Enpresen langile eskariari erantzuteko zailtasunak ditu Lanbide Heziketak, industriaren sektorean, bereziki. Lana badago, ikasleak baino gehiago. Bereziki emakumeen artean, gehien-gehienetan alboratu egiten den aukera da Lanbide Heziketa. Irungo La Salleko erdi mailako mekanika zikloan, Maria Yubero da salbuespena. Emakume bakarra izan da ikasgelan. Orain Italian dago, praktika egiten. Enpresan ere, emakume bakarra da.
Nolatan erabaki zenuen, DBH bukatuta, Lanbide Heziketan hastea?
Nire bizitzako bidea argi ez nuen arren, banekien zer nahi nuen inguruan. Batxilergoak ez zizkidan nire gustuko ateak irekitzen, horregatik, Lanbide Heziketan izena ematea erabaki nuen, erakartzen ninduten gai horietan zentratzeko.
“Piezak diseinatzeko eta sortzeko aukerak eman zidan arreta”
Zergatik erakartzen zintuen mekanika zikloak?
Piezak diseinatzeko eta sortzeko aukerak eman zidan arreta… Ideia bat edukitzea, eta zuk zeuk aurrera eraman ahal izatea. Kontuan hartu nuen, era berean, gaur egun Euskadin mekanika industrialak momentu ona bizi duela.
Espero zenuen bezalakoa izan da?
Egia esan ez, baina aurreikuspen handirik ere ez nuen egin. Nire ustez, beste antolamendu batekin, gehiago ikas zitekeen gradu honetan.
Nolakoa izan da esperientzia?
Ona izan da, formatzeko aukera izan dut, eta nahiz eta konturatu naizen ez dudala arlo honetan jarraituko, etorkizunean lagungarri izango zaizkidan gauza asko ikasi ditut.
Emakume gisa esan beharra dut, ikasgelan eta praktiketako enpresan bakarra izanik, ikasi dudala lan arloan norberak duela sexuen arteko ezberdintasunak ezabatzeko ardura.
Praktikak Italian egiten zabiltza. Non? Zein enpresatan?
Vicenzan nago, Veneto erregioan, Venezia eta Verona artean. Meccanica Gasparotto enpresan nabil lanean.
Erabakiarekin asmatu duzula uste duzu?
Praktikak atzerrian egitea orain arte eduki dudan esperientzia onena izan da, zalantzarik gabe. Asko ikasi dut arlo pertsonalean, ia profesionalean baino gehiago.
“Lan arlo honetan gizonezkoak bezain eraginkorra naizela erakutsi dut”
Zein lan egiten ari zara?
Piezak egiten ari naiz, tornuekin eta fresagailuekin. Oso gustura nago, parte hartzen uzten didate. Oso aberasgarria izaten ari da esperientzia, tailerrean lanean ari den lehen emakumea naizelako. Emakume gisa, lan arlo horretan gizonezkoak bezain eraginkorra naizela erakutsi dut.
Lanean jarraitu nahiko zenuke gero?
Nire lehentasuna formatzen jarraitzea da. Elektromekanikako erdi mailako gradua, lehenengo, eta automozioko goi mailakoa, ondoren.
Emakumeek ez dute Lanbide Heziketa hautatzeko ohitura handirik. Zergatik?
Faktore asko daude, eragiten dutenak, eta beharbada, graduen arabera izena ematen duten emakumeen ehunekoak aldatuko dira. Orokorrean, esango nuke gizonezkoek azkarrago formatu nahi izaten dutela, arlo praktiko batean zentratuz, lehenago lan egiten hasteko. Emakumeek gehiago jotzen dute unibertsitate ikasketetara, diziplina handiagoarekin. Uste dut jaso dugun heziketak sexuen arteko aldeak markatu dituela.