Hiriko gazteentzat uztaila proposamenez beterik dator udako oporren hasieran. Irungo Udalak, Gaztelekua eta Konekta zerbitzuaren bitartez, gustu guztietarako ekintzak proposatu dizkie Irungo gazteei. Uztaileko proposamenaz gainera, udako hilabeteetan zehar Azken Portu eta Artaleku kiroldegiek abonamendu berezi bat eskainiko diete gazteei.
Uztailaren 2tik 29ra, era guztietako hogei proposamen antolatu dira, 12 eta 25 urte bitarteko gazteentzat. Jarduerak antolatzerako orduan parte-hartzaileen adina eta ekintza mota kontuan hartu dira. Ekintza gehienak doakoak dira, eta beste batzuk, aldiz, prezio zehatza dute, beste barruti edo instalazio batzuetara sartu behar baita. Pandemia dela eta ezarritako neurrietara egokitu da programa. Santi Jiménez Gazteriako ordezkariak azaldu duenez, “pandemia testuingurua dela eta, beharrezko neurriak hartu beharko dira, baina Irungo inguru pribilegiatuaz gozatzeko uda ahalik eta ondoen aprobetxatzeko programa bat eskaini nahi dugu. Informazio gaurkotu guztia udalaren webgunean kontsulta daiteke.
Konekta zerbitzua
Konekta zerbitzuak antolatuko ditu uztailean ekintzetako batzuk. Konekta zerbitzua 2018ko urrian sortu zen, Irungo Udaleko Gazteria arloa identifikatzen duen Gazteartean zigiluaren eta herritar gazteen artean konexio-esparru bat sortzeko. Horrez gain, gazte irundarren proposamenak entzuteko eta haiei forma emateko sortu zen zerbitzua eta aurtengo udako programazioak hala erakusten du.
Konekta zerbitzuak antolatutako lehen bi jarduerak 16 eta 25 urte arteko gazteentzat pentsatuta daude. Lehen ekintza kayak eta snorkel irteera izango da, uztailaren 10ean egingo da eta 10,90 euroko prezioa izango du. Uztailaren 16an, berriz, maitasun-harremanei buruzko “scape room” bat antolatuko dute eta, kasu horretan, jarduera doakoa izango da. Uztailaren 24an 18 eta 25 urte arteko gazteek Kanoraft eta Bertiz abentura parkeko irteeran parte hartzeko aukera izango dute, 21,75 euroren truke. Azken irteera uztailaren 30ean egingo da Sallent de Gallegoko Multiabentura parkera. 15 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako jarduera izango da eta 21,75 euroko prezioa izango du. Interesdunek Konekta zerbitzuak proposatutako ekintzei buruzko informazio gehiago konekta@irun.org posta elektronikora idatziz edo 656 794 372 telefono-zenbakira deituz aurkituko dute.
Gaztelekua
Gaztelekuan, berriz, 17 urtetik beherako gazteentzako ekintzak prestatu dituzte. Interesdunek ekintzetan izena eman edo informazio gehiago kontsultatu dezaten 943 63 68 26 eta 690 706 471 telefono-zenbakiak erabili ahalko dituzte. Bestetik, gaztelekua@irun.org helbide elektronikora idatzi edo Gaztelekuko (@gazteleku_irun) Instagrama kontsultatzeko aukera izango dute. Jarduera batzuk oraindik baieztatzeke badaude ere, honako ekimen hauek antolatu dira: ginkana, hama beads 3D tailerra, Among us zuzenean eta izozkien tailerra, Irungo igerilekuetara irteera, Endarlatsara irtenaldia bizikletan, piragua eta snorkela, argazki rallya, stand up paddela eta surfa Donostian, skate taulak birziklatzeko tailerra, txangoa Amuitzera (Hondarribiko “fraideen hondartzara), tie dye kamisetak, barbakoa Erlaitzen, Oilakinetako putzuak, Txindokiko itzala eta gaua Beizamako aterpetxean, udako jolasak, txangoa Santa Klara irlara, Hernaniko igerilekuak eta agur ekitaldia.
Uztailean zehar antolatuko diren ekintzen gaineko informazio zehatza Gaztelekuaren webgunean kontsultatu daiteke. Ekintza bakoitzaren prezioa, bilgunea eta ordua desberdina izango da.
Udaleku eta Abentura programak
Era berean, jakinarazten da oraindik Udaleku eta Abentura programarako plaza batzuk libre daudela. Aurten, pandemia dela eta, ekintzaren basea Irunen egon bada ere, inguruko lekuetan irteerak eta jarduerak egingo dira. Zehazki, txanda hauetan plaza libreak daude: uztailaren 17tik 23rako 8 eta 10 urte arteko haurren txandan eta uztailaren 29tik abuztuaren 4ra 14 eta 16 urte arteko gazteen txandan. Bi txanda horiek euskaraz egingo dira.
Kasu honetan, esleipena automatikoki egingo da, eskariaren hurrenkeraren arabera, eta betekizun bakarrak eskatutako txandako adina eta hizkuntza izango dira. Interesa izanez gero, jarri harremanetan Gazteria Zerbitzuarekin, zuzenean 943 50 54 04 telefonoan, 09:00etatik 14:00etara, edo gazteria@irun.org helbide elektronikoaren bidez.
Kiroldegiak
Ekainaren 21etik uztailaren 31ra bitartean Artaleku eta Azken Portu kiroldegietan abonatuentzako udako ohiko kanpaina jarriko da abian. Egitasmoa 12 urtetik 22 urtera bitarteko gazteei zuzenduta dago eta uztailetik irailera bitarteko hiruhileko osorako alta doan hartu ahalko dute. Beraz, kanpainak 43,12 eta 77,58 euro bitartean aurrezteko aukera eskainiko die. Horretarako, eskatutako adin tarteren barruan egotea eta familian abonatu gehiagorik duten kontuan izango da.
Udan instalazioak erabiltzeko aukera izango da: igerilekuak, fitness aretoak (15 urtetik gorakoek, ordutegi jakin batzuetan), squash kantxak, pilotalekuak eta trinketa. Era berean, ikastaroak egiteko prezio murriztuak izango dituzte. Hiru hilabeteetarako abonamendua erabiltzeko epea uztailaren 2tik irailaren 30era bitartekoa izango da. Gero, uda ondoren, abonatu gisa jarraitu ahalko dute, prezio eta erabilera baldintza beretan.
Interesdunek udal webgunearen bidez eman behar dute izena, Irun Txartela erabiliz, eta informazio gehiagorako kiroldegiekin harremanetan jar daitezke, Artalekura edo Azken Portura zuzenean deituta ( 943 50 57 57 eta 943 50 57 80, hurrenez hurren).