Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak jakinarazi du proiektu pilotu bat jarri duela martxan adinekoen bakardade eta isolamendu egoerak hauteman eta horien aurrean jarduteko hiriko hiru auzotan, zehazki, Katean, Lapitzen eta Artian.
Zerbitzuaren onuradunak zahartze aktibo eta osasungarrian interesa daukaten pertsonak izango dira, edo beren sare soziala handitu nahi dutenak. Hiru auzo horietako batean bizi behar dira, eta 60 urtetik gora izan. Zerbitzu pilotu hau «isolamendua prebenitzeko Udalaren programaren» parte da.
Taldeko tailerretan sartu aurretik, Amagoia Caballero zerbitzuko psikologoak bilera egingo du parte-hartzaileekin, zerbitzuak beren beharrei erantzuten dien ikusteko. Era berean, eta beharrezkoa balitz, auzoan eta Irunen eskura dauzkaten baliabide sozialen berri emango die.
Taldeko tailerrak astean behin egingo dira elkarte bakoitzean. Funtzio kognitiboak eta gaitasun sozialak lantzeko xedea izango dute, bai eta parte-hartzaileen sare sozialak zabaltzekoa ere:
- Artiako auzo-elkartea: astelehenetan, 11:45etik 13:15era.
- Elitxu auzo-elkartea: astelehenetan, 16:00etatik 17:30era.
- Kateko auzo-elkartea: astearteetan, 10:30etik 12:00era.
Tailerretan askotariko ekintzak egingo dituzte:
- Dinamika eta joko parte-hartzaileak.
- Banako ariketak, memoria, arreta, hizkuntza, espazioko orientazioa eta gisakoak lantzeko.
- Parte-hartzaileentzako jarduera esanguratsu edo interesgarriak, beren garapen sozioafektibora bideratuta.
Izena emateko, zuzenean dei dakioke programa dinamizatzen duen Amagoia Caballerori, 673 02 19 94 telefonoan. Zerbitzua doakoa da.