Irungo Udalak lanean jarraitzen du Alarma Egoera dela eta jendearentzat itxita geratu ziren udal zerbitzu eta ekipamenduak pixkanaka irekitzen hasteko. Deseskalatzearen 2. faseko xehetasunen arabera, eta beharrezko segurtasun neurriak aktibatuta (pertsonen arteko distantzia, eskuetako garbitasuna eta edukiera mugatua) orain arte ireki dituzten ekipamenduak honakoak dira:
Ekainaren 1etik aurrera liburuak eta bestelako materiala maileguan emateko eta jasotzeko zerbitzua bakarrik jarriko da martxan. Hau da, liburuak edo bestelako materiala jasotzeko eta maileguan hartzeko bakarrik joan ahal izango da liburutegira. Gainera, aldez aurretik hitzordua eskatuta sartu beharko da, 943 505421 telefonora deituz, whatsapp bidez 600 039849 telefonora mezua bidaliz edo biblioteca@irun.org helbidera mezu elektronikoa bidaliz.Liburuak edo beste materialak maileguan hartu nahi dituenak online katalogoan begiratu dezake ea libre dagoen, lanak errazte aldera.
Liburutegiko gainerako zerbitzuak pixkanaka irekiko dira, deseskalatzeak aurrera egiten duen neurrian. Beraz, dena normal badoa, kontsultarako aretoa uztailaren 1ean irekiko dela aurreikusten da eta, gainerako guztia, irailaren 14an.
Oiasso Erromatar Museoa
Oiassok egun batzuk beranduago irekiko ditu ateak; ekainaren 5ean, ostiralean. Izan ere, aurretik zoladura konpondu behar da areto nagusian, Portu Aretoan. Museoan neurrian hartzen ari dira bisitariak museoko erakusketa iraunkorra ikusteko aukera izan dezan, segurtasun-baldintzak errespetatuz. Horretarako, harrera-itxiturak jarriko dira eta baita hidrogelen banagailuak ere ibilbide guztietan zehar bisitariarentzat. Edukiera % 50ekoa izango da, 180 pertsona, hain zuzen ere. Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da, museoko aretoetan bi metroko segurtasun-distantzia mantendu ezin den guztietan.
Museoak udako ordutegia izango du; asteartetik larunbatera 10:00etatik 20:00etara eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara, baina bisita gidatuak museoko erakusketa iraunkorrean bakarrik egingo dira eta honako egunetan: asteazkena, ostirala eta larunbata 12:00etan. Bisita gidatuen taldeak, gehienez ere, 15 lagunekoak izango dira eta derrigorrezkoa izango da maskara eramatea. Santa Elena eta Irugurutzeko bisitak ondorengo faseetan berreskuratuko dira.
Horrela, Oiasso erromatar Museoko taldea denboraldiko erakusketari azken ukituak ematen ari da; “Kostaldeko euskal sukaldaritza: Abanguardiatik erromatar garaira”, Erakusketa apirilerako aurreikusita zegoen, baina ezin izan da egin. Uda honetan, erromatarren kulturak gastronomiari egin zizkion ekarpenak eta gaur egungo euskal sukaldaritzan oraindik ere ikus daitezkeenak ezagutzeko aukera eskainiko du museoak. Oraindik ez da zehaztu inaugurazio-eguna, baina ekainaren erditik aurrera izango dela dirudi.
Ekainaren 2an, asteartean, irekiko ditu ateak, astelehenetan itxita egoten delako. Aretoa bisitatzeko aukera dago berriz ere. Itxi aurretik zegoen erakusketa ikus daiteke; GAUR artista-taldeko Jose Antonio Sistiaga Mossoren erakusketa. Erakusketa hasiera batean aurreikusi zen baino denbora luzeagoan egongo da. Uztailaren 12 arte irekita egongo da, asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara eta igandetan eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.
Amaia KZ
Amaia Kultur Zentroak ekainaren 2an, asteartean, irekiko ditu ateak, astelehenetan itxita egoten delako. Baina, erakusketa-galeria izango da normaltasunera itzuliko den bakarra. Hitzaldi-aretoan eta auditorioa ezingo dira erabili. Galerian pintura eta marrazki akademiaren erakusketa egongo da ikusgai eta ekainaren 3tik aurrera ikus daiteke, aretoaren ohiko ordutegian: asteartetik larunbatera, 18:00 – 21:00, igande eta jaiegunetan, 11:30 – 13:30.