Bidasoa XXI taldea, igeriketaren gailurrean

1988an sortu zen Irungo igeriketa talde hau, eta harrez geroztik dominak eta aipamenak bata bestearen atzetik etorri dira. 250 igerilari ditu gaur egun bere lerroetan Bidasoa XXI igeriketa taldeak. Estatu mailan erreferente den talde honen etorkizuneko helburu nagusiak honako hauek dira: egunero hobetzen jarraitzea eta orain arteko emaitza onei eustea.

 

IGERI04399
Bidasoa XXI taldea igeriketa munduan erreferente bat da Euskadin eta Estatuan. Azken urteetan igerilariek eta entrenatzaileek egindako lan bikainari esker, eskarmentu handiko klub hau igeriketaren maila gorenean dago. Emakumezko igerilariek zerikusi handia izan dute horretan. Hala ere, egun, gizonezkoen sekzioa emakumezkoena baino emaitza hobeak lortzen ari da.
Sekzio berrizalea
Igeriketa arloa jorratzeaz gain, nahiko berria den waterpolo sekzioa ere badu taldeak. Javier Iguiñiz klubeko zuzendari teknikoak primeran gogoratzen ditu haren hastapenak: “Orain dela hamar bat urte, igerilari ohi ba-tzuek waterpolo taldea sortzea erabaki zuten, ur kirolekin harremana ez galtzeko. Uste zutena baino arrakasta handiagoa izan zuen haien ideiak eta Bidasoa XXIen barne sartzea erabaki zuten, dena hobeto koordinatu ahal izateko”. Nahiz eta hasieran mutilen sekzioa soilik izan, aurrerago neskek ere euren taldea sortu zuten.

IGERI1773
Igerilari gazteen harrobi
Igeriketa sekzioari dagokionez, Bidasoak igerilari lehiakorrak ditu: Markel Alberdi, Yerai Lebon eta Oskitz Aguilar, besteak beste, eta denboraldi honetan haiek lortutako emaitzak ezin hobeak izaten ari dira. “Euskal Herriko Kopa irabazi dugu, Markel Alberdi Europako Txapelketarako sailkatu da eta Espainiako Txapelketan podiumera igotzeko aukera izan dugu. Bestalde, emakumeen sekzioan belaunaldi berritzea gertatzen ari da oraintxe bertan” dio Javier Iguiñizek.
Yerai Lebonek, Bidasoa XXI igeriketa taldeko gizon indar-tsuenetakoak, Espainiako Udako Txapelketan denborak hobetzea du denboraldi honetako helburu nagusietako bat. Nork esango zion futbola gustuko zuen haur hari hain urrun iritsiko zela? “Igeriketan hasi nintzenean, ez zitzaidan gehiegi gustatzen. Futbola nahiago nuen. Baina denboraren poderioz, klubeko giroa eta bidaiak zirela eta, ikaragarri gustatzen hasi zitzaidan”. Markel Alberdi taldekidearen hastapenak ere oso bereziak izan ziren. “Hainbat kiroletan txarra nintzen eta kirol indibiduala zelako hasi nintzen igeriketan. Bertan ez nuen inor oztopa-tzen. Ni bakarrik erlojuaren kontra lehiatzen nintzen eta pixkanaka-pixkanaka mundu honek erakarri ninduen”.
Iaz Munduko Txapelketan egondako igerilari gazte honek oso argi du bere hurrengo erronka: “Joko Olinpikoetarako sailkapena lortzea nahiko nuke”.
Javier Iguiñizen ustez, igeriketa eskari handiko kirola da, “bizitzarako oso baliagarriak izango zaizkizun balioak bereganatzen baitituzu”. Markel Alberdi ere honekin bat dator. “Igeriketa bizi estilo bat da. Diziplinatua eta umila izaten erakusten dizu”.
Gauzak horrela, etorkizunera begira Euskadin eta Estatuan puntako igeriketa taldea izaten jarraitu nahi du Bidasoa XXI igeriketa taldeak.

Informazio gehiagorako:
Web orria: www.bidasoa21.org
Telefonoa: 943.63.02.11

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude