Otsailaren 15ean eta 22an Martindozenea Gaztelekuak krisi klimatikoaren inguruko eztabaidak hartuko ditu. Irungo gazteek krisi klimatikoaren inguruan duten kezkaren inguruan eztabaidatuko dute,GazteARTEan 2024 Bekaren esparruan. Debate horietan, Irungo 16 urtetik 30era bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute, aldez aurretik QR kode batean ageri den formularioaren bidez izena emanda.
Irungo Udaleko Gazteria arloak antolatutako eztabaida-taldeak Irungo gazteek klimaren arloan dituzten eskaerak, beharrak eta kezkak argituko ditu, eta, horrez gain, gazteek erabakiak hartzeko prozesuetan duten rola aztertuko du.
2024ko GazteARTEan Beka
Iazko edizioko irabazleak Paula Adriana Martínez Bernal eta Constantino Lucas-Baquero Coronado izan dira, biak UPV/EHUko Nazioarteko Garapena eta Lankidetza Masterreko ikasleak. Lan irabazlea, EKOESKOLA IRUN, ekintza klimatikoari eta herritarren parte-hartzeari buruzkoa da, eta helburua da jakitea Irungo gazteek zer behar eta kezka dituzten klimaren alorrean.
Lan-talde horrek honako helburu hauek ditu, besteak beste: kontsulta-prozesu baten bidez jakitea Irungo gazteek zer iritzi, behar eta eskaera dituzten jasangarritasunari dagokionez, eta, horrekin batera, ezagutza eta eraldaketa ekosozialerako ideiak sustatzea eta zabaltzea.
2024ko deialdia Gazteria arloak antolatutako bekaren seigarren edizioa izan da, eta helburua izan du umeak eta/edo nerabeak eta/edo gazteak ardatz dituen ikerketa-ekintzarako proiektu bat garatzen laguntzea. Beka 35 urtetik beherako gazteei zuzenduta dago, eta 8.000,00 euroko aurrekontu-zuzkidura du. Gainera, balioetsi egiten dira ikerketa edo ekintza garatzerakoan Irungo gazteen parte-hartze zuzena eta aktiboa sustatzen duten proposamenak. Guztira, 6 proiektu aurkeztu dira 2024ko deialdira.



