2019 bizipen ezberdinentzako urtea izango da Paco eta Junkal Carrillorentzat. Izan ere, Paco Carrillo 2016tik dabil jeneral lanetan Alarde Tradizionalaren barnean, beraz, kargua aski menderatuta dauka. Aurtengoa, ordea, urte berezi izango da, izan ere, Junkal, bere alaba, Buenos Amigos konpainiako kantinera izango baita eta alardean parte hartuko du lehen aldiz. Biontzat 2019 urteko sanmartzialek ukitu berezia izango dute betirako.
Nola jaso zenuten aurten familian kantinera bat izango zenutenaren berria?
Junkal: Biak etxean geunden tinbrea jo zutenea. Atea nik ireki nuen eta atzera begiratu nuenerako mundu guztia negarrez zegoen jada. Aita nirekin zegoenez momentuan bertan jaso zuen albistea.
Paco: Hainbat urteetan kantineren etxeetara berri ona ematera joatea egokitu zaidanez egoera kontrolatzen nuela uste nuen, baina, beste aldean zaudenean ez du zerikusirik. Une horretan bizipen asko etortzen zaizkizu burura eta horixe da hain zuzen ere alardearen esentzia, alardea sentimendu hutsa baita.
Aita jenerala izan baino lehen, nola bizitzen zenuten alardea etxean?
Junkal: Aita jenerala edo kapitaina izan baino lehen sanmartzialak etxean asko bizitzen genituen ere. Entsegu guztiak ikusten nituen, arma ikuskatzeak ere eta txikitatik San Martzial eguneko diana entzuteko altxatu izan naiz.
Nola bizi izan zenuen aita alardeko jenerala izango zela jakin zenuenean?
Junkal: Hasieran nahiko arraroa izan zen, azken finean, nire aita da eta arraroa egiten zitzaidan jeneral lanetan bera ikustea. Hala ere, zoragarria izan da.
Jeneral gisa, nola espero dituzu aurtengo sanmartzialak?
Paco: Sekulakoa izango da. Bakoitza bere zereginetan ibiliko da, baina, dena emango dugu alardea ondo egiteko. Hortaz gain, asko disfrutatuko dugula uste dut.
Egun berezi hauetan uneoro elkarrekin egoteko aukera izatea gustatuko litzaizueke?
Junkal: Ez, gauza bakoitzak bere momentua du, berak zaldi gainetik biziko du eta nik leku ezberdin batetik ikusiko dut bera. Gainera, ondoan eramateko ezagun gehiago dauzkat, hala nola, neba, lehengusuak eta osabak, beraz, haiek tartekatuko ditut.
Paco: Bai, apur bat, sekulakoa izango zelako, baina, aldi berean, ezinezkoa da pena bezala deskribatzea une horietan leku pribilegiatu batean egongo bainaiz eta espaloitik baino hobeto ikusteko aukera izango dut eta. Hortaz gain, ni sarjentua nintzenean eta bere ama kantinera atera zen urteko oroitzapen asko datozkit burura eta beste era batera bizitzeko aukera izango dut.
Arma ikuskatzeen eguna, ekainaren, 29an, berezia izango da biontzat?
Paco: Nik gertatuko dena ez pentsatzea nahiago dut. Ziur nago momentua gozatua eta gauza zoragarria izango dela. Izan ere, nahiz eta asko pentsatu, gero gauzak beste era batera gerta daitezkeelako.
Junkal: Aitak bezala nik ez pentsatzea nahiago dut. Ikusiko dugu nolakoa izango den, baina, ziur nago une oso hunkigarria izango dela, gainera, lehen aldiz barnetik biziko dudan unea da eta.
Aitak aholku edo gomendioren batekin lagundu zaitu?
Junkal: Bai, aholku asko ematen dizkit, disfrutatzeko esanez, segituan pasatzen dela eta bizitzan behin bakarrik gertatzen delako. Bestetik, botak erabiltzeko edo antzeko bestelako aholkuak ematen dizkit ere.
Paco: Nik tarteka zerbait esaten dut, aukera dudanean, izeba eta lehengusinek uzten nautenean. Gainera, haiek nik baino hobeto egingo dute seguru.
Nola espero duzue alardearen amaiera?
Paco: Jai amaiera ikaragarria izango da eta seguru oroitzapen ahaztezin batean bilakatuko da. Amerikarrek esaten duten bezala, ekainaren 30a kalitatezko denbora izango dela uste dut irundar guztientzat, ez baita konturatu gabe pasako eta, horregatik, momentu horietaz disfrutatu behar dugu.