Txingudi Errugbi Klubak 2025/26 denboraldiko lehiaketei amaiera emango die asteburu honetan jokatuko dituen azken partidekin. Senior taldeek ligako konpromisoak amaitu dituzte jada, baina lagunarteko bana jokatuko dute Plaiaundin datozen egunotan. Harrobiko taldeek ere ligetako azken jardunaldiei aurre egingo diete, eta beteranoek Logroñoko topaketan parte hartuko dute.
Zaisa Txingudik ostiral arratsaldean jokatuko du, 19:30etik aurrera, Parisko Les Implacables taldearen aurka. Talde frantziar hori Île-de-France eskualdeko enpresen arteko ligan aritzen da, eta Euskal Herritik egiten ari diren itzulia aprobetxatuz antolatu dute Txingudiren aurkako norgehiagoka hau. Bestalde, Biok Txingudi taldeak Kataluniako bigarren mailako txapelduna izan den CEU Barcelona taldearen bisita jasoko du, kasu honetan larunbatean arratsaldeko 16:00etatik aurrera jokatuko den partidan.
Harrobia eta beteranoak lehian
Harrobiari dagokionez, asteburu honetan etxean jokatuko duen talde bakarra Txingudi, Orereta eta Baztanek osatutako 16 urtez azpikoa izango da, larunbatean 12:30ean Plaiaundin Hiruherriren aurka neurtuko baita. Gainerako gazteek Iruñera bidaiatuko dute La Unicaren aurka aritzeko; 18 urtez azpikoek goizeko 10:00etan jokatuko dute, eta 14 urtez azpikoen partida 11:30ean hasiko da hiriburu nafarrean.
Horrez gain, beteranoen taldeak ere jardunaldia izango du, Logroñora joango baitira bertan urtero egiten den errugbi topaketan parte hartzeko. Denboraldiari amaiera borobila emateko asmoz, klubak Txingudi Errugbi talde ezberdinen argazkiak plazaratu ditu azken egun hauetan, kirol urte honen ibilbidea borobilduz.



