Abian da Anakako auzoa itxuraldatzeko plana

Anakako txaleten ingurua berrurbanizatzeko plana martxan da. Auzoan berrurbanizazio planaren lerro nagusiak aurkeztu dira 20.000m2-ko azalera duen auzo eremua berritzeko. Lanek 5 milioi eurotako aurrekontua dute. Otsailaren 23ra arte hiritarren proposamenak jasoko dira udal webgunearen bitartez.

Auzoaren berrurbanizazio plana otsailaren 6ean egin zen Anakako bizilagunen elkartean. Proiektuaren lehen aurkezpenera auzoko 100 bizilagun inguru hurbildu ziren. Aurkezpenean Obren eta Herritarren Parte-hartze arloko ordezkariek planaren lerro orokorrak aurkeztu zituzten. Era berean, bileran parte hartu zuten lehen bizilagunen ekarpenak bildu ziren. Hortaz gain, egun horretatik aurrera internet bidez ekarpen gehiago biltzeko martxan jarritako prozesuaren zehaztasunak azaldu ziren.

Cristina Laborda Obren ordezkariak adierazi duenez, “bizilagunentzat atseginagoak izango diren eremuak sortu nahi ditugu eskuhartze honen bitartez”. Labordak azaldutakoaren arabera, udalak aspalditik Anaka auzoko eremu hau egin beharreko gauzen zerrenda zuen proiektu horietako bat da eta, horregatik, diru inbertsio garrantzitsua egitea erabaki dute. Proiektuko lerro nagusietan zehaztutakoaren arabera, auzoaren irisgarritasuna hobetzearekin batera, horniketa, elektrizitate eta telefono sareak berritu nahi dira. Gainera, kaleetako zuhaitz eta argiteria publikoa ordezkatzea aurreikusten da.

Aurrekariak

Lanak Anakako txalet egiturako etxeek osatutako eremuan egingo dira, XX. mendearen hasieran eraikiak izan zirenak, zehazki, 1925 eta 1936 urteen artean. Eremu honetan kokatutako etxeak laguntza ekonomiko edo interes baxuko maileguen bitartez eraikiak izan ziren langile klasea osatzen zuten familientzat.

SONY DSC

Era honetan, urbanizazioa eraikuntzaren uneko beharrei erantzuteko eraiki zen. Ordutik, auzoaren eremu horretan berrikuntza lan txikiak egin dira, orokorrean, azpiegitura edo zoladura berritu, zabalpen lan handiagoak egitera iritsi gabe. Urbanizazioa osatzen duten kale gehienek ibilgailuen zirkulaziora bideratutako bide nagusi bakarra dute, errepidearen alboetan ibilgailuak aparkatzeko lekuak daudelarik. Eremu horretako espaloiak oso estuak dira eta bertan kokatutako zuhaitz, seinale eta kale-argiek espaloien erabilerarako zailtasunak eragiten dituzte.

Proiektuaren lerro orokorrak

Aurreikusitako lanek errepidea eta espaloiak maila berean uztea aurreikusten dute, koloreen arabera bereiziko liratekeenak. Horrela, bizilagunentzat atseginakoak izango diren eremuak sortzeko helburu nagusiarekin lan egiten da, espaloiak zabaldu eta hondatutako zuhaitzak ordezkatzeko. Hortaz gain, beharrezkoak diren azpiegiturak berritzea eta aire lerroak lurperatzea aurreikusten da. Gainera,  LED erako argiztapen sistema berria ipiniko da aurreztapen energetikoa eta iraunkortasun irizpideak jarraitzeko.

Auzoaren itxuraldaketaren barnean jasotako beste proposamen batek Florencio Iracheta biribilgunea plaza batean bihurtzea aurreikusten du. Horrela, plaza berriak adineko pertsonek ariketa fisiko egiteko tresna edo pergola txiki bat ipintzeko proposamena jaso da.

SONY DSC

Parte-hartzea

Proiektuaren lerro nagusiak aurkeztu ostean, Herritarren Parte-Hartzerako arloak udal webgunean proiektuaren aurkezpena kontsultatu ahal izateko atala prestatu du. Era berean, otsailaren 23ra arte webguneko atal honen bitartez hiritarrek haien proposamenak bidaltzeko aukera izango dute. Fase hau amaitu ostean, jasotako proposamen guztien azterketa egingo da eta proiektua auzora itzultzea aurreikusten da Anakako bizilagunekin partekatzeko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude