Udaberria izan ez arren, udazkena lore eta landareen garaia ere izan daiteke. Izan ere, Ixkin Berdea bezalako proiektuak guztiz denboragabeak dira, lorategi bertikal hauek osatzen dituzten liliek ez baitute denboraren joana igartzen. Nora Loidik goroldioa, likenak eta lore zainduak konbinatzen ditu apaingarri horiek sortzeko. Irundarrak bere zaletasuna proiektu bat izatera nola iritsi den azaldu digu.
Nola sortu zitzaizun lorategi bertikalekiko interesa?
Lorategi bertikalak, beste edozein lorategi horizontal bezalakoak dira, baina, kasu honetan, bertikalean. Nik egiten ditudan lorategiak liofilizatuak dira, hau da, zainduta daude. Gainera, nire sorkuntza guztiak barneko espazioetan egoteko eginak daude, bai etxe barruan, bai bulegoetan edo barruko edozein lekutan. Hau dena sortu zen 2019an, Vigon dagoen pilateseko estudio batean lorategi bertikal bat egitera animatu nindutelako. Hara joan nintzen eta abentura bat izan zen.
Zergatik erabaki zenuen zure zaletasuna “Ixkin Berdea” izeneko proiektu bihurtzea?
Esan bezala, dena 2019an hasi zen. Nik ordura arte ez nuen proiektuarentzako izenik eta ez nengoen orain bezala mundu honetan sartua. Egia esan, ez nekien oso ondo nondik joan behar nintzen. Lagunekin nengoela batek proposatu zidan honen guztiaren inguruko proiektu bat sortu nezakeela, batez ere, egiten ari nintzenari izena jartzeko. Horrela, izen bila hasi ginen. Hasiera batean izena ingelesez jartzea bururatu zitzaidan, baina hemen egindako gauzak direnez eta irundarra izanik, zeozer euskalduna bilatzea erabaki nuen. Horrela, Ixkin Berdea sortu nuen, batez ere, pandemiaren hilabeteetan zehar.
“Lorategi bertikalak zaintzea oso erraza da, ez baitira ureztatu behar eta ez dute eguzki izpi zuzenik behar”
Eta zure zaletasuna garatzeko, non ikasi duzu orain dakizun guztia?
Nik ingurumena ikasi nuen eta, horren ostean, paisajismoa. Botanikarekin zerikusia duen guztia asko gustatzen zait eta horren barnean lorategi bertikalak izeneko beste mundu bat zegoela deskubritu nuen. Beraz, horrela ikasi nuen liken eta goroldio liofilizatuekin gauzak sortzeko aukera zegoela eta nire buruaren barnean mundu berri bat sortu zen.
Zuk egiten duzunarekin, udaberriaz gain, udazkena ere landareen garaia izan daiteke, ezta?
Noski. Nik erabiltzen ditudan landareak, hau da, likenak edo goroldioak irauteko preserbatuta daude. Hori lortzeko, landareei barneko izerdia kentzen zaie eta glukosa edo glizerina sartzen zaie, denbora asko igaro arren, naturaltasuna eduki dezaten. Nik erabiltzen ditudan loreak barruko espazioetan egoteko egokiak dira, eta beraz, sistema horri esker, urte guztian loreak izango dituzte.
Mantenu gutxi behar duten apaingarri naturalak direla esan dezakegu beraz?
Bai, hori da. Zuk esaten duzun bezala, lorategi bertikalak zaintzea oso erraza da, ez baitira ureztatu behar eta ez dute eguzki izpi zuzenik behar. Ondorioz, barnealdeko edozein espaziotan jartzeko egokiak dira.
Orain arte egin dituzun proiektu guztien artean, zein izan da gehien gustatu zaizuna?
Ba orain arte oso proiektu ezberdinak egin ditut. Batzuk oso handiak izan dira, adibidez, Vigokoa edo baita Bioterra azokaren hall-ean jartzen diren hizki apaingarriak eta logoa. Zumaian berriz, taberna baten barnealdea apaindu nuen. Dena den, egia da orain arte egindako proiektu guztien artean, bereziki gustuko dudala Vielhako lagun batzuentzat egin nuen koadro bat. Bakarrik liken liofilizatuekin egindako diseinu bat da. Duen kolorearengatik eta itxurarengatik bizitza ematen didan koadro bat dela esango nuke, beraz, oso berezia da niretzat.
“Espazio publikoren batean egiteko aukera emango balidate, CBA kultura eta sorkuntza espazio berrian zerbait egitea gustatuko litzaidake”
Lorategi bertikalak egiteko landare mota guztiak erabili daitezke?
Nik erabiltzen ditudan landareak eta goroldioak jasangarriak dira. Bi motatako goroldioak ditut: lauak eta bola formakoak. Horretaz gain, likenak ere erabiltzen ditut. Liken naturala kolore zurikoa edo beix kolorekoa da, beraz, beste koloreak tindu naturalarekin eginda daude. Gainera, erabiltzen ditudan lore guztiak liofilizatuak dira, oraindik ez dut lore naturalik erabili eta.
Zure sorkuntza propioak egiteaz gainera, zure ezagutzak partekatzeko tailerrak egiten dituzu.
Mota desberdinetako tailerrak antolatzen ditut, publikoaren adinaren arabera egokitzen ditudanak. Egin nuen lehen tailerra, haurrentzako tailer bat izan zen eta bertan Gabonetako apaingarriak egin genituen, kandela bat eta Gabonetako zuhaitz bat. Datozen hilabeteetan hainbat tailer egingo ditut. Bata, Be Veggie azokaren barnean. Bestea, Marzaycasen estudioan egingo dut, abenduaren 13an, eta terrarioak egingo ditugu bertan. Hala ere, guztiz prest nago tailer proposamenak jaso eta eskatzen didaten lekuetan saioak egiteko.
Beraz, horrelako tailerretan parte hartzeko ez da aurretiazko esperientziarik behar, ezta?
Hori da. Edozeinek parte hartu dezake nire tailerretan, ez baitute aurretik esperientzia izatea eskatzen. Ekarri behar duzun gauza bakarra irudimena da eta zerbait polita sortzeko gogoa. Izan ere, tailerretan material berriekin jolasten eta esploratzen ikasiko dugu.
Irunen zerbait sortzeko espazio bat aukeran emango balizukete, zer egitea aukeratuko zenuke?
Ideia bat dut jada, bai. Hiriko espazio irekiren batean lorategi bertikal bat egitea gustatuko litzaidake. Hemen Irunen, La Global garagardotegiaren barnean orain dela urte batzuk lorategi bertikal bat egin nuen. Espazio publikoren batean egiteko aukera emango balidate, CBA kultura eta sorkuntza espazio berrian zerbait egitea gustatuko litzaidake.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



