Festa nagusituko da ekainaren 22ko Koadrilen Egunean

Urtero moduan, Betti Gotti elkarteak Koadrilen Eguna antolatu du aurten ekainaren 22rako. Herri Bazkaria izango da eguneko ekitaldi nagusia eta festa Ficobara mugituko da ordu batzuez. Bazkariaz gain, Olinpiadak edo musika-animazioek osatuko dute jai egun honetako egitaraua.

Koadrilen Egunaren barneko ekintzak goizean goiz abiatuko dira koadrilen arteko olinpiadekin. Eguerdiko 12:00ak aldera, Auntxa Trikiti eskolak eta Peña Poteo txarangak Alde Zaharreko kaleak girotuko dituzte 13:30etan kalejira Ficobaruntz abiatu arte. Bazkaria 14:15etan hasiko da eta, bazkaria amaitu ostean, Ezten Giro taldearen eskutik dantzaldia egongo da. Azkenik, arratsaldeko 20:30etan Burrunba Elektrotxaranga Ficobatik irtengo da hirigunera itzultzeko kalejirarekin.

Aurreko urteetan bezala, Herri Bazkaria Ficobako 1. eta 2. pabilioietan egingo da, 3. pabilioian barra eta dantzaldia antolatzeko. Guztira, 1.800 pertsonentzako tokia izango da bazkarian, beti bezala, sarbidea adingabeentzat debekaturik egongo delarik. Bazkarirako sarrerak ekainaren 1 eta 2an saldu ziren eta, aurreko urteetako dinamika jarraituz, pabilioiak bi taldetan banatuko dira adinaren arabera: 24 urtetik beherakoak eta 24 urtetik gorakoak.

Prezioa ere 18 eurotan mantendu da eta sarrera bakoitzaren salmentarekin biltzen diren euro solidarioak Irungo Harrera Sarearentzat izango dira aurten. Gainera, bazkaria iragartzeko sortu den kartelean ikus daitekeenez, aurtengo zapiaren kolorea zuria izango da. Zapia eta lagun giroaz gain, errespetua ezinbesteko osagaia da ere ekitaldi honetan. Horregatik, antolakuntzatik egunean zehar bazkariko ticket salmentan zehar banatutako arau sinpleen betekizuna eskatzen da, bestela antolakuntzak, neurriak hartu beharko baititu. Hortaz gain, ekimen hau aurrera eramateko jende askoren laguntza beharrezkoa denez, inor era boluntarioan laguntzeko prest izanez gero, bettigotti@hotmail.com posta elektronikora idatzi eta antolakuntzarekin harremanetan jartzeko aukera izango du.

Lehiaketak berritzeko beharra
Aurtengo Koadrilen Egunaren barnean Olipiadak izango dira Betti Gotti Elkartetik antolatuko den lehiaketa bakarra. Olinpiadak egun bakarrean egingo dira, hau da ekainaren 22an, baliabide eta jende faltaren ondorioz. Jolas batzuen bidez sailkapen orokor bat lortuko da, azkenik, hiru talde onenen artean finala jokatu eta talde irabazleak saria eskuratzeko.

Aurreko urteetan zehar antolatu izan diren lehiaketei dagokionez, azken urteetan lehiaketetako parte-hartzea murriztu ostean, formatuak aldaketaren beharrean dagoela ondorioztatu da. Arrazoi honengatik, aurten ez da bestelako lehiaketarik antolatuko, baina, Betti Gotti elkartetik datorren urteetarako lehiaketa berriak antolatzeko proposamenak jasotzeko prest daudela adierazi dute.

Bigarren bazkariaren proiektua
Ficobako bazkariaz gain, Betti Gotti elkarteak Herri Bazkaria hiriko erdigunera ekartzeko asmoarekin jarraitzen du, herritar guztiei bazkarian parte hartzeko aukera eman ahal izateko. Bazkari berri hau aurrera atera ahal izateko, ordea, Udalaren baimena eta kolaborazioa ezinbestekoak dira. Aurreko urteetan elkartetik egindako proposamenen ostean, udalak lehen aldiz baimena emateko pausoa eman du aurten. Honela, elkarteko kideek adierazi dutenez, Ospitale Zaharreko bazkaria gauzatzear egon da, baina, denbora kontran izateaz gainera, ez dute inolako diru-laguntza ez azpiegiturarik jaso helburua gauzatu ahal izateko. Beraz, datorren urtean denbora eta laguntza gehiagorekin bigarren bazkari hau gauzatzeko aukera izango dutela espero dute Betti Gotti elkartetik.

Aurten egingo ez bada ere, elkartetik bigarren bazkari horren zehaztasunak ezagutzera eman dituzte. Bazkaria Ospitale Zaharreko eremuan antolatuko litzateke eta 200-300 pertsonentzako lekua egongo litzateke bertan. Irundar guztientzat pentsaturik dagoen bazkaria da, hau da, Ficobako profila betetzen ez duen jendeak, familiak, adindun eta bestelako giroa bilatzen dutenek bigarren bazkari honetan parte hartzeko aukera izango lukete. Ekintza eguerdiko 12:00etan hasi eta gaueko 21:00ak bitarteko iraupena izango luke, bazkariaz gain, trikitilariak, bertsolariak, Euskal Bingoa, antzerkia eta Euskal kantaldia bezalako ekintzak egingo liratekeelarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude