Cristina Labordak gaur 2024. urtearen balorazioa egin du Irungo Udaletxeko Areto Nagusian. Horrela, alkate lanetan egindako lehen urtearen errepasoa egin du, 2023. urtearen amaieran hartu baitzuen Irungo alkate kargua. Lehen urtearen ostean, bere lantaldearentzako esker oneko hitzak izan ditu, baita herritarrentzat ere.
Amaitzear den urtearen balorazioa egiterakoan, Cristina Laborda pozik azaldu da ondo egindakoengatik, baina akatsak ere aitortuz. Izan ere, alkatearen hitzetan “hiritarrei euren eguneroko bizitzan eragiten dieten hobekuntzak gauzatu ahal izan ditugu urte honetan zehar”. Alkateak azaldu duenez, ekintza horietako batzuk aspalditik udalak hiritarrekin zituen zorrak ziren, beste batzuk, aldiz, jada martxan zeuden proiektuetarako azken bultzada izan dira.
Akordioen urtea
Cristina Labordak aipatu duenez 2024. akordioen urtea izan da. Irungo alkateak adierazi duenez, amaitzear den urte honetan zehar beste instituzioekin elkarlanean hiriaren etorkizunerako garrantzitsuak diren akordioak sinatzea lortu da. Alkateak emandako lehen adibidea, abenduan sinatutako Trenbide Eremuaren Integraziorako hitzarmena izan da. Hiriaren eraldaketa handi baten abiapuntua dela azpimarratu du alkateak: “oraindik lan asko dago egiteko, baina hiriko mugikortasuna hobetzeaz gainera, topoa hiri erdialdetik ezabatzea ahalbidetuko du”.
Bestetik, Cristina Laborda pozik azaldu da Oinaurreko anbulatorioa eraikitzeko Eusko Jaurlaritzarekin loturiko akordioarengatik. Alkateak akordio hau lortu arte galdutako denbora azpimarratu du, proiektua aurreikusi zenetik 10 urte baino gehiago dira eta. Dena den, alkatea 2024. urtean zehar gertatutako jarrera aldaketa txalotu du, hiriko osasun zerbitzu publikoan ematen den arreta hobetzen lagunduko duelakoan. Anbulatorio berriaren eraikuntzari esker, masifikatuta dagoen erdialdeko anbulatorioaren lan karga arintzea espero du Labordak.
2024ak utzitzako azken akordio aipagarria Irun Tentsio Handiko Eremu izendatzeko eskaera onarpena izan da Cristina Labordaren iritziz. Alkateak adierazi duenez, irundarrek aspaldi etxebizitzarekin loturiko arazoak dituzte eta neurri honi esker egoera arintzeko tresnak lortuko dira. Gainera, alkateak gogoratu du udalak martxan duen ekintza planari esker datozen urteetan 1.000 etxebizitza eraikiko direla, hiritarren benetako arazo bati irtenbidea emateko. Izendapena onartu bitartean, Cristina Labordak azaldu du hirian bestelako neurri aringarriak hartzen ari direla, adibidez, merkataritza lokalak etxebizitza bihurtzeko baimenak ematea edo egun eraikita dauden etxebizitzen alokairua sustatzea. Dena den, alkateak aipatu du Irun Tentsio Handiko Eremu izendatua izan arte etxebizitzaren auzian ez dela benetako aldaketa nabarituko, prezio topea jartzeak ahalbidetuko baitu benetan alokairuaren kontrola hartzea.
Hiriko ekipamenduetan hobekuntzak
Cristina Labordak 2024. Urtearen errepasoa egiterakoan, urtean zehar hiria hobetzeko egin diren lanen balantzea egin du. Esaterako, Landetxa auzoa eraldaketa handi baten erdian dagoela aipatu dut, AHT Irunera iristeko Elizatxo hiribideko trenbide gaineko pasabidea eraitsi eta auzoa zatitzen zuen horma ezabatu baita.
Hortaz gain, urtean zehar neurri txikiagoko beste hainbat obra egin eta amaitu direla gogoratu du Irungo alkateak: Anakako Etxeen eraberritzearen 1. fasea, Poxpologile kalearen berrurbanizazio edo Gaztainondo kaleko igogailuaren eraikuntza, besteak beste. Horietaz gain, 2024an hasi eta oraindik amaitzeko dauden proiektuak ere gogoratu ditu: Oiassoko termak berreskuratzeko lanak, Belartzako aparkalekuaren eraikuntza, Emigrazio eraikineko lanak, Ikust Alaiako museoa edo CBA liburutegiaren 2. fasea eraikitzeko lanak.
Mugikortasunari dagokionez, alkateak 2023-27 aldirako hiri-mugikortasun jasangarriko plana (HMJP) martxan dela gogoratu du. Era berean, Irungo erdialdea emisio gutxiko eremu bihurtzeko prozesua hasi dela gogoratu du, “2025ean zehar ordenantza onartu eta indarrean sartzea da asmoa” adieraziz. Gainera, alkateak 2025. urtean Irunbuseko L3, L4 eta hastear den urtean martxan jarriko den L5 lineako autobus elektrikoekin azken frogak egiten ari direla aipatu du.
Ekintzen hiria
Cristina Labordak aipatu duenez, 2024an Irunek “ekintzen hiria” dela erakutsi du beste behin. Ekitaldi aipagarri gisa gogoratu ditu Cristina Labordak Camelaren kontzertua, Korrikaren irteera, Itzulia, Dies Oiassonis erromatar jaialdia eta 2024ko Gabonak. Alkateak, hiri erdialdean antolatutako ekintzez gain, urte osoan zehar auzoetan egindako ekintzak gogoratu ditu, elkarteen lanari esker posible izan direla gogoratuz: “hiri bat guztion artean eraikitzen delako”.
Itxaron-zerrendako zorrak
Irungo alkateak 2025ean zehar eta hurrengo urteetan hiria hobetzen jarraitzeko itxaron zerrendan dauden zorrak ere zerrendatu ditu. Segurtasun eta elkarbizitzari dagokionez, Bizikidetza eta Segurtasun Ituna berretsi dutela gogoratu du Labordak. Hiritarren kezka nagusietako bat denez, alkateak adierazi du “arduratzen eta lanpetzen gaituen gaia da”. Horrela, Cristina Labordak Udaltzaingoa berrantolatu eta hirian udaltzain gehiago izateko beharra onartu du.
Errepideen kasuan, Irunek gabeziak dituela onartu du alkateak. Udan irteera eta itzulera operazioan zehar hartutako neurriek emaitza onak izan dituztela onartu arren, oraindik beste hainbat arazo konpontzeko daudela uste du alkateak. “Horien adibide dira orain dela pare bat aste, jaiegun baten ostean, Behobia inguruan izandako auto pilaketa handiak”, azaldu du alkateak. Zentzu horretan, errepideetan hobekuntzak egin ahal izateko 2025a akordioen urtea izatea espero du Labordak. Irungo alkateak gogoratu du, Hegoaldeko Saihesbidearen 2. eta 3. faseak egiteko daudela oraindik.
Bestetik, urte berrian ere Plaiaundiko instalakuntzak behingoz Txenpereneara lekualdatu ahal izateko urratsak eman ahal izatea espero du alkateak, hasierako akordioa berritzea falta da eta, erakunde bakoitzak proiektuan egingo duen ekarpen ekonomikoa berriro definitzeko. Hala ere, pistak lekualdatzeko Txenpereneako proiektu urbanistiko osoa garatzea beharrezkoa ez dela azaldu du, Anaka-San Miguel eremuan egingo den moduan proiektua faseka egin daitekeelako. Bide beretik, IAM pabilioia eraiki ahal izateko “instituzio guztien akordioa” beharrezkoa dela gogoratu du alkateak. Zentzu horretan, Cristina Labordak aipatu du aurretik aipatutako “proiektu handi eta beharrezko” horiek burutzeko gainontzeko instituzioen lankidetza behar beharrezkoa dutela, bakarrik egin ezin eta egin beharko ez genukeen bidea da” adieraziz. “Alkate bezala nire helburua hiriko kirol klubek beharrezkoak dituzten kirol instalakuntza egokiak izatea bermatzea da eta horretako lanean jarraituko dut”, erantsi du Cristina Labordak. Datorren urtean zehar lortu beharreko akordioei dagokionez, alkateak azaldu du “ez da batzuen eta besteen arteko borroka, guztion artean indarrak batzea izan behar da gure helburua”.
Era berean, alkateak aipatu du 2025eko Udal Aurrekontuen Proiektua onartzeko dagoela, baina, “denbora kontua da eta horri esker hiriari egonkortasuna ematea lortuko dugu”, azaldu du Labordak.