Txomin Eskarmendi Ezkerra, Alarde Publikoko Hatxeroen kaboa:“Beti izan dut jakin-mina arrankada leku horretatik nola bizi daitekeen jakiteko”

Argazkia: Estudio Gover.

Txomin Eskarmendi Ezkerrak 20 urte egin ditu alardean hatxeroen eskuadraren barnean desfilatzen. Aurten ordea, orain arte ezagutu gabeko posizio batetik biziko du, Alarde Publikoko hatxeroen kabo berria baita. Ilusioz espero du Arrankadaren unea, urduritasunak jaiaz gozatzen utziko diolakoan. Txomin Eskarmendik 2024ko Sanmartzialak nolakoak izatea espero duen azaldu digu.

Nolakoak izango dira aurtengo Sanmartzialak?

Printzipioz sekulako ilusioarekin biziko ditut. Ez dakit zehazki nolakoak izango diren, baina argi daukat ilusio handiarekin biziko ditudala. Ahalik eta gehien disfrutatzen saiatuko naiz, ez dakit lortuko dudan, baina nire asmoa hori da.

Nola iritsi da ardura hau zure eskuetara?

Normalean norbait aurkezten da eta gero bozketa egiten da. Hala ere, beste urte batzuetan aklamazioz ere atera izan da jendea. Nire kasuan, oraingoan bigarren edo hirugarren aldiz aurkeztu naiz eta, agian insistentziarengatik izan da, baina oraingoan aukeratu egin naute. Egia esateko, ez zen inor gehiago aurkeztu, beraz, ez zuten aukera handirik ere.

Zergatik erabaki zenuen zure burua hatxeroen kabo izateko aurkeztea?

Urte asko daramatzat alardean hatxero moduan desfilatzen, ia 20 urte. Egia da protagonismoa ez zaidala gehiegi gustatzen, baina beti izan dut jakin-mina arrankada leku horretatik nola bizi daitekeen jakiteko. Hatxeroen kasuan, alardearen ibilbidean baditu oso bereziak diren pare bat momentu eta horiengatik erabaki nuen nire burua kargurako eskaintzea. Gainera, jendeak ere animatzen ninduen, hainbeste urteren ostean jende asko ezagutzen zoaz eta familia bat bihurtzen gara. Uste dut ibilbide bat izan dela.

“Kanpotik ikusita gauzak beste era batera ikusten dira; baina, barnean dagoen jendea ezagutzeak konfiantza ematen dizu”

Beti hatxeroen artean desfilatu izan duzu alardean?

Bai, beti hatxeroa izan naiz, duela 20 urte desfilatzen hasi nintzenetik. Lehenengo kaboa Iñaki Urrusolo izan zen, berarekin urte pare bat egin nituen. Gero Rosario Campo, Mikel Elizondo, Jokin Otegi eta azkenik Eli Rekarte. Beraz, horien atzetik ibili izan naiz beti.

Txomin Eskarmendi hatxeroen eskuadrarekin Junkal elizara jaisten, lehenengo ilaran ezkerretik lehenengoa.

Zeintzuk dira hatxeroen kaboaren betekizunak?

Azkenean, denetarik egitea dagokizu. Afariak edo bilerak antolatzea, izen-emateak kudeatzea, baita beteranoak ere eta bestelako gauzak antolatzea ere. Horretaz gain, alardearen egunean hatxeroen eskuadra antolatzea eta kokatzea eta ibilbidean zehar bestelako gauzak kontrolatzea ere. Arrankadan zain egoteko unea berezia da hatxero batentzat, eta beraz, imajinatzen dut kaboarentzat are bereziagoa izango dela. Bestetik, San Juan plazan Teiroarekin egiten diren mugimenduetan adi ibili beharra dago. Orain arte festan lasai ibiltzen nintzen eta orain adi egon beharko naiz.

Erraza suertatzen ari al zaizu egiteko berrietara egokitzea?

Bai. Nirekin batera, Ainhoa Maritxalar idazkaritza zereginez arduratzen da. Hau da, posta elektronikoa berak kudeatzen du eta beste hainbat gauzez arduratzen da. Gainera, bi edo hiru urte egin zituen aurreko kaboarekin, beraz, berak nik baino hobeto ezagutzen ditu zeintzuk diren eginbeharrak. Ni orain ikasten ari naiz, eta beraz, laguntza hori oso ondo datorkit. Kontrakoa dirudien arren, ekainaren 30ean ez zara hor erdian jartzen bat-batean, hortaz, pixkanaka ikasteko aukera dut. Beraz, eguna iristen denerako kaboagoa izango naizela esango nuke.

Jaiak izanda, erraza izango al zaizu urduritasunak kontrolatzea?

Nik uste urduri ibiliko naizela. Gauza da ea nola kudeatuko ditudan urduritasun horiek. Baina, pixkanaka noa. Bestalde, agintarien batzordeko eta alardeko batzordeko bilerak izango ditugu eta gutxika jendea ezagutzen zoaz, orain arte bistaz bakarrik ezagutzen zenuen jendea. Kanpotik ikusita gauzak beste era batera ikusten dira; baina, barnean dagoen jendea ezagutzeak konfiantza ematen dizu.

Alardearen buruan bakarrik joan arren, atzean izango dituzunen babesa sentituko duzula iruditzen zaizu?

Hori da, asmoa hori da. Lehen ilara horretan konfiantzako jendea eta baita esperientzia duen jendea jartzea. Zer egin behar duzun argi duzu, baina urduritasuna dela eta despisteak gerta daitezke. Dena den, kontuan izan behar da jai bat dela eta erlatibizatu egin behar dela. Hatxeroen babesean ederki zoaz, baina halako batean  aurrean bakarrik zoazela biratu eta San Martzial aldapa guztia zuretzat izateak berezia izan behar du. Pentsatu nahi dut esperientzia ona izango dela.

Hatxeroen babesean ederki zoaz, baina halako batean aurrean bakarrik zoazela biratu eta San Martzial aldapa guztia zuretzat izateak berezia izan behar du”

Txomin Eskarmendi hatxeroen eskuadrako lehen lerroan, ezkerretik lehenengoa.

Hatxeroen eskuadrak ere egiten al ditu entseguak?

Bai, nahiz eta jendaurrean egin ez, hatxeroek ere entseatzen dugu. Kurbak zuzen eman ahal izateko, militar moduan, horiek hartzen ikasi behar da. Egun batean Danborradarekin entseatzen dugu, baina ez kalean; Dunboa ikastetxearen jolaslekuan. Beraz, gureak ez dira beste konpainien kaleko entseguak bezalakoak. Entseguak ekainaren 1ean, 8an, 15ean, 22an eta agian 29an ere egingo ditugu, jendearen eta nola ateratzen denaren arabera. Urtero 10 bat kide berri sartzen dira eta horiei ikasteko denbora eman behar zaie. Aurten 10 hautagai genituen 3 postu betetzeko, beraz, zozketaz aukeratu genituen eta hatxeroen eskuadra jada osatua dugu.

San Martzial egunari begira, ba al dago ilusio bereziarekin espero duzun unerik?

Urtero goizeko 8:00etan geratzen gara EKT elkartean gosaltzeko eta hori eguna ondo hasteko momentua izaten da beti. Jendea agurtzeko eta kokatzen joateko unea izaten da eta kabo bezala momentu horrek asko lagunduko didala uste dut. Bestetik, beti buruan dudan unea Arrankadarena da. Pentsatzen dut hori izango dela zailena, gero gainontzekoak bata bestearen atzetik etorriko dira, lasterketa batean bezala. Beraz, uste dut eguneko lehenengo uneak izango direla politenak eta pozik handiena sufriaraziko didatenak. Arratsaldeko Arrankada beste era batera egiten da, bazkaldu ondoren jada gorputza egokitua duzulako, nahiz eta aurten ez dudan trago gehiegirik hartuko, adi ibili behar dut eta.

“Nahiz eta jendaurrean egin ez, hatxeroek ere entseatzen dugu”

Zer eskatzen diezu 2024ko Sanmartzialei?

Beti bezala, denek ondo pasatzea. Parekidetasunaren aldetik aurrera egiten jarraitzea gustatuko litzaidake, beste pentsamolde bat duen jendearekin ondo eramanez. Beraz, denek elkarrekin ondo pasatzea nahiko nuke, iskanbilarik gabe, Irungo jende guztiak elkarrekin jaiez disfrutatzeko aukera izan dezan.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude