Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirrek asteazken honetan prentsaurreko batean jakinarazi duenez, aurten, Kontenporanea kultur topaketaren beste edizio bat egingo da –2020an, bertan behera geratu zen, pandemiaren ondorioz–. Gainera, ordezkariak aurten ekimenak koordinatuko dituen batzordea aurkeztu du, zeina aurkezpenean izan diren hiru irundar gaztek osatuko duten: Anne Bravok, Alba Aguadok eta Patricia Echegarayk.
“Arte garaikidearen sustapena azken urteetan hirian garatu dugun lan ildo nagusietako bat da. Horren adierazgarri, ekimen hau dugu. Esparru honetan lan egiten duten bertako profesionalen eskutik, gora doa urte batetik bestera. Iaz, bertan behera geratu zen, eta albiste ona da programa bueltan izatea, kultura babesten jarraitzeko, pandemiak larriki astindu baitu sektoreko jarduna”, nabarmendu du Kulturako ordezkariak.
Uztailaren bukaera aldean
Uztailaren 23 eta 24an egingo da Kontenporanearen aurtengo edizioa, San Juanen. Kultura garaikidearen topaketa bat da Kontenporanea, Irungo Udalak sustatzen duena eta artearen, kulturaren eta diseinuaren esparruko profesional gazteek antolatzen dutena. Aurten, elkarlanean oinarritutako formatu kolektiboa izango du berriro ere: parte hartzaile bakoitza engranaje baten parte da, gure lurraldeko proiektu artistikoei ikusgaitasuna eman eta bertako, Estatuko eta nazioarteko sortzaileekin batera esperientzia bat bizi nahian. Aurten, nolanahi ere, pandemiaren ondorioz ezarritako neurriak hartuko dira.
Programari azken ukituak ematen ari dira oraindik, baina dagoeneko iragarri da bosgarren edizioko gai orokorra: azken bi urteetako egoeraren ondorioz kanpokoaren eta barrukoaren artean sortutako kontrastea. Bizi izandakoaren ikuspegiak emateko gune bat sortzea da asmoa, dikotomia hori ulertzeko eta lantzeko.
Topaketaren antolaketari dagokionez, Anne Bravo irudiaren diseinuarekin zuzeneko lotura duten gaiez eta ikus-entzunezko materialaren prestakuntzaz arduratuko da; Alba Aguado, komunikazio eta zabalkunde lanez; eta Patricia Echegaray, edukien programazioaz. Hirurek prestakuntza espezifikoa dute nork bere alorrean, baina, batzordearen barruan, zeharka lan egiten dute, elkarrekin parte hartuz edukiak asmatzeko eta sortzeko prozesuan.
Anne Bravok diseinu grafikoaren, edizioaren eta postprodukzioaren alorreko ikasketak ditu, eta ikus-entzunezko proiektuak eta ikuskizunak errealizatzeko goi mailako gradua; Alba Aguadok Komunikazioko eta Zuzenbideko gradua du; eta Patricia Echegarayk Arte Ederretako gradua du.
Nazioarteko deialdia
Ohikoa denez, Kontenporanearen barruan, nazioarteko deialdi bat egingo da, topaketak irauten duen egunetan obra erakusteko.
Adin eta diziplina guztietako artista indibidual eta kolektiboek har dezakete parte deialdian, eta jpg edo pdf formatuan bidali behar dituzte irudiak. Gaia topaketarena bera da: azken urteetako egoeraren ondorioz kanpokoaren eta barrukoaren artean sortutako kontrastea.
Aukeratuak gertatzen diren obrak formatu handian inprimatuko dira, eta euskarrietan instalatuko dira, topaketak irauten duen egunetan bide publikoan jartzeko. Proposamenak bidaltzeko epea 2021eko ekainaren 30era bitartekoa da (00:00 GMT +1), eta datu pertsonalak eta irudia kontenporanea@irun.org helbide elektronikora bidali behar dira, edo webguneko formularioa bete.