Atzokoak abesbatza 40 urte betetzeko bidean dago

Iturria: Atzokoak abesbatza. Egilea: Jbidasoa.

Atzokoak abesbatzak 40 urte beteko ditu 2025eko otsailaren 23an.  Egun 27 kide dira, baina etorkizunera begira, Atzokoak abesbatzara kide berriak batzeko beharra ikusten dute, abesbatza desagertzera iritsi ez dadin. Martin Muguruza Vega gaur egun Atzokoak abesbatzako presidenteak 10 urte daramatza koruan. Javier Garcia Quiñones zuzendaritza batzordeko kidea berriz, abesbatzaren sortzaileetako bat dugu. Bi kideek Atzokoak abesbatzaren hurrengo hitzorduen berri eman digute.

1985era atzera eginez, nola sortu zen Atzokoak abesbatza?

Javier: Atzokoak taldearen enbrioia Gabonetan abestera atera ohi zen Los Tranquilos elkartearen barnean antolatutako abeslari talde bat izan zen. Koru horren zuzendaria Trankil zen eta Gabonetan eta Santa Agedan abestu ohi genuen. Hortik aurrera, abesbatza horretako bi kideri, aurretik Ametsan abesten aritu ziren Sebastian Urkia eta Txabin Ramosi, ahots baxuko abesbatza bat sortzea bururatu zitzaien. Batzuekin eta besteekin hitz egiten hasi ziren eta horrela sortu zen abesbatza. Hasi eta gutxira kide askok abesbatza utzi zuten, baina, ezagun asko genituenez, jende gehiago biltzea lortu genuen. Zehazki, 1985eko otsailaren 23an sortu zen abesbatza.

Nondik dator Atzokoak abesbatzaren izena?

Javier: Korua izendatzea pentsatzen ari ginen Txabin Ramosen alaba Itziarri Atzokoak izena bururatu zitzaionean. Izan ere, garai hartan oraindik ez ginen orain bezain zaharrak, baina lehenagotik kantatzen genbiltzanak ginela esateko modu bat zen. Ideia hor geratu zen, eta azkenean erabili egin genuen.

Denborak aurrera egin arren, abesbatzak bere helburuari eusten dio, hau da, musikaz gozatzen jarraitzea?

Martín: Bai, noski. Bai sortu zenetik koruan jarraitzen dutenek, bai geroago batu garenok, abesbatzako kide gara abestea gustatzen zaigulako. Egia da lanarekin uztartzea zaila izan daitekeela; horregatik, gehienak erretiratuta gaude eta, ondorioz, gustatzen zaiguna egiteko denbora libre gehiago dugu.

Noiz eta nola entseatzen duzue?

Martín: Gure lokala Uranzu kaleko 6. zenbakian dago. Normalean astelehenero entseatzen dugu bi orduz, 18:00etatik 20:00etara. Data edo emanaldi bereziak hurbiltzen direnean, entsegu gehiago egiten ditugu, adibidez, astelehen eta ostegunetan entseatuz. Hori zuzendariak ikusten duen beharraren arabera izaten da. Maila jakin bat mantendu nahi dugu eta horregatik ez dugu urteko aste bakar bat ere entseatu gabe uzten.

“Kide berriak onartzeko prest gaude, eta abestea gustatzen zaionari gure abesbatzarekin bat egiteko gonbidapena egiten diogu

Martín Muguruza Vega, Atzokoak abesbatzako presidentea

Zeintzuk dira urtetik urtera errepikatzen diren zuen jarduera finkoak?

Martin: Gure kontzerturik garrantzitsuena, Gabonetako kontzertua da, Eguberriak baino egun batzuk lehenago egin ohi dugu, abenduaren erdialdean. Irungo Kontserbatorioko orkestraren laguntza izaten dugu.

Bestetik, bost urte daramatzagu maiatza-ekaina inguruan kontzertu koral bat antolatzen, inguruko abesbatzei parte hartzeko gonbitea eginez. Normalean, haiek egiten digute bisita lehendabizi, eta, gero, gu joaten gara bisita itzultzera. Duela gutxi, Baionan izan gara Xaramela abesbatzarekin, haiek izan baitziren aurreko urtean gure abesbatzen topaketan parte hartu zutenak.

Kontzertu hauetaz gain, auzoetako jaietan ere abesten dugu, adibidez, Behobia, Ama Xantalen edo San Ramon jaietan. Aurten ere hilero hasi gara inguruko adinekoen egoitzetara joaten. Noizean behin, lankidetza eskaerak iristen zaizkigu. Abenduaren 29an IGA abesbatzak antolatu duen kontzertuan arituko gara, Irungo beste abesbatza batzuekin. Gabon hauetan ere hiriko kaleetan eta egoitzetan abestuko dugu abenduaren 24an eta 31n eta Udalak antolatzen duen Gabon Kanten Lehiaketan parte hartuko dugu.

“Orduan, nahiz eta gazte batzuek koruetan abesten duten, abesbatza askotan batez besteko adina oso altua da, gurean adibidez”

Javier García Quiñones, Atzokoak abesbatzako zuzendaritzako kidea

Zein da zuen errepertorioa?

Javier: Batez ere euskal folklorean oinarritzen gara. Kantatzen ditugun abesti gehienak hemengoak dira, baina hau zuzendariak esaten digunaren araberakoa da. Batzuetan, abestiak beste hizkuntza batzuetan ere abesten ditugu, italieraz adibidez, baldin eta zuzendariak uste badu erraza dela eta ondo egin dezakegula.

Egungo kideez gain, ba al duzue tokirik abeslari berrientzat?

Martin: Une honetan 26 gara eta gure zuzendaria Robert Estagnan da. Hala ere, kide berriak onartzeko prest gaude, eta abestea gustatzen zaionari gure abesbatzarekin bat egiteko gonbidapena egiten diogu. Horretarako ez da beharrezkoa aldez aurretik prestakuntza korala izatea, garrantzitsuena abesteko eta ikasteko gogoa izatea da. Azkenean, kultura jarduera batean laguntzeko modu bat da.

Javier: Abesbatzako kideak izan arren, ez gara entseatzen eta abesten bakarrik aritzen. Oso giro ona dugu, eta, beraz, beste jarduera mota batzuk ere antolatzen ditugu, hala nola urtebetetzeak taldeka ospatzeko askariak. Jarduera horiei esker, giro on horri eutsi diezaiokegu abesten gozatzen dugun bitartean.

Koruetan belaunaldi berrien falta nabaritzen duzue?

Javier: Zaila da, abesbatza batekin entseatzera joateak konpromisoa eskatzen baitu. Gazteen kasuan, bestelako lehentasunak izaten dituzte. Orduan, nahiz eta gazte batzuek koruetan abesten duten, abesbatza askotan batez besteko adina oso altua da, gurean adibidez. Beraz, erreleboaren gaia korapilatsua da, eta zerbaitetan eragingo du, noski, jaiotza tasa gu jaio ginenarekin alderatuta jaitsi izanak ere. Gaur egun, gainera, kirol eta kultur jarduera asko daude aukeratzeko. Gure kasuan, gu baino jende gazteagoa sartzen hasten ez bada, zaila izango da.

Martin: Esandakoa, jendea gu ezagutzera hurbiltzera gonbidatzen dugu eta ez daitezela beldurtu musika ezagutzarik ez izateagatik. Asko izan gara horrela hasi garenak eta hemen jarraitzen dugunak.

Urrunago joan gabe, datorren urtean abesbatzak 40 urte beteko ditu. Hasi al zarete ospakizun ekitaldiak antolatzen?

Oraindik ez dugu ezer zehaztu. Bai, kontuan dugu eta lehen ideiak sortzen hasi dira. Argi dugu ospakizun bereziren bat egin nahi dugula. Nolanahi ere, jarduerak zehazten ditugunean, komunikatuko ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude