Perun bizikletan egindako bidaia izango da hurrengo protagonista “Zure abenturaren bila” saioan

Ostegun honetan, hilak 9, “Zure abenturaren bila” programak saio berri bat ospatuko du. Aukera honetan, Mikel Bringas izango da bidaiaria, “Munduko ibilbiderik onena?” izenburuarekin. Hitzordua 19:30etan izango da, Irungo Amaia KZko hitzaldi aretoan, eta sarrera doakoa izango da. Interesdunak aretoa bete artean sartu ahalko dira.

Saioa euskaraz izango da, eta Perun barrena bizikletan bizi izandako esperientzia ezagutaraztearen helburuarekin proiektatuko da ikus-entzunezkoa, 60 bat minutuz. Ondoren, solasaldi bat izango da protagonistarekin.

“Munduko ibilbiderik onena?”

“Gaztetatik nire oporrak bizikletaz izan dira, urtero helmuga aldatuz, salbuespen bat ezik. Alee Denham zikloturismoko guruak dio Perun dagoela munduko zikloturismo-ibilbiderik onena. Hara joan nintzen 2024an. Maitemindu nintzen, eta hurrengo urtean errepikatu nuen. Hitzaldi honetara baldin bazatoz, agian hurrengoa izango zara zu”.

Zure abenturaren bila

Zure abenturaren bila bidaia programa bat da, non gonbidatuek beren bizipen eta esperientziak eta, azken batean, bidaiatzeko zaletasuna kontatzen dituzten, abenturako irudien laguntzaz betiere. Programaren barruan, askotariko esperientziak kontatu izan dira, hala nola Antartikara egindako espedizioak, planetako mendirik garaienetara eta zailenetara egindakoak eta askoz ere leku hurbilagoetan egindako irteerak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude