Behe Bidasoa eskualdeko Aldatsa, Labore Txingudi eta Hiritik At kooperatiben elkarlanetik sortutako proiektua da Bidasoa KM0. Eskualdean bertan ekoiztutako produktu eta elikagaien kontsumoa bultzatzeko helburu nagusia duen proiektu berritzailea da. Honela, kontsumo filosofia berria hau etxe eta familia nukleoetatik atera eta publiko zabalago batengana iristea bilatzen da.
Hiru elkarteen elkarlan eta ideia partekatuetatik sortu zen proiektua da. Proiektuaren barnean lanean ari den Ione Fernandeze Zabaletak azaldu du, “proiektua oso era naturalean martxan jarri zen”. Alor honen inguruan lan egiten duten pertsona guztiak mahai baten inguruan elkartu eta hasieran ideia bat besterik ez zena aurrera ateratzeko. Lehen ideia sortu zenetik urte bat pasa da eta epe horretan proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Europako laguntza bat lortu ditu.
“Proiektua oso era naturalean jarri zen martxan”
Ione Fernandez Zabaleta, proiektuko kidea
Proiektuak agroekologia eta bertako ekologiaren sustapenean oinarritzen ditu bere helburu nagusiak. Horrela, kolektibo guztiei eta, bereziki, baztertuago aurki daitezkeen adineko pertsonen edo haurren kolektiboei zerbitzua ematea du helburu. Modu honetan kolektibo guzti hauek kalitatezkoak diren elikagai osasuntsuak jasotzeko eskubidea bermatzea lortuko litzateke. Helburu nagusi hauen bitartez, lehenengo sektorea indartzea lortzen da, bertako nekazarien lanari babesa emanez.
Bidasoa KM0k proiektuaren parte diren elkarteen filosofian oinarriturik dago. Hau da, gertuko produktuen salerosketa bultzatu nahi da, era berean, bertako ekonomia eta enplegua sustatzen delarik. Honekin batera, garaiko produktuen kontsumoa sustatu nahi da, urtaro bakoitzari dagozkion barazkien ekoizpenean zentratzeko. Eneko Huarte Landachek adierazi duenez, “naturak markatzen du hemen erritmoa”. Filosofiarekin loturik, “gure filosofiaren barnean harreman ekonomikoa aldatu eta naturarekiko dugun harremana indartzeko apustu egiten dugu”, adierazi du Eneko Huarte Landachek.
“Naturak markatzen du hemen erritmoa”
Eneko Huarte Landache, proiektuko kidea
Kontsumitzaile posibleak
Kontsumo katea osatzen duten agente guztiak kontutan hartu zituzten proiektua diseinatzerakoan. Ekoizleez gain, kontsumitzaileak eta horien beharrak aztertuz, zerbitzu honen erabiltzaileak izan daitezkeen kontsumitzaile posibleak identifikatzeko azterketa egin da. Lehenago aipatu bezala, familia nukleoez gain, eskaera handiagoak egin ditzaketen bezeroak bilatzeko ahalegina egin nahi da. Jantoki sozialak, eskolak, adinekoen egoitzak eta jatetxeak identifikatzen dituzte nagusiki kontsumitzaile posible moduan.
Proiektu pilotua
Kontsumitzaile posibleen identifikazioaren barnean, proiektua eta eskainitako produktuen katalogoa aurkezteko lanetan dabiltza une honetan. Proiektuko kidea den Oihana Galardi Ogallardek adierazi du, “proiektu aurkezten dugunean, kasu askotan jendearen motibazioa eta inplikazioa antzeman dezakegu”. Lanean dabiltzan kideek azaldu dutenez, orokorrean, proiektuak harrera positiboa izaten ari da eta proiektua bideragarria ez den kasuetan ere, haiengana hurbildu izana eskertzen diete.
Argi dago kontsumitzaile bakoitzaren beharrak ezberdinak direla. Oihana Galardik azaldu duenez, orain arte aztertutako kasuek erakutsi dutenez, hautatutako kontsumitzaile posibleen artean, askok “catering” enpresekin lan egiten dute. Egoera hau sukalde edo antzeko instalakuntzen faltarengatik sortua izan daiteke. Egoera ikusita, ezinbesteko baldintza horiek betetzen ez dituzten kontsumitzaile posibleak alde batera uztea eta sukaldea erabilgarri duten zentroetan zentratzea da hurrengo pausua.
“Proiektu aurkezten dugunean, kasu askotan
jendearen motibazioa eta inplikazioa antzeman dezakegu”
Oihana Galardi Ogallar, proiektuko kidea
Datozen hilabeteetan ideiaren bideragarritasuna aztertzera murgilduko dira. Horretarako, irailetik aurrera proiektu pilotu bat martxan jartzeko asmoa dute Bidasoa KM0 proiektuaren bultzatzaileek. Honela, hainbat jatetxe produktu batzuetara atxikitzea bilatzen da, ezinezkoa baita sinestea aldi berean erabiltzaile guztiak produktu guztietara atxikiko direnik.
Etorkizunera begiratzen duen ideia
Lehen frogak gainditu ostean, etorkizunari begira egingarria izango den proiektu batean bihurtu nahi da Bidasoa KM0. Proiektua ezagutzera eman eta ideia ingurukoei kutsatzea ezinbestekoa izango da horretarako. Era honetan, etorkizunean ideia zabaltzea bilatzen da, beti ere tokian tokiko izaera eta gertutasun hori galdu gabe. Eneko Huarteren hitzetan, “hasieran harrera eremu murriztu batean gertatu zen, baina, hedabideen lanari esker, gure ideia zabaltzea lortzen ari gara”.
Lurraz gain, proiektuak bestelako haragi ekoizle eta animalietatik deribatutako produktuak ekoizten dituzten ekoizleekin lan egiten du. Bertako proiektuaren bultzatzaileez gain, inguruko eskualde eta herrietan antzeko proiektuak aurrera eraman dituzten ekintzaileekin harremana mantentzen dute. Saretze hori lagungarria da elkarrizketak, esperientziak eta ezagutzak partekatzeko, proiektuak eremuari dagokionez gehiegi zabaldu gabe, gertuko kontsumoaren filosofia indartzeko.