Kepa Ordoki MHB elkarteak Behe Bidasoako matxinadaren 85. urteurrena gogoratuko du

2021eko irailaren 5ean, 85 urte beteko dira faxistek Irun eta Hondarribia armekin eta indarkeriaz hartu zituztela. Egun horietan jazotakoek eragin zuzena izan zuten 40 urte iraun zuen erregimen diktatorialean eta egungo gizartearen oinarrietan. Urteurrena oroitarazi eta oroimena aldarrikatzeko intentzioarekin, Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu.

85. urteurrenean, Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, ekintza ezberdinen bitartez, 1936ko uda bizi zuen gizarte zibilari hitza emateko saiakera gauzatuko du. Emakumeak jasandako errepresioa “Izan zirenak eta izango direnak gogoan” webgunearen bitartez azalduko da. Defentsara etorri ziren bolondres internazionalisten berri emango da ere, eta guzti hau errekonozimendu publiko baten bitartez borobilduko da irailaren 5ean, erorketaren 85. urteurrenaren egunean bertan.

Oroimena aldarrikatzeko, irailaren 5ean, faxistek Irun eta Hondarribia armekin guztiz hartu zuten egunaren 85. urteurrenean, ekitaldi publikoa egingo da Behobia auzoko zubi zaharrean. Oroimen ekitaldi publikoa eguerdiko 12:00etan hasiko da. Bertatik joan ziren faxismotik ihesi hamarnaka errefuxiatu. Bertan ere, inguruko Punttako borrokaldiak oroitaraziko dira internazionalistei men eginez eta ozen aldarrikatuko dira “Izan zirenak eta izango direnak gogoan” webgunean barnebiltzen diren emakumeak.

Peli Lekuona Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko idazkariak, garai hartan eskualdean bizi izan zen egoeraren adibide bat jarriz gogoratu du eskualdean egon ziren borrokak ez zirela edonolakoak izan. Ameriketako Estatu Batuetako ordezkari diplomatikoak, Hendaiatik, Franklin D. Roosevelt presidenteari idatzi zion borrokak “epikoak” izan zirela. “Inoiz ez da izan halako heroitasunik. Arrantzaleak, meatzariak eta nekazariak, armetan trebatu gabe, galera hilgarriekin errefusatu zuten Atzerriko Legio entrenatua sei egunez”.

Izan zirenak eta izango direnak gogoan
“Izan zirenak eta izango direnak” proiektua dagoeneko ibilbide bat duen jarduna da, 2019. urtean sortu baitzuen elkarteak webgunea. Izanzirenak.eus webgunearen bitartez, emakumeek Estatu kolpean zein frankismoan zehar jasandako errepresioari leku egiten zaio. Bertan, Behe Bidasoan atxilotuak, fusilatuak, erbesteratzera behartuak eta susmagarritzat jo ziren 146 emakumeren jazoerak gorde dira. Azken hiru urteetan, ikerketa lanak sakondu dira eta horren emaitza da webguneak izango duen zabalpena. Hurrengo hilabeteetan, beste 200 emakumeren gertaerak jasoko dira. Horien artean dago Faustina Ruiz García. Galdames ontzian atxilotu eta faxistek fusilatu zuten emakume bakarra izan zen. Baita ere, Consolación Mangas, eskualdea defendatzen, frontean hil zen emakumea. Edo Micaela Aizpiolea La Roseraieko ospitalean artatu zuten errefuxiatu irundarra, besteak beste.

Azken urteetan zehar egindako ikerketaren emaitzarekin argi ikus daiteke emakumeak eskualdean jasan zuen errepresio mota orokortuena erbestea izan zela. “Milaka emakume irten ziren Behobia eta Avenida zubietatik”, azaldu du Peli Lekuonak, gogoratuz haietako asko ez zirela inoiz itzuli beren jaioterrira.

“Historia de nuestras vacaciones del año 1936”
Era berean, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak Ricardo Cuenderen kontakizunak liburuxka batean argitaratuko ditu. Ricardo Cuende irundarrak Errioxan izan zuen Estatu kolpearen berri. Opor gisa, mendiak igotzera joan zen Pablo Lombanarekin. Matxinadaren berri zutela, etxerantz, Irunera, irten ziren. Hala ere, ezin izan zuten eskualdera etorri eta ondorioz Iturenen geratu ziren. Familiarekin harremana guztiz galduta, Iturengo udal idazkariak Mendaur mendian atxilotu zituen. Bi Guardia Zibilek Dantxarineara eraman zituzten galdekatuak izateko. Bertan jakin zuten atxiloketa Bidasoan gauzaturiko bi faxisten atxiloketaren ondorio zela, aurrez atxilotutako bi faxistei egin behar zitzaien gauza bera Lombana eta Cuenderi egiteko asmoarekin. Hainbat astez atxilotuta egon ziren Iruñeko erreketeen koartel nagusian. 1936ko irailean askatu zituzten, hiru asteko egonaldia burutu zuten Iturenen eta, Irunera itzultzean, berriz atxilotu zituzten. Espetxealdia egun Irungo Udaletxeko goiko aldean dauden bulegoetan igaro zuten, ia urtebeteko egonaldia osatuz.

Senideen bitartez, idatziak eskuratu ostean, Kepa Ordoki MHB elkarteko kideak Ricardo Cuendek atxiloaldia nolakoa izan zen kontatzen duten testuak maketatzeaz arduratu da. Peli Lekuonak elkarteak argitalpena publiko egiteko duen asmoa adierazi du. Kepa Ordoki elkarteko idazkariak aurreratu du argitalpena eskuz zein internet bidez eskuragarri egongo dela. Horretarako, “Historia de nuestras vacaciones del año 1936” kontakizuna jasotzen duen liburuxka irailaren 3an aurkeztuko da, Palmera Montero gunean, 18:00etan. Liburua gazteleraz idatzita dago, izan ere, elkartearen asmoa Ricardo Cuendek idatzitakoa hitzez hitz argitaratzea da, inolako aldaketarik egin gabe. Dena den, irakurleek liburuaren hasieran, euskaraz, argitalpenari buruzko azalpen orokor bat topatuko dute.

Webgunea
Kepaordokimhb.eus webgunean, 85 urteen baitako jarduerak laburbiltzen dituen atal berezitua egongo da. Baita ere, eskualdearen defentsan, ezinbestekoak izan ziren internazionalistei buruzko artikulua argitaratuko du elkarteak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude