorrian bankuren bat jartzea ondo legoke.

 

Ana Isabel Martin

Obraren ostean pasealekua ondo gelditu dela uste dut. Obra hasi aurretik asko etortzen nintzen, Hendaiako aldeko bidegorritik txakurrarekin buelta osoa emateko ohitura nuelako. Inauguratu dutenetik behin etorri naiz eta arreta deitu dit bidegorri osoan paperontzirik ez topatzea.

 

Ricardo Llorente

Oso ondo gelditu da. Atsegina da hemendik paseatzea eta bizikletentzako toki nahikoa dagoela dirudi. Pasealeku honetatik paseatzen dudan bigarren aldia da hau, Irungo beste punta bizi naizelako. Alboko errepidetik duen zirkulazio handiak arreta deitu dit. Iturri bat eta banku batzuk jartzea ez legoke gaizki, batez ere, adineko jendearentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude