Haurtxoko gehiagorekin emango zaio hasiera 2021-2022 ikasturteari

2021-2022 ikasturtea inoiz baino Haurtxoko gehiagorekin hasiko da Irunen. Irungo 4 urtetik 11 urtera bitarteko haurrentzat egokitutako baliabideak dira. Haurtxokoek, aisialdiaz modu aktiboan gozatzeko aukera eskaintzeaz gainera, sormenaren erabilera bultzatzeaz, parte-hartzea sustatzeaz eta modu osasungarrian gozatzeko proposamenak eskaintzeaz arduratzen dira.

Haurtxokoetara joateko eskari handiari erantzuteko eta pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatzeko, zozketa publikoen bidez esleituko dira tokiak. Izen-ematea irailaren 3tik 9ra egin beharko da eta zozketa, berriz, irailaren 20an egingo da. Zozketan parte hartzeko Irungo Udalaren Egoitza Elektronikoan, HAZ bulegoan aurrez aurre, HAZ terminaletan edo 010 telefono-zenbakira astelehenetik ostiralera 8:00etatik 19:00etara eta larunbatean 8:30etatik 13:30etara deituta eman beharko da izena.

Santi Jiménez Gazteriako ordezkariak espazio horiek haurrentzat duten garrantzia nabarmendu nahi izan du. Gazteriako ordezkariak azaldu duenez, “oso ekimen garrantzitsuak dira haurrak hezten laguntzeko, jardueretan ohitura osasungarriak eta trebetasun sozialak sustatzen baitituzte”.

Ondorioz, Haurtxokoen programak gero eta egoitza gehiago ditu eta San Migel, Pinudi eta Anzaran ingurura zabalduko da 2021-2022 ikasturtean. Horrela, haurren garapen integralerako proposamen sortzaile, estimulatzaile, dibertigarri eta hezigarriak eskaintzeko helburua indartuko da. Aurreko urteetako lan egiteko erari jarraipena emateko, heziketaren alorreko profesionalek tailerrak, irteerak eta familia-jarduerak antolatzen jarraituko dute, haurren trebetasun sozial, kultural eta artistikoen garapena bultzatzeko.

Xehetasunak
Haurtxokoak 2021eko urriaren 4tik 2021eko ekainaren 24ra egongo dira zabalik. Oinarrietan jasotzen den bezala, Haurtxokoen programa 4 eta 11 urte bitarteko haurrentzat pentsatuta dago, hau da, 2010. eta 2017. urteen artean jaiotako haurrentzat. Programaren hurrengo edizioan parte hartzeko ezinbesteko baldintzetako bat haurrak Irunen erroldatuta egotea izango da. Hiru txanda ezarri dira haurtxoko bakoitzean. Astelehen eta asteazkenetan, 4 eta 8 urteko haurren txanda izango da eta ostiraletan, aldiz, 9 eta 11 urte artekoena.

Dena den, Haurtxoko bakoitzak ordutegi propioa izango du. Kateako Haurtxokoak ordutegi bera izango du astelehenetik ostiralera, hau da, 16:30etatik 18:30etara zabalik egongo da. Palmera Montero inguruko Txikitab Haurtxokoak ere ordutegi berdinarekin lan egingo du asteko egun guztietan, kasu honetan arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara. Lapitzeko Haurtxokoak eta aurten lehenengo aldiz martxan egongo den El Rancho Haurtxokoak ordutegi berean eskainiko dute zerbitzua, hau da, astelehenetik ostegunera arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara eta ostiraletan, aldiz, 17:00etatik 19:30etara.

2021-2022 ikasturtea
2021-2022 ikasturterako, guztira 240 plaza daude haurtxokoetan, COVID-19aren pandemia dela-eta indarrean dagoen araudia kontuan hartuta. Kuota 40,60 eurokoa da urritik ekainera bitarteko ikastaro bakoitzeko; 22,35 eurokoa, bigarren anai-arrebatik aurrera. Gainera, % 90eko hobaria dago Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen duten bizikidetza-unitateetako kideentzat edo Gizarte Ongizateko txostenak justifikatutako egoera berdintsuan daudenentzat.

Zozketarako onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda jendaurrean jarriko da ikusgai udalaren webgunean, irailaren 15 eta 16an. Gainera, zerrendak kontsultatu ahal izango dira 010/943 505 152 telefonora deituz 08:00etatik 20:00etara, HAZen autozerbitzu-terminaletan, Palmera Monteron eta Kutxabanken Anakako eta Kateko bulegoetan. Epe horretan, egoki iruditzen zaizkien alegazioak egin ahalko dituzte interesdunek. Epe hori amaitutakoan, eta erreklamaziorik ez balego, behin betikotzat hartuko dira behin-behineko zerrendak. Erreklamaziorik aurkeztuko balitz, ebatzi egingo dira, eta irailaren 16an argitaratuko dira behin betiko zerrendak. Hala ere, informazio guztia eta oinarriak Irungo Udalaren webgunean kontsultatu daitezke dagoeneko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude