Motibazioz gainezka daude Biok Txingudiko jokalariak etxetik urrun jokatutako Euskal ligako lehenengo jardunaldian lortutako garaipenagatik. Igandean, motibazio extra hori aparteko errugbian bihurtu nahi dute, aurkaria pasa den denboraldiko talderik indartsuenetakoa baita. Igandean Plaiaundin 12:30etan Durango Emarmotor taldearekin neurtuko dituzte indarrak.
Hala ere, mugakoek bizkaitarren zelaian pasa den denboraldian jokatutako partidan lan paregabea egin zuten, atsedenaldira markagailuan aurretik iritsiz. Durangarren esperientzia gailendu zen bigarren zatian, baina taldea sentsazio oso onekin bueltatu zen Plaiaundira.
Oraingoan, Irunen jokatzeak beste abantaila bat izan dadin espero du Asier Gonzalez Araña prestatzaileak: “Partida garrantzitsua izango da eta, gainera, Plaiaundin aurten jokatuko dugun lehenengo parti da. Durango oso azkar jokatzen duen taldea da, baina etxean arituko garela baliatzen saiatuko gara ahal ditugun puntu guztiak lortu eta egindako lanaz disfrutatzeko”.
Emakumezkoen kirolarekin hitzordua
Plaiaundira joan baino lehen, Biok Txingudiko jokalariak Colón hiribidera gerturatuko dira, Parean elkarteak eta Irungo udalak beste urte batez antolatutako Kirola par(t)ekatuz Igande Sasoi ekitaldira. Eskualdeko errugbi taldea beste urte batez ospatuko den iniziatiban arituko diren 18 elkarteetako bat da. Aurten, harrobiko neska jokalariak izango dira protagonistak klubak Zabaltza plaza inguruan jarriko duen errugbi zelai txikian.
Jokalari gazteenak ere jokoan
Txingudi/Orereta/Baztan 14 urte azpiko taldeak larunbatean Ordizian izango du hitzordua. 10:00etatik aurrera bertako taldearen aurka eta La Unicaren aurka jokatuko du taldeak.
Hurrengo egunean, igandean, Txingudi/Oreretako 10 eta 12 urtez azpiko taldeak dira Ordizian ere arituko direnak. Hauen aurkariak etxeko taldea, La Unica eta Arrasate/Soragazteak izango dira.