Gaur eguerdian Emakumeen Etxearen proiektuari buruzko solasaldia egin da. Ekintza martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako programazioaren barruan zegoen. Solasaldiaz gain, Virginia Imazen “Clowndorioak” emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute bertaratutakoek.
Solasaldia Istillaga Plazan kokatutako karparen barruan egin da. Izan ere, amaitzear den hiriko ekipamendu berria plaza horretan bertako lokal batean kokatuta egongo da. Irungo Udaleko Berdintasun eta Obra arloek joan den astean jakinarazi zutenez, Emakumeen Etxearen eraikuntza prozesua lanen azken fasean sartu da dagoeneko.
Gaur eguerdiko ekitaldiari Irungo Emakumeen Etxea elkarteko ordezkariek hasiera eman diote, Emakumeen Etxea Irunen eraiki ahal izateko prozesuaren errepasoa eginez. Elkarteko ordezkariek partaidetza irekiko prozesuaren garrantzia nabarmendu dute, proiektua errealitate egiten lagundu duten entitate, elkarte eta norbanakoen ekarpenak eskertzeaz gain.
Jarraian, Ylenia Benitok bertaratutakoen iritziak biltzeko antolatu den solasaldian moderatzaile lanak egin ditu. Solasaldian zehar Irunen Emakume Etxea eraikitzeko zergatiaz, etxearen kudeaketa ereduaz, etxearen barnean antolatuko diren ekintzez eta aukeratutako espazioaren egokitasunaz galdetu die bere inguruan biribilean bildutakoei.
Ekitaldira 60 bat pertsona hurbildu dira, gehien-gehienak emakumezkoak. Biribil handi bat osatuz laster errealitate bat izango den Emakumeen Etxeari buruzko ideiak, iritziak eta ekarpenak partekatu dituzte. Guztien artean Emakumeen Etxea nolako izango den imajinatzeko ariketa egin dute. Solasaldian egindako ekarpenetan behin eta berriz errepikatu dute “proiektu ireki” gisa irudikatzen dutela.
Era berean, Irungo Emakumeen Etxea elkarteak dagoeneko 60 bazkide dauzkala jakinarazi dute, egunetik egunera hazten ari den kopuruan. Bide batez, martxoaren 8ko eguerdian egindako ekitaldia baliatuz bertaratutakoak animatu dituzte elkarteko bazkide egitera casadelasmujeresdeirunacmi@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz.
Umore ukituko agurra
Solasaldiaren ostean, Virginia Imazek umore ukituarekin itxi du ekitaldia. Clowndorioak ikuskizunaren bitartez Pausa pertsonaiak Istillagako karpan bildutakoei emakumeen errealitateaz, patriarkatuaz eta ahalduntzearen garrantziaz hitz egin die horretarako algarak eraginez.