Txingudi Errugbi Klubak Emakume Errugbi Eguna ospatu berri du Plaiaundiko zelaian, baloi obalaren kirolean emakumeen errealitatea eta hazkundea aldarrikatuz. Adin ezberdinetako 60 emakume inguru bildu ziren saioan, jolas ezberdinen bidez errugbia ezagutzeko eta giro bikainean ohiko hirugarren denbora partekatzeko (Fano taberna, Bodegon Elizatxo, Bar Isabel, Marrubi goxoki denda eta Brioche Pasquier-en laguntzarekin).
Alba Saiz antolatzaile eta emakumezkoen senior taldeko entrenatzaileak azpimarratu duenez, “errugbia neskentzako kirola ez dela esan izan digute beti, baina horrelako jardunaldiek kontrakoa erakusten dute: gero eta emakume gehiago gara klubean jokatzen, dela eskolan, senior taldean edo sortu berri dugun amen taldean”.
Hurrengo erronkak
Emakumeen jardunaldi arrakastatsu honen ondotik, Txingudi Klubak ekitaldiz betetako asteburu berri bati egingo dio aurre. Igande honetan, urriak 4, errugbi eskolen denboraldiko topaketa nagusia egingo da Hondarribiko hondartzan (Iterlimen); bertan, Gipuzkoa, Nafarroa, Araba zein Errioxako 8 eta 11 urte bitarteko 300 haur baino gehiago elkartuko dira 10:30etik aurrera zortzi zelai ezberdinetan.
Bestalde, larunbatean, urriak 3, 2026/27 Euskal Ligari ekingo diote 16 eta 18 urtez azpiko taldeek Donostian (Donostia Balezaleak taldearen aurka), baita emakumezkoen senior taldeak ere, azken hauek Bilbon Uni Bilbo B-ren aurka neurtzeko indarrak.



