Irungo Udaleko Kultura zerbitzuak antolaturik, ostegun honetan, hilak 10, “Zure abenturaren bila” programaren barruko hamahirugarren saioa egingo da: “Zelanda Berria bizikletaz”. Oraingo honetan, bidaiaria Eneko Redondo izango da. Hitzordua 19:30etan izango da, Irungo Amaia KZko hitzaldi aretoan, eta sarrera doakoa izango da. Interesdunak aretoa bete artean sartu ahalko dira.
Saioa euskaraz izango da, eta Afrikako fauna basatian arakatzen den ikus-entzunezkoa proiektatuko da, 60 bat minutuz. Ondoren, solasaldi bat izango da protagonistarekin.
“Zelanda Berria bizikletaz”
“Hego Ameriketako mendikaterik famatu eta luzeenetatik bizikleta ganean hamalau hilabete luze eman eta gero, Zelanda Berrira egin nuen salto. Eta horrekin batera, zalantza ugari eraman nituen nirekin alforjetan: gai ote nintzen kultura berri honek proposatzen zituen erronkei aurre egiteko? Aldaketa ez zen “ahuntzaren gauerdiko eztula”. Kontinente erraldoi haren kosmobisiotik nola ulertuko nuen irlatxo bi hauek munduarekiko duten ikuspegia eta harremana? Eta zein izango zen nire lekua guzti horretan? Esperientzian murgildu behar galdera hauen erantzuna ezagutzeko, ez zegoen besterik”.
Zure abenturaren bila
Zure abenturaren bila bidaia programa bat da, non gonbidatuek beren bizipen eta esperientziak eta, azken batean, bidaiatzeko zaletasuna kontatzen dituzten, abenturako irudien laguntzaz betiere. Programaren barruan, askotariko esperientziak kontatu izan dira, hala nola Antartikara egindako espedizioak, planetako mendirik garaienetara eta zailenetara egindakoak eta askoz ere leku hurbilagoetan egindako irteerak.



