
Noelia Lorenzo idazleak bere azken eleberria argitaratu berri du. “Animales heridos” titulua ipini dio bere azken lanari, guztira bost eleberrik osatutako sagari amaiera emateko. Horrela, Eider Chassereau agentearen eta Jon Ander Macua ofizialaren abenturen azken atala idatzi du. Lana argitaratuta, idazle irundarrak aurkezpen ekitaldietan murgilduta dagoela azaldu du.
“Animales heridos” liburua publikatu ostean, zeintzuk izan dira lehen erreakzioak?
Jada lehen aurkezpen ekitaldiak egin ditut eta, egia esan, oso pozik nago. Esaterako, lehen aurkezpena azaroaren 26an Irungo CBA Liburutegian egin nuen. Liburutegiak utzitako gelan 70 pertsonentzako lekua utzi ziguten eta oso pozgarria izan zen aretoa bete zela ikustea. Donostian, Durangon edo Bilbon ere izango ditut liburuen sinadurak. Beraz, aje handiko egunak datoz.
Liburu berria aurrez aurre aurkeztu ahal izatea eskertzen duzu?
Bai, badirudi azkenean normaltasunera itzuli garela, baina ez erabat. Nire aurreko eleberria, “La estrella de quince puntas”, aurkeztu nuenean aretoetako edukierak egungoak baino murriztuagoak zeuden. Nobela hori etxeratze agindua iritsi baino astebete lehenago argitaratu zen. Beraz, liburuaren aurkezpen ekintzak goizetik gauera bertan behera geratu ziren, programatutako aurkezpen asko bainituen eta dena bertan behera utzi behar izan bainuen. Egia da zerbait egin nuela online, baina ez da aurrez aurre egitea bezalakoa. Liburua argitaratu ondoren, lau hilabete itxaron behar izan nituen lehen aurkezpena aurrez aurre egiteko. Garai hartan, edukiera oso txikia zen, eta bakarren bat 12 pertsona eskasekin egin zen. Horrek aurkezpenetako giroa hotzagoa izatea eragin zuen. Oraindik erabat normaltasuna berreskuratu ez dugun arren, lehen genuen egoerara hurbiltzen ari gara pixkanaka.
Gabonak, salmentei dagokienez, data garrantzitsuak izango dira idazleentzako?
Bai, aukera aprobetxatu behar da. Izan ere, lehen aldia da liburu bat argitaratzen dudala garai honetan. Gabonak baino lehen denez, salmentak asko handitu daitezkeen data garrantzitsua da. Horregatik, uste dut beharrezkoa dela liburuari merezi duen sustapena ematea, jaiegunak iritsi baino lehen.
Bost nobelek osatutako sagaren amaiera da. Non dago irakurleak erakartzeko sekretua?
Egia esan, ez dakit. Uste dut zerikusi handia duela kontatzeko moduak, oso zuzena bainaiz, eta ez ditut gauzak xehetasun gehiegirekin deskribatzen. Nire liburuek elkarrizketa zati luzeak izan ohi dituzte eta oso zinematografikoa da idazten dudan guztia. Hainbeste eleberriren ondoren, hurbiltasunezko lotura sortzen da irakurleekin. Jendea hasi zait esaten pena handia ematen diela saga bukatzeak eta pertsonaiak faltan botatzeak. Batzuek sentitzen dute lagunak bezalakoak direla, eta denoi ematen digu pena agur esateak. Nire asmoa ez zen txikle bat bezala luzatzea, horregatik gero arte esatea erabaki dut eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den. Istorio horrekin gelditzeko unea dela iruditzen zait.
5 eleberri eta gero, normala al da jendeak pertsonaiekin enpatia izatea?
Harrigarria da. Irakurleek pertsonaiekin batera barre, negar eta sufritu egiten dutela ikusten dut. Duela gutxi, Murtziatik, maitasun handiz idatzitako aipamen bat bidali zidaten, itzuli arte behar zuten denbora itxarongo zutela erabakiz. Oso hitz politak eskaintzen dizkidate niri, baita pertsonaiei ere.
Beste behin ere, ekintzaren zati bat Irundik gertu garatzen da. Hori erakargarria da tokiko irakurleentzat?
Bai, nik uste dut irakurleek asko eskertzen dutela istorioa kokatzea eta horrek beste modu batera bizitzeko aukera ematen diela. Ekintza bakoitza non gertatzen den jakitean, irakurleak gai dira, adibidez, erreka bakoitzak zer usain duen jakiteko. Azken eleberri honetan Txingudiko badia asko aipatzen da. Izena irakurtzearekin bakarrik, irudia gure buruan agertzen da. Gure ingurua inoiz bisitatu ez duten irakurleek ere eskertzen dute gure bazterrez hitz egitea, horrek bidaiatzeko eta inguru berriak ezagutzeko aukera ematen baitie. Beraz, uste dut bi aldeei gustatzen zaiela.
Presio handia al da istorio baten amaiera idatzi behar izatea?
Egia esaten badizut, pixka bat presionatuta sentitu naiz. Hobeto esanda, zaurituta sentitu naizela esango nuke, “Animalia zaurituak” delako eleberriaren titulua eta nobelaren amaiera idatzi behar nuela nekielako. Gogorra izan da pixkanaka pertsonaiei agur esatea, eta, beraz, nobela osoa agur esateko ariketa izan da. Negar asko egin dut azken kapitulua idazten, trama nahiko gogorra baita, eta agurra, gainera. Idazten nuen bitartean, uste dut gehien negar egin dudan nobela dela.
Zer sentitzen duzu jendeak azkar batean irakurri duela esaten dizunean?
Alde batetik, asko pozten zara. Sinestezina dirudi jendeak egun bat bakarrik behar izatea zuk idazteko urte eta erdi behar izan duzun zerbait irakurtzeko. Hala ere, amaitutakoan, hurrengoa eskatzen hasten dira.
Zailtasun berezirik aurkitu duzu azken liburu hau idazterakoan?
Amaierak beti izaten dira alderdirik neketsuena. Dena lotu beharra dago liburua amaitu aurretik eta batzuetan ez da erraza konponbidea aurkitzea. Uste dut hori dela gehien kostatzen zaidana.
Asko kostatu zaizu etapa hau ixtea?
Bai. Jada aurrekoekin loturarik ez duen beste liburu bat idatzi dut eta, hala ere, ezinezkoa izan zait Eider eta Jon Ander ez aipatzea. Beti hor egongo direla sentitzen dut. Burua etengabe martxan daukat eta jada beraientzako beste istorio bat bururatu zait, baina ez dut uste une egokia denik istorio horrekin jarraitzeko. Ikusiko dugu zer gertatzen den hemendik urte batzuetara.
Zein beste proiektu dauzkazu eskuartean?
Proiektuak ditut datorren urterako. Dagoeneko idatzita neukan eleberri honekin ari naiz lanean, zuzenketak egiten. Teorian datorren urtean aterako naiz, baina ez didate asko hitz egiten uzten. Telebistarako gidoi bat idazteko proposamena ere badaukat.
Genero beltza lantzen jarraitzeko asmoa duzu?
Polizia eleberriak idazten jarraitu nahi dut. Irakurtzen dudana eta idazten dudana da, haur literatura
kenduta. Istorio berria Euskal Herrian kokatzen da, Irungo komisarian. Protagonistak bi emakume Ertzain dira.