Txingudik Emakume Errugbi Egunaren edizio berria antolatu du larunbaterako Plaiaundin

Argazkia: Emakumezkoen taldearen partida baten irudia (Egilea: Fermin Garaioa).

Txingudi Errugbi Taldeak emakumezkoen errugbia ardatz izango duen Emakume Errugbi Eguna antolatu du datorren larunbatean Plaiaundiko zelaian. Ekitaldia 11:00etan abiatuko da ate-irekierarekin, eta 8 urtetik aurrerako neska zein emakume guztiei dago irekia, adina edo aurretiko esperientzia edozein dela ere. Goizean zehar errugbi-jolasak, tailerrak eta plakajerik gabeko ‘tokatak’ edo partida egokituak egingo dira, 14:00etan hirugarren denborarekin jaialdiari amaiera eman aurretik.

Ekimenaren helburu nagusia estereotipoak hautsi, emakumezkoen kirola sendotu eta erreferente berriak sortzea da, Brioche Pasquier, Bar Fano, Bodegon Elizatxo, Bar Isabel eta Marrubiren babesarekin.

Klubeko gainerako konpromisoak

Bitartean, klubeko gainerako taldeek ere konpromiso garrantzitsuak izango dituzte asteburuan. Zaisa Txingudi gizonen senior taldeak Toci kopako lagunarteko partidua jokatuko du Donostian, Atletico San Sebastianen aurka, Aieteko zelaian (larunbatean 16:00etan). Harrobiko taldeei dagokienez, 16 eta 18 urtez azpiko mailakoek Bera Bera izango dute aurkari Puioko zelaian larunbat goizean (11:00etan eta 12:30ean, hurrenez hurren), eta 14 urtez azpiko taldeak Arrasaten abiatuko du denboraldia igandean, zazpiko errugbiko topaketa batekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude