Irunen ere badu ordezkaritza txirrindularitzak

Udaran arreta gehien jasotzen duen kiroletako bat da txirrindularitza. Frantziako Tourrak pizten duen suari, Donostiako Klasikoak ematen dio jarraipena. Aurten ere, profesionalen tropela eskualdeko errepideetan zehar ikusteko aukera izan zuten zaleek abuztuaren 1ean. Irungo Txirrindulari Elkarteko kideei, aldiz, antolakuntzan lan egitea egokitu zitzaien. “Irungo errepideetan egon ginen bakarrik. Bordako Tontorreko istripuan zer ikusirik ez genuen izan”, argitu du, umorez, Javier Uranga elkarteko presidenteordeak. Opor garaia da orain elkartean, baina laster hasiko dira hurrengo denboraldia prestatzen.

BAIIrunés7

Juanma Garatek erretiroa hartu zuenetik, Irungo txirrindularitzaren ordezkaririk ez dago goi mailan. Hala ere, bizikletaren kirola sustatzeko lan fina egiten jarraitzen dute Irunen. Ez da atzoko kontua, gainera. Aurten, Real Unionen mendeurrenaren harira, argitara atera dira elkarte txuribeltzak XX. mendearen hasieran izan zuen txirrindularitza sekzioaren argazkiak. Txapeldun handiak eman zituen Irunek garai hartan. Ricardo eta Luciano Montero anaiek izan zuten oihartzun handiena, laugarren eta bigarren izan baitziren, hurrenez hurren, Munduko Txapelketan. Txirrindularitzarekiko loturari eutsi zion Real Unionek, Stadium Galen inguruko belodromoa eraiki zutenean.
Gaur egungo Club Ciclista Irunés/Irungo Txirrindulari Elkartea 1969an sortu zen, C.C. San Miguelen lekukoa hartzeko. “Txirrindularitza zale batzuk biltzen hasi ginen, elkarte bat sortzeko asmoz. Nahiko sakabanatuta zebilen jendea, eta bilgune bat behar genuen”, gogoratu du Javier Uranga presidenteordeak. Club Ciclista Irunés izena jarri zioten, XIX.mendearen amaieran izen bereko beste elkarte bat izan zela jakin gabe. “Beranduago esan ziguten beste C.C.Irunés bat egon zela. Bost urteko iraupena besterik ez zuen izan”, azaldu du Urangak. Uranzu kalearen inguruan ibili izan da beti Irungo Txirrindulari Elkartea. Hasieran La Agricola zaharrean, Julio tabernan edo Ventura-Aizpuruaren sotoan elkartzen ziren. Gaur egun Santiago kalean lanean dabilen Xalba Riveraren tailerra ere kanalaren ondoan zegoen. Orain Uranzu kaleko 39.ean du lokala Irungo Txirrindulari Elkarteak.
Harrobiko lana, oinarri
Harrobia sortzeko asmoz jarri zuten mar-txan elkartea. 1973an urrats handia eman zuten, Bidasoako Txirrindularitza Eskola sortu baitzuten, Gipuzkoako Federazioaren babesarekin. Laster eman zituen emaitzak orduan hasitako lanak. Jose Luis Mayoz, Juan Gorostidi eta Jose Antonio Martiarena maila profesionalean aritu ziren ondorengo urteetan. Gorostidi Espainiako Txapeldun izan zen ziklokrosean, Irungo Txirrindulari Elkartearen maillotarekin. Martiarenak Seulgo Olinpiadetan parte hartu zuen, pistan. Elkartean hazitako azken profesionala Juanma Garate izan da. 2014aren amaieran utzi zuen txirrindularitza, azpimarratzeko moduko palmaresarekin. Garateren bilakaera harrigarria izan zela uste du Javier Urangak: “Txikitan ez zuen lasterketarik irabazten. Afizionatuetan hasi zen nabarmentzen. Hortik aurrera, maila handia emateaz gain, mutil azkarra dela erakutsi zuen”.

BAIIrunés8

Gaur egun, esperientzia hori Irungo Txirrindulari Elkarteko gaztetxoei helarazten saiatzen da Juanma Garate. Astean behin elkartzen da haiekin, hitzaldiak emateko. Gaztetxoentzat “luxua” dela gogoratu du Urangak: “Lasterketak irakurtzeko dohaina zuen Garatek. Ea ahalmen hori transmititzen dien, garrantzitsua baita”. Jakina da, baina, lanaren zatirik handiena lokaletik kanpo egin behar izaten dutela txirrindulariek. Errepidean. Horixe da, hain zuzen ere, haurrak erakartzeko oztopo handienetako bat. “10-12 haurrekin errepidera irteteak arriskua dakar”, onartu du Jon Unanue entrenatzaileak. Gurasoak istripuen beldur dira. Hori dela eta, pista baten beharra aldarrikatu du Javier Urangak: “Asko erraztuko luke hastapeneko lana. Udalari eskatu izan diogu, ez baita kostu handiko gauza”. Pistan aritzearen onurak azaldu ditu Unanuek: “Pistan talde batean ibiltzen dakienak, tropelean ez du zailtasunik topatuko. Hori izaten da, hain zuzen ere, txirrindulari askoren arazoa”.
Trialsinak arrakasta izan du
Trialsin modalitaterako, behintzat, Irungo Txirrindulari Elkarteak lortu du behar zuen azpiegitura. Puianako zirkuituan entrena-tzeko eta lehiatzeko aukera dute orain trialsinean ari diren gaztetxoek. Modalitate horretan lortu du azken aldian elkarteak garaipen gehien. “Ez da jende asko aritzen, baina dabiltzan horiek maila handia dute”, azpimarratu du Javier Urangak. Kategoria guztietako txirrindulariak dituzte trialsinean. Errepidean eta pistan, aldiz, jubeniletan amaitzen da Irungo Txirrindulari Elkartearen ordezkaritza. “Afizionatuen talderik ez dugu, txirrindularirik ez dagoelako. Jubenil mailatik aurrera jarraitzea zaila da. Unibertsitatean hasten dira, eta askotan kanpora joaten dira ikastera”, argitu du Javier Urangak.
Irailean ekingo dio Irungo Txirrindulari Elkarteak hurrengo denboraldiari. Asteartetan eta ostegunetan egingo dituzte entrenamenduak, arratsaldeko seietatik aurrera. Hasi nahi duten haurrentzat, irteerak egingo dituzte larunbat eta igande goizetan, urrian hasita. Javier Urangak gonbidapena luzatu du: “Goizeko hamarretan geldituko gara, eta edonor etor daiteke, mendiko bizikletarekin”. Eguraldi txarra egiten duenean, Uranzu pilotalekuan izango dute estalpea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude