Hiriko ikasgeletako udako geldialdia baliatuz, Irungo Udala Hezkuntza Arloak kudeatzen dituen hiriko ikastetxe batzuetan hobekuntza lanak egiten ari da, Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako Arloaren bidez. Gaur goizean, bi arlo horietako ordezkariek, Gorka Álvarezek eta Sandra Caballerok hurrenez hurren, hedabideen aurrean aurkeztu dituzte hilabete hauetan egitekoak diren lanak, Eguzkitza HLHIn.
Álvarezek adierazi duenez, “ikastetxeko oporraldiek bi hilabete baino gehiago irauten dute, eta ikastetxeek eskolak emateari uzten diote, baina lanak ez du etenik, hiriko ikastetxeak hobetzeko obrak egiteko aprobetxatzen baitugu geldialdia. Aurten, sei ikastetxe publikotan egingo ditugu berauek hobetu eta gaurkotzeko lanak, gune eta zerbitzu publikoak ahalik eta egoera onenean mantentzeko gure konpromisoari erantzuten jarraitzeko, are hiriko ikastetxe publikoetan ere”.
Caballerok nabarmendu duenez, berriz, lanak Hezkuntza Zerbitzuaren eta ikastetxeen arteko urte osoko harreman estuaren emaitza dira: “Ikastetxeekin etengabeko harremanetan gaude, haien beharren berri jakiteko. Udan egiten ditugu inbertsiorik handienak, beharrezkoa baita ikastetxeetan ikaslerik ez izatea, baina ikasturte barruan ere mantentze lan handia egiten dugu. Kontuan izan beharra dago funtzionaltasun kontuengatik ez ezik ikastegi duin, eroso eta atseginak bermatu nahi ditugulako egiten ditugula lanak, beharrezkoa baita irakaskuntza lanen martxa onerako”.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Haurreskolak Partzuergoko haur eskoletan, Helduen Hezkuntzako Ikastetxean, Udal Musika Eskola eta Kontserbatorioan eta Udal Haur Eskolan egiten dira horrelako lanak.
Milioi erdiko aurrekontua
Aurten, Irungo Udalak 500.498,75 euro jarri ditu, hiriko sei ikastetxetan lanak egiteko. Zehazki, honako hauek dira egitekoak diren hobekuntzak:
- Eguzkitzan, eguzkitakoak jarriko dira hegoaldeko fatxadan, udaberrian bero handirik ez izateko.
- Dunboan, Lehen Hezkuntzako eraikineko galdara gela zaharberrituko da.
- Txingudi Ikastolan, Haur Hezkuntzako eraikineko fatxadetako eta korridoreko asfaltozko geruza iragazgaiztuko da, eta zazpi ikasgelatako pareta eta sabaiak prestatu eta pintatuko dira.
- Elatzetan, Haur Hezkuntzako eraikineko patioa egokitzeko proiektua idatziko da, segurua, hezkidetzarako egokia, irisgarria eta inklusiboa eta osasuna sustatzen dutenetakoa izateko moduan.
- Toki Alain, komuna zaharberrituko da.
- Belaskoenean, baldosa, zokalo eta ateak ordezkatuko dira.
Oporretan egiten diren lanez gain, urte osoan, mantentze lan puntualak egiten dira, ikastetxeak ahalik eta egoera onenean mantentzeko.



