Hiru urte dira jadanik Irungo Udaleko etxez etxeko zerbitzuko kudeaketarako enpresa aldatu zenetik. 2010eko urtarrilean Arquisocial izeneko enpresak lortu zuen kudeaketa. Azken urteotan zerbitzuaren egoerak okerrera egin du, bai erabiltzaileei ezarritako baldintzetan, baita langileen lan baldintzei dagokienean ere.
Iazko maiatzean, Udalak tarifen berrikuspena egin zuen eta erabiltzaileek ordaindu beharrekoa aldatu zen, kasu batzuetan %300 ere igo zela. Dependentzia legean ezarritako aldaketek ere eragina izan dute erabiltzaileen baldintzetan, askok prezioak ordaindu ezin dituztelarik.
Bestalde, egiten den zerbitzuaren kudeaketak okerrera jo du izugarri, langileei etengabeko aldaketak aplikatzen zaizkie euren lan ordutegietan eta kudeaketa txarraren ondorioz (beste arrazoien artean) geroz eta ordu gutxiago kontratatzen dituzte erabiltzaileek.
Apirilean enpresak langileen ordezkaritza deitu zuen bilera batera, egun indarrean dagoen Hitzarmenetik deskolgatzeko intentzioa jakinarazteko. Enpresak komunikatu zuen soldata %20an jaitsi nahi duela, joan den urtean jasandako galerak gutxitzeko.
Zuzenean jakinarazi zitzaion Udalari enpresak hasitako murrizketa prozedura, baina langileen ordezkaritzari komunikatu zaio Udalak legalki ezin duela ezer egin; beraz, berriro ere bakarrik daude euren lan baldintzak defendatzeko. Ez daude prest enpresarekin negoziatzeko; izan ere, enpresaren erabaki honek ez du zerbitzuaren egoera konponduko, enpresaren beraren galerak gutxitzea du helburu.
Langileak ELAren laguntzarekin mobilizazioekin hasi dira. Astero kon-tzentrazioak egingo dituzte arazoa gizarteratzeko eta soldaten murrizketa prozesua gelditzeko. Horretaz gain, greba egiteko ere prest daude euren lan baldintzak eta soldata defendatzeko, hori baita zerbitzua defendatzeko bidea.
ELA SINDIKATUA