Jaizubia Zaldiketa Eskolak asteburu honetan, irailaren 13an eta 14an, 2025eko III. Anagan kopako zaldi-jauzi finala hartuko du. Igandean Sari Nagusia izango da eta 6.000 euroko sariak banatuko dira eskudirutan irabazleen artean. Halaber, maila bakoitzeko lehen sailkatuentzat opariak egongo dira. Finala Euskadiko Hipika Federazioak eta Irungo klubak elkarlanean antolatzen dute.
Itziar Urtizberea Jaizubia Zaldiketa Eskolako presidenteak azaldu duenez, 200 parte hartzaile inguru izango dira lehian. Horien artean Álvaro González de Zárate (Espainiako Hipika Federazioaren 2025eko rankingean 4. postuan dagoena), Kevin González de Zárate (12. RFEHren 2025eko rankigean), Xabier Zabaleta edo Peio Elorduy (13. RFEHren 2025eko rankigean) zaldizko profesionalak egongo dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetatik etorriko dira zaldizko eta amazonak, baita Nafarroa, Errioxa eta Kantabriatik ere. Lehen mailako zaldizkoek eta amazonek ez ezik, probarik txikienetatik dagoeneko nabarmentzen hasi diren zaldizko eta amazona promesek ere parte hartuko dute.
Bestalde, Irungo taldeko kirol zuzendariak, Jose Antonio Niñok, “Kopa honek indar handia du nazioarte mailan eta partaide asko” izaten direla azpimarratu du. “Proba oso lehiakorrak izaten dira eta leku eroso batean gaude, naturaren erdian, eta horregatik jendea animatzen dugu Irunera etortzeko”.
Larunbateko hitzordua 9:30ean hasiko da eta igandekoa ordu erdi lehenago eta altuera desberdinetako jauziak izango dira, 0,50 metrotik 1,30 metrora. Parte hartzaileen etorrera errazteko, ibilgailuentzako aparkalekuak jarriko dira Txingudi Ikastolan eta Urdanibia Jauregiaren inguruan.



