Hiriko gazteen proposamenak entzuteko eta zabaltzeko helburua du Konekta zerbitzuak

Maite Tolosa eta Jon Arteaga Konekta zerbitzuko koordinatzaileak dira. Irungo Udalaren eta hiriko gazteriaren arteko zubi lana egiteko sortu zen zerbitzua. Maitek eta Jonek gazteen ideiak eta iritziak jasotzen dituzte, gazteen proposamenei forma emateko. Konekta zerbitzuak antolatutako ekintza guztiak GazteArteanen sare sozialen bitartez zabaltzen dira.

Zein da Konekta zerbitzuaren helburua?
Maite: Konekta zerbitzua orain dela 3 urte sortu zen, Irungo 16 eta 30 urte arteko gazteek Irungo Udaletik antolatutako ekintzetan parte hartzen ez zutela ikusi ostean. Zerbitzua martxan jartzeko boluntariotza zerbitzuko pertsona bat eta Gazte Lokaletan lan egiten zuen beste pertsona bat elkartu zituzten. Urteek aurrera egin ahala, zerbitzua egonkortzea lortu da. Proiektu bizia da, errealitate ugarietara egokitzeko gaitasuna duena. Konekta zerbitzuak Irungo Udalaren eta hiriko gazteen arteko zubi lana egiten du, gazteen ahotsa entzun ondoren, jasotako ideiak udalera eramateko.

Zuek gazteak izanda errazagoa zaizue bitartekaritza lan hori egitea?
Maite: Gu geu gazteak garenez gazteen ikuspuntua ulertzea errazagoa zaigu, guk geuk gazteriaren nahiak eta beharrak identifikatzen ditugulako.

Jon: Nik neuk denbora gutxi daramat Konekta zerbitzuan lanean. Orain dela gutxi arte zerbitzuaren erabiltzaile nintzen, beraz, oso ondo ezagutzen dut beste aldean dagoen errealitatea. Zerbitzutik antolatutako ekintzetan parte hartu dut eta arduradunak gazteak izatea lagungarria da. Gure asmoa gazteen beharrak asetzea da.

“Konekta zerbitzuak Irungo Udalaren eta hiriko gazteen arteko zubi lana egiten du”

Maite Tolosa, Konekta zerbitzuko arduraduna

Pandemiak baldintzatutako garai hauetan, zerbitzua egokitzea beharrezkoa izan da?
Maite: Aurreko urtean COVID-19aren osasun krisialdiaren ondorioz zerbitzua eten behar izan genuen. Konfinamenduaren ostean gazteekin topaketa bat antolatu genuen haiek entzun eta egoerari nola aurre egin pentsatzeko. Dena den, jarduerak antolatzen jarraitzeko modua topatu dugu, betiere, indarrean dauden segurtasun neurri guztiak errespetatuz.

Jon: Orain udako ekintzak antolatzen ari gara eta jarduerak prestatzerakoan murriztapenak kontuan hartu behar ditugu: maskararen etengabeko erabilera, edukiera murriztuak, espazio zabal eta aireztatuak aukeratzea eta abar.

Gazteek haien ahotsa entzutea eskertzen dute?
Maite: Bai, Konekta zerbitzuko erabiltzaileak gutxi izan arren, haien iritziak entzutea asko eskertzen dute. Ahalik eta gazte gehienengana iristeko ahalegin handia egiten dugu, baina Irun hiri handia izanik, zaila da gazte guztiengana iristea. Gutxi batzuengana behintzat iristea lortzen badugu, gu pozik gaude.

Jon: Gaur egun gure erronka handienetako bat irisgarritasuna da. Gazteek zerbitzu bat eskura dute, baina gutxik dute horren berri. Hala ere, ezagutzen dutenek pozik erabiltzen dutela esango nuke.

Zein baliabide erabiltzen dituzue gazteen ahotsak entzuteko?
Maite: Batez ere sare sozialen bitartez mugitzen gara eta @Gazteartean_irun kontuan antolatutako ekintza eta bileren berri ematen dugu. Horretaz gain, konekta@irun.org posta elektronikora idatzi edo 656 794 372 telefono-zenbakira deitzeko aukera eskaintzen dugu. Aurretiko hitzorduekin lan egiten dugu.

Jon: Bestetik, noizean behin Gazte Topaketak antolatzen ditugu. Adibidez, apirilaren 29an Palmera Montero gunean topaketa bat antolatu genuen udako ekintzak prestatu aurretik gazteen proposamenak entzuteko. Topaketetan parte hartzen duten guztien iritzia kontuan hartzen da, nahiz eta gero ideiak aurrekontura eta eskura dauzkagun baliabideetara egokitu behar ditugu.

Zeintzuk izan dira Konekta zerbitzuan berriki antolatutako ekintzak?
Maite: Neguan hirian zehar Scape Room ireki bat egin genuen. Ondoren, zabor bilketa eta errealitateari egokitutako Among Us bideo-jokoaren moldaketa bat sortu genuen. Bestetik, Asexora-T zerbitzuaren bitartez sexologiarekin loturiko jolasa prestatu genuen. Artisten merkatu izan da zerbitzutik antolatutako azken ekintzetako bat. Beraz, ekintza ugari dira, eta gazteen proposamenak aurrera ateratzeko ahal izan dugun guztia egin dugu.

Martxan dagoen beste proiektuetako batek Ostiraletan izena du. Zertan datza?
Maite: Ostiraletan Gaztelekuko langileekin elkarlanean sortutako proiektua da. Bi zerbitzuak elkartzeko asmoarekin Gaztelekuaren barruan espazio bat sortu da Irungo gazteek elkar ezagutu, hitz egin eta jolasteko aukera izan dezaten. Ekimenak arrakasta izan duela dirudi.

“Gure sare sozialak jarraitzen badituzue, bertan informazio gaurkotua topatuko duzue”

Jon Arteaga, Konekta zerbitzuko arduraduna

Irungo gazteen ahotsa entzunda, zeintzuk dira egun hiriko gazteek gehien errepikatzen dituzten eskakizunak?
Jon: Gazteek hirian ekintzak antolatzea eskatzen dute. Izan ere, aurretik gazteentzat pentsatutako ekintza gutxiago antolatzen ziren eta guk joera hori apurtu nahi dugu. Hortaz, Irungo gaztedia gauzak egiteko prest ikusten dugu eta gazteek udalak jarduera berriak antolatzea nahi dute.

Maite: Horrekin batera, hirian haientzako espazioak behar dituzte. Egoera horren erakusle garbia da orain dela urte gutxira arte San Pedro eta San Martzial jaietako egitarauan gazteentzat bereziki antolatutako ekintzen urritasuna. Azken urteetan, ordea, zorionez hutsune hori betetzea lortu da, haur zein helduentzako ekintzez gainera, jaietako egitaraura gazteentzako ekintzak gehituz .

Zeintzuk dira Konekta zerbitzutik antolatu nahiko zenituzketen hurrengo jarduerak?
Maite: Gazteen proposamenak aurrera eramaten jarraitu nahi dugu. Azken urte hauek nahiko gogor eta bereziak izan dira gazteontzat, beraz, askatasun sentsazioa emango diguten ekintzak behar ditugu. Ahala den heinean, gazteek uda “normal” bat izatea nahiko genuke, arnasa behar dugu eta.

Jon: Laster beste topaketa bat antolatuko dugu aurreko bileran bildutako ideiei forma eman ahal izateko. Topaketaren data zehazteko dago oraindik, baina gure sare sozialak jarraitzen badituzue, bertan informazio gaurkotua topatuko duzue.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude