Jon Imanol Garmendia, All4Movil: “All4Movil-en telefoniarekin dirua, denbora eta lasaitasuna aurrezteko aukera eskaintzen dugu”

All4Movil telefonia eta telekomunikazioen sektorearen inguruan lan egiten duen enpresa da. Enpresaren egoitza Irungo Puiana auzoan kokatuta dago eta bezeroen beharretara hobekien egokitzen diren telekomunikazio zerbitzuak kontratatzeko helburuarekin lan egiten dute. Jon Imanol Garmendiak azaldu duenez bezeroen arazoak konpondu eta haien gogobetetasuna helburu dutela lan egiten dute All4Movil-etik.

Noiz eta nola sortu zen All4movil?
Udaletxeak Sindikalean ikastaro bat antolatu zuen eta hortik telefonia enpresa eta zerbitzuekin oso konforme ez zegoen talde txiki bat osatu genuen. Bezero bezala engainatuak sentitzen ginen eta ez geunden batere pozik jasotako tratuarekin. Hortik aurrera operadoreek nola lan egiten duten ezagutzen joan ginen, kontratuetan eskainitako zerbitzuak eta baldintzak ikertzen, erabiltzaileei laguntzeko asmoz. Egia esan, 8 urte daramatzagu eta jendeak geroz eta gehiago laguntza eskatzen digu kontratazioak, faktura erreklamazioak edo konfigurazioak egiterakoan.

Erraza izan zen orain dela 8 urte honelako negozio bat hastea?
Ez, egia esan, zailtasun ugari izan genituen. Orokorrean, jendeari nagitasuna eragiten diote honelako zerbitzuen gestioak, jendeak ez ditu telefonoa kontratuen atzean ezkutatzen diren tarifa, prestazioak edo baldintzak guztiz ulertzen. All4movil-en bezeroei aholkularitza zerbitzua eskaintzen diegu.

Telefoniarekin loturiko buruhausteei irtenbide azkarra ematen diezue?
Bai, ez dugu dena jakin behar, hau da, garrantzitsuena dakienaren telefono-zenbakia izatea da. Gu telefonia arloan jakitunak garela esan daiteke, esperientzia handia daukagu eta telefonia konpainiek ez gaituzte gainontzeko bezeroei bezala zorabiatzen.

Zerbitzuak kontratatzerako orduan aholkularitza eskaintzen diozue bezeroari?
Bai, batez ere, guregana etorri ohi diren bezeroak denbora luzez arazoak izan dituztelako edo arazoa areagotu denean izan ohi da. Horrela, bezeroek arazo guztiak konpontzeaz gainera, tarifan aurreztea lortzen dugula ikusten dutenean aurrerantzean gure zerbitzuak kontratatzen jarraitzen konbentzitzen ditugu. Hasieran jendeak ez gaitu ezagutzen, baina, gero eskaintzen ditugun soluzio eta aukera ezberdinekin liluratu egiten dira.

Zuek bezalako bitartekari batekin prezioa zein kontratuaren baldintzak hobetzea posible da?
Langile guztiek bezala, gure lanak bere kostea du, baina, urtean zehar segituan amortizatzen da. All4movil-en telefoniarekin dirua, denbora eta lasaitasuna aurrezteko aukera eskaintzen dugu.

Enpresa martxan jarri zenutenetik, sektorea asko aldatu da?
Sektore nahiko lineala dela esan daiteke, hau da, urteak joan eta urteak etorri arren, aukeran dauden zerbitzu motak nahiko antzekoak dira, aldaketa handirik gabe. Dena den, kontratuaren baldintzetan eta eskainitako zerbitzuetan aldaketak egon daitezke. Azken urte hauetan gehien aldatu dena marketina eta teknologiak izan dira. Izan ere, ezinezkoa da orain dela 8 urteko telefonoak gaur egungo telefonoekin alderatzea. Zentzu horretan, zenbait belaunaldietan gailu berri hauetara egokitzeko prozesua burutu ez denez, telefonoak eskainitako aukera aprobetxatzen ikasteko ikastaroak eskaini ditugu.

Pandemiak telefonia eta teknologia berrien garrantzia agerian utzi du?
Entretenimenduaz aparte, egun mugikorra beste zenbait gauzetarako erabili daiteke. Komunikazioaren erdigunean dago, telelana edo teledeiak bezalakoak ahalbidetuz. Mugikorra, mundu bat baino gehiago, unibertso oso bat dela esan daiteke eskaintzen dituen aukera guztiengatik.

Zein motatako ikastaroak eskaintzen dituzue?
Maila desberdinetako ikastaroak ditugu. Oinarrizko mailakoetan egutegia, alarmak edo bestelako oinarrizko funtzionalitateak erabiltzen irakasten dugu. Hurrengo maila batean aplikazio zehatz batzuk erabiltzen edo publizitate iragarkien agerpena kontrolatzen irakasten dugu. Aldiz, maila altueneko ikastaro gutxi eskaintzen ditugu, izan ere, Youtuben gai oso konkretu horiek azaltzen dituzten bideo asko daude edonoren eskura. Mugikorraz gainera, telebista arloarekin loturiko formakuntza eskaintzen dugu ere.

Eskainitako zerbitzua guztiz pertsonalizatuta dagoela esan daiteke?
Hori da, bezero bakoitzak behar eta nahi ezberdinak dauzka. Bezero gazteenen nahia aurreztea da, familiek haurrentzako programak dauzkaten telebista zerbitzuak bilatzen dituzte edo adinekoek telefono eta internet zerbitzu oinarrizkoenarekin konformatzen dira. Enpresekin berdin gertatzen da, enpresa motaren arabera beharrak ezberdinak dira eta gu behar horietara egokitzeko ahalegina egiten dugu. Txingudi badian Frantziarekin harreman estua dugu, beraz, kasu horretan ezberdina izango da konpainia bat edo bestearen zerbitzua kontratatzea.

Nola moldatzen zarete bezero berriak erakartzeko?
Sare sozialetan gaude eta, hortaz gain, gure inguru hurbilean lan egiten dugu batez ere. Bulegoa Puiana auzoan kokatuta dugu eta jendeari guri bisita egin eta zalantzak argitzera hurbiltzea aholkatzen diogu. Izan ere, lehen zerbitzua debalde eskaini ohi dugu, nor garen eta nola lan egiten dugun ikus dezaten. Azken finean, bezeroen onurak bilatuz lan egiten dugu.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude