Irungo Udalak Partaidetza Bidezko Aurrekontuen zortzigarren edizioa jarri du martxan

Herritarren Parte Hartzerako ordezkari Mónica Martínezek jakinarazi duenez, dagoeneko abian da partaidetza bidezko aurrekontuen 2022ko prozesua. Zortzigarren edizioa da aurtengoa, eta, berriro ere, udal aurrekontuko 1.500.000,00 euro herritarrentzat erreserbatuko dira.

Aurrekontua bi zatitan banatuko da. Batetik, 1.300.000 euroren erabilera prozesu jeneralistaren bidez erabakiko da, Irunen erroldatutako 16 urtetik gorakoen artean. Bestetik, 200.000 euroren erabilera gazte prozesuaren bidez erabakiko da, 16 urtetik 30 urtera bitartekoen artean. Herritarren Parte Hartzeko ordezkaria den Mónica Martínezen esanetan, “ekimen hau funtsezkoa da Irungo Udalak herritarren parte hartzearekin duen konpromisoaren barruan, eta herritarren eskutik jarraitu nahi dugu, eta haien proposamen, iradokizun eta ideiak bildu, hiria hobetzen segitzeko”.

Proposamenen bilketa
Hiru bide daude parte hartzeko eta proposamenak helarazteko, alegia, online proposamenak egin ditzakete, aurrez aurreko saioetan parte hartu eta proposamenak partaidetza karpetan ere aurkeztu daitezke. Herritarrek udal webgunearen bidez egin ahalko dituzte proposamenak, www.irun.org helbidean irailaren 16tik hilaren 17ra. Aurkezten diren proposamen guztietatik zortzi aukeratuko dira urriaren 13tik 17ra.

Bestetik, aurrez aurreko bi bilera egingo dira, eta, bakoitzean, hiru proposamen aukeratuko dira, guztira sei, azken bozketan sartzeko. Lehena irailaren 15ean egingo da Palmera-Montero guneko 2. aretoan eta bigarrena irailaren 26an izango da Luis Marianoko zentro sozialean.

Azkenik, irailaren 16tik 24ra bitartean, hiriko zortzi lekutan emango da prozesuaren berri, jende asko ibiltzen den toki eta orduetan. Biltzen diren proposamen guztietatik bost aukeratuko dira, atariko online bozketa baten bitartez, eta aukeraturik gertatzen diren bost proiektuak azken bozketan sartuko dira, 2023ko aurrekontu orokorretan sartzen ote diren ikusteko. Informazio puntu horiek zehazki zeintzuk izango diren jakiteko udal webgunea kontsultatu behar da.

Herritarrek aipatutako hiru bideetatik parte har dezakete; alegia, online proposamenak egin ditzakete, aurrez aurreko saioetan parte hartu eta proposamenak partaidetza karpetan aurkeztu, dena batera.
Guztira, azken bozketan sartzeko hemeretzi proiektu aukeratuko dira hiru bideetatik, eta, gainera, Oiaso 2000 Irungo Auzo Elkarteen Federazioak beste bat aurkeztuko du, hiri osorako, Irungo auzo elkarte guztiekin adostutakoa; horrela, guztira, hogei proposamen sartuko dira finalean. Bakoitzaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertu, eta zerrenda bat lehenetsiko da. Udal webgunean argitaratuko da zerrenda, eta, bozketa bidez, herritarrek hura osatzen duten proposamenen artean aukeratu beharko dute zein sartuko diren Irungo 2023ko aurrekontu orokorraren barruan. Proposamen finalistak urriaren 20tik urriaren 26ra bozkatuko dira.

Aurten berritasun gisa internet bidez eta karpetan aurkezten diren proposamenak aukeratzeko atariko bi bozketak batera egingo dira, iaz askoz ere boto gehiago eman baitziren Internet bidez aurkeztutako proposamenak aukeratzeko karpetan aurkeztutakoak aukeratzeko baino.

Gainera, gazte prozesua bereziki sustatuko da, eta online komunikazioa areago landuko da, gazteak egunerokoan gehien erabiltzen dituzten bideetatik erakartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude