Irun Scooter Fest jaialdia ospatu zen urriaren 13an

Ficobako Skateparkean maila altuko patinatzaileak elkartu ziren

Urriaren 13an, larunbatean, Irun Scooter Fest jaialdia ospatu zen Irungo Skateparkean. Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 18:30ak arte trikimailu ikusgarriak ikusi ahal izan ziren Espainia eta Frantzia arteko mugatik hurbil kokaturiko pistan. Txapelketa kategoria ezberdinetan banatu zen eta maila altuko irristalariek parte hartu zuten bertan.

Oarsoaldeko M.K eta Live Style kirol klubek antolatu zuten Ficobako Skateparkeko jaialdia. Angel Portugal txapelketako antolatzaileetako batek azaldu zuen Irun inguruan scooterrarekiko geroz eta afizio handiagoa dagoela ikusita eta Irungo scooter irristalari talde batek eskatuta erabaki zutela txapelketa antolatzea. “Gure klubek Irunen honelako txapelketa bat antolatzen zuten lehen aldia izan da”, gaineratu zuen Angel Portugalek.

“Gure klubek Irunen honelako txapelketa bat antolatzen zuten lehen aldia izan da”

Angel Portugal, txapelketako antolatzaileetako bat

Txapelketak arrera ona izan zuen, izan ere, 80 irristalarik baino gehiagok eman zuten izena internet bidez. Gainera, maila altuko patinatzaileak bildu ziren Ficobako Skateparkean. Marti Samper, Espainiako txapelduna, Alex Gonga, -14 kategorian Munduko Txapelketan 4. postua lortutakoa edo Alex Perez katalana, Munduko Txapelketan 2. postua lortu zuena, besteak beste. “Estatu osoko eta Frantziako irristalariak etorri dira lehiaketan parte hartzera”, azaldu zuen Angel Portugal txapelketako antolatzaileak.

“Estatu osoko eta Frantziako irristalariak etorri dira lehiaketan parte hartzera”

Angel Portugal, txapelketako antolatzaileetako bat

Adin-mugarik gabeko zaletasuna
Goizeko lehen orduko muntaketa-lanen ostean, 10:00etatik 11:00arte izan zen txapelketan izena emateko azken aukera, nahiz eta aurretik izen-ematea internet bidez egiteko aukera egon zen. 11:00tan hasi zen -14 mailako txapelketa, 40 segundotako 2 errondekin. Jarraian, 12:00etatik 13:30etara “Spineko erregea” mailan lehiatzen zirenen txanda izan zen 45 segundotako 2 errondekin.

Bazkaltzeko atsedenaldiaren ostean, 15:00etan 14 urtetik beherakoen finalean lehen errondako lehen 5 sailkatuak lehiatu ziren. 15:30etatik 18:30etara “Bowl erregea” txapelketako parte-hartzaileek 90 segundotako 2 erronda izan zituzten scooter izeneko patinetearen gainean haien trebetasuna erakusteko. Azkenik, 18:30etatik 19:00etara sari-banaketa egin zen. Txapelketa indibiduala izan bazen ere, patinatzaileek taldeak osatu behar izan zituzten “Team battle” saria lortu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude