Saltoki txikien erronka erraldoia

Aspalditik Irungo merkataritzaren egoera hiriko biztanleriaren elkarrizketetan pil-pilean dabilen gaia da. Askotariko iritziak egon arren, hiritar gehinek Irungo merkataritzak bizi duen momentuaren balorazio negatiboa egiten dute. Beherakada garai honen erakusle garbiak dira hirian barrena geroz eta gehiago pertsiana jeitsi eta erakusleihoan “salgai” dioen kartela erakusten duten lokalak. Egoera honen aurrean, saltoki txikien biziraupena bermatuko duten irtenbideak bilatzeko borrokan dabiltza Irungo merkatariak.

Ez lehena, ez azkena
Oraingoa ez da Irungo merkatariek bizi duten lehen beherakada garaia. Denboran 20 urte atzera egitea nahikoa da eskualdean merkataritzak izandako bilakaera antzemateko eta, eboluzio horren barruan, saltoki txikiek gorakada zein krisialdi egoera ezberdinetatik igaro dira. Izan ere, hasieran dendarien lehia zuzenagoa zen, alboko denda edo, gehienez, auzoan bertan kokatzen baitzen.

Txingudi merkataritza-gunearen eraikuntzak Bidasoa eskualdeko erosketa ohituretan lehen aldaketa garrantzitsua ekarri zuen. Merkataritza Irungo erdigunetik deszentralizatu eta kanpoaldeko eremura eraman zen. Urte batzuk geroago, Mendibil merkataritza gunearen eraikuntzarekin, dendariak eta erosleak berriro Irungo erdigunera erakartzea lortu zen, nahiz eta era berean frankizien agerpenak dendari txikiei erronka berriak sortu.

Hiriko Merkatarien Elkarteak dira hiriko merkataritzaren errealitatea ondoen ezagutzen dutenak. BidaShop elkartetik Yon Gallardo ordezkariak Irungo dendariak garai berrietara egokitzeko egiten ari diren esfortzuaren inguruan hitz egin du, izan ere, merkataritzaren suntsiketa handia gertatu baita azkenaldian Gipuzkoa osoko hiri eta herrietan. Yon Gallardok azaldu duenez, Irungo hiria betidanik denda dentsitate handi izan duen hiria izan da inguruko herriekin alderatuta. Gallardok adierazi duenez, deigarria eta beldurgarria da erdigunea hutsik gelditzen diren lokalak ikustea eta, kasu askotan, alokairua eta bezeroen garraio zailtasunak ezkutatzen dira itxiera horien atzean, sektoreko norgehiago alde batera utzita.

Egungo erronkak
Bizitzako beste alorretan gertatzen den moduan, XXI. mendean internet da sektore guztiei eragiten dien iraultzarik handiena. Digitalizazioak erosle zein saltzaileei erosketa harremanak modu ezberdinean gauzatzeko aukera ematen badie ere, 24 orduz zerbitzua eskaintzen duen aurkaria sartu du etxe guztietan. Egoera honek auzoetan oinarrizko produktuak saltzen dituzten denda txikietan ondorio gutxiago izango dituen arren, ehungintzaren edo teknologien sektoreko saltokietako lehia aregotuko du. “Merkataritzaren erronkei aurre egiteko Big Data hobeto erabiltzen ikasi behar dugu”, azaldu du Yon Gallardok.

“Merkataritzaren erronkei aurre egiteko Big Data hobeto erabiltzen ikasi behar dugu”

Yon Gallardo, BidaShop elkarteko ordezkaria

Teknologiaren garapenak ekarritako etsaiei aurre egiten saiatzeko, BidaShop elkartean proiektu berritzaileak martxan jartzeko ahalegina egiten ari dira. Esaterako, egun gutxiren barruan hiriko 50 denda elkartuko dituen fidelizazio txartel bat aterako dute.Txartel horren bitartez ekimenera batu diren edozein dendetan egindako erosketengatik bezeroek %2ko deskontua irabaziko dute, gainontzeko dendetan erabili ahal izango dena. “Honelako ekintzen bitartez erosleen gastua Irungo dendetan mantendu nahi dugu”, azaldu du Yon Gallardok BidaShop elkarteko ordezkariak.

Zaldunbordaren mehatsua
Iraileko hilabetearen amaieran, Irungo Udalean ordezkaritza politikoa duten talde guztiek adierazpen bateratua egin zuten Zaldunbordako proiektuarekiko desadostasuna adieraziz. Irungo Sozialistak, Irungo EAJ, Elkarrekin Podemos Irun, EH Bildu eta PP alderdietako politikariek proiektua baztertzea eskatu zuten, Zaldunbordaren eraikuntzak tokiko merkataritzarentzat konponezinak izango diren ondorioak eragingo dituelakoan.

Ekainaren 26ean, Hondarribiko udal gobernuak Zaldunborda Gaineko Partzelazio Plan Partzialaren hasierako onespena baimendu zuen, Higertoki SLk sustatuta. Behin hura baimenduta, “outlet village” bat eraikiko da Zaldunbordan: ehun saltoki baino gehiago, 28.000 metro karratuko instalazioa, 133 milioi euroko inbertsioa eta 1.800 ibilgailurentzako aparkalekua. Hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrak Establezimendu Komertzial Handien Lurralde Antolamenduari Buruzko Legea onartu eta merkataritza gune berrien eraikuntza mugatu aurretik baimendu zen hasierako onespena, ekainaren 27an onartu baitzen lege berria.

Irungo Merkataritza Mahaia
Irungo Udaleko Hiri Bultzada arloak hiriko dendak babesteko lan egiten du lerro ezberdinetan zabaldutako proiektuen bitartez. Momentu honetan lerro garrantzitsuena duela gutxi sortutako Irungo Merkataritza Mahaia da. Bertan, Irungo Udala, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, Gipuzkoako Bazkundea, FICOBA, Bidasoa Bizirik eta hiriko merkataritza elkarteak biltzen dira, Merkataritza Plan Estrategikoa gaurkotu eta indartzeko helburuarekin. Aurretik martxan dauden proiektuak lagunzteaz gainera, foro honen bitartez etorkizunean gauzatu daitezkeen ideia eta proposamenak biltzeko aukera eskaintzen du.

Jada martxan dauden ideia eta proiektuen artean, Dinamizazio komertzialerako diru-laguntzak, alokairuan lagundu edo berritze lanak sustatzeko K-Biziak diru-laguntzak edo gazteek proiektu komertzialak bultzatzeko laguntza ekonomikoak daude. Hortaz gain, garai berrietara egokitzeko formakuntza osatzeko ikastako eta tailerrak sustatzen dira ere. Gainera, “Hobetuz” edo “Singular bidez, merkataritzak bizi duen egoera lagundu nahi da ere.

Merkataritzaren erresistentzia

Ainhoa Pikabea, Valentina arropa denda: Leon Iruretagoyena kalean kokatutako arropa dendako jabearean arabera Irungo merkataritzak egoera kaxkarra bizi du eta, zentzu horretan, aurretik Irungo kaleek zuten bizitza galtzen ari dela dio. Denda duela 6 urte zabaldu zuen, baina, azken 3 urteetan hiriko merkataritzaren egoera nabarmenki okertu dela ikusi du. Jende gazteak, batez ere, arropa internet bidez erosteko ohitu hartu duela aipatzen du. Bestetik, dendari txikiei merkataritza-gune handien eskaintzekin leihatzea ezinezkoa zaiela azaltzen du, zaila baita lokalak sortzen dituen gastu guztiei aurre egitea Eusko Jaurlaritzaren edo Udalaren diru-laguntzarik jaso gabe. Produktu esklusiboagoak eta arreta pertsonala eskaintzen dituzten denda txikien bitartez Irun soilik lo egiteko hiri batean bihurtzea saihestu nahi da.

Inma Arizta, Pombar zapata denda: Pombar dendak 80 urte beteko ditu laster ateak zabaldu zituenetik eta egungo egoera dendaren historian bizitako krisialdi latzena dela azaltzen du Inma Ariztak. Jendeak merkataritza-gune erraldoietan edo internet bidez erosteko ohitura hartu duela aipatzen du. Lehenago, Frantzia zein Nafarroako herri txikietatik etorritako erosle asko hurbiltzen ziren Kale Nagusian kokatutako denda honetara, egun aparkatzeko zailtasunen ondaorioz uxatu direnak. Hortaz gain, eguraldi onak neguko produktuen salmenta laguntzen ez duela gaineratu du. Pombarren kalitatezko oinetakoak saltzeko betidanik egindako apostua azpimarratu du saltzaileak, jendearen gogobetetasuna lortzea baitute helburu..

Mariana Escalada, Tartufa jostailu-denda: Irungo merkataritzan beherakada garaia antzematen du Marianak ere Tartufa jostailu dendatik, batez ere, duela 3 urtetik hona. Egun jostailuak internet bidez edo supermerkatuetan erosteko aukera dagoen arren, Colon pasealekuan kokatutako denda honetatik erosleei tratu berezia eskaini eta haurrei jolasten erakustea dute helburu. Ahal den heinean eskaintza bereziak edo stock kanporaketak antolatzen saiatzen dira jende erakartzeko. Egoerari aurre egiteko, merkatariak ekintzak antolatzeko elkartzeaz gainera, internet eta sare sozialen aro berrira egokitzea ezinbesteko ikusten du Mariana dendariak.

Estibaliz Paule Moreno, Nanas haurrentzako arropa denda: Azken bi urteetan Irungo merkataritzak behera egin duela ikusi du Estibalizek bere dendatik. Saltoki handiegoekin lehiatzea ezinezkoa den arren, saltoki txikietako dendarien harreta beste inon aurkitzea ezinezkoa dela aipatzen du eta, egoerak hobera egiten ez badu, etorkizunean dendariak robotek ordezkatu dituztelaren beldur da. Era berean, hiriko denda txikietan dendari eta erosleen artean konfiantzaz harreman bereziak sortzen direla azpmirratu du. Zoritxarrez, geroz eta gehiago dira lokalak hutsik uzten ari dituzten dendak. Estibalizek, aldiz, esperantzaz begiratzen dio etorkizunari, iraganean Nanas denda irekitzeko egindako esfortzu eta ilusio guztiak bidean galdurik gera ez daitezen.

Etorkizun ezezaguna

Irungo denda txikien etorkizunaren inguruan galdetuz gero, gutxi batzuk ausartzen dira aurreikuspenen bat egitera eta, kasu horretan, zalantza eta aldaketaz beteriko etorkizun bat aurreikusten da. Merkataritzak eta teknologien garapenak ekarriko dituen berrikuntzetara moldatzeko gaitasunak markatuko du aurrerantzean Irungo hiriko merkataritzaren norabidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude