Hair Tattooa edo mikropigmentazioa nahigabe iritsi zen Ion Elizalderen bizitzara. Burusoil harroa zenak tratamendua bere azalean probatu ostean, teknikan sakondu eta gaur egun hair tattooaren adibide izateaz gainera, zerbitzu hori bera eskaintzen du. Elizalde Hair Tattoo izenpean, Debora Pereira Studioan eskaintzen du Ion Elizaldek tratamendu hau orain Irunen.
Nolatan piztu zitzaizun hair tattooarekiko interesa?
Beno, egia esan, bizitzan hainbat gauza gertatzen diren bezala, kasualitatez. Ni, orain ez hainbeste, baina ikusten duzuen bezala, burusoila naiz aspalditik, beste jende asko bezala. Halako batean nire iloba Iñigok esan zidan Donostiako mikropigmentazio estudio batean modeloak behar zituztela ilearen mikropigmentazioa nola egiten den erakusteko. Gaiaz interesatu nintzen eta horrela jakin nuen tatuaje antzeko bat dela, buruan egiten dela, helburua soilgunea belztea delarik. Hasiera batean interesik ez nuela esan nuen, izan ere, nik nire burusoiltasuna harrotasunez neraman nirekin. Baina azkenean teknika honen inguruko jakin-mina piztu zitzaidan, gehiago jakin nahi nuen eta animatu egin nintzen.
“Hair tattooa mikropuntu batzuk dira, puntu oso–oso txikiak, ehunka, baina tatuaje bat bezalakoa da azkenean”
Nolako prestakuntza egin duzu gaur egun zuk zeuk zerbitzu hori eman ahal izateko?
Lehenik eta behin, Donostiako Arrieta & Isturitz klinikan nire tratamendua egin zidaten. Egia esan, ene uste apalean, hain ondo geratzen zenez, gaiarekiko interesa piztu zidan. Ez bakarrik nire buruan egiteko, baizik eta teknika ikasi eta jendearen eskura jartzeko. Zerbitzua eskaini ahal izateko beharrezkoak diren ikastaroak egitea erabaki nuen. Zentzu horretan, nire lehen ikastaroa Arrieta & Isturitz klinikan egin nuen. Hurrengo ikastaroa egiteko Galiziako Tavi mikropigmentazio klinikan egin nuen Javier Olarte maisuaren gidaritzapean. Azkeneko hilabeteetan berarekin batera, jendeak uler dezan, “buruak tatuatzen” aritu nintzen. Azken batean, hair tattooa mikropuntu batzuk dira, puntu oso-oso txikiak, ehunka, baina tatuaje bat bezalakoa da azkenean. Tatuajeak bezalaxe pigmentuarekin egiten da eta mikropuntu askoren elkarketari esker larru-arras ilearen efektua sortzen du, hau da, ilea guztiz moztuta eramango bazenu bezala, burua soil utzita.
Hair tattoo edo mikropigmentazioa askorentzat oraindik termino ezezagunak izango dira. Gauzak horrela, azalduko al diguzu nola burutzen den teknika hau?
Hori da. Guk hair tattoo deitzea erabaki dugu, teknika izendatzeko modu polita izateaz gainera, jendeak zertan datzan ulertzeko lagungarria izan daitekeela uste dugulako. Hortaz, aurretik kontatutako guztia ikusita, orain Debora Pereiraren estudioan gaude, Urdanibia Berri auzoko Eihera plazako 15. zenbakiko beheko solairuan. Dagoeneko bertan lehenengo tratamenduak egiten hasiak gara. Hain zuzen ere, zerbitzu berri bat eskaintzen ahalegindu naiz proiektu berri honetan murgilduz.
Irunen zure proiektua garatzeko Debora Pereira Studioaren babesa jasotzea lagungarria izan dela esango zenuke?
Bai, noski. Izan ere, Deborak izen handia du jada hemen inguruan microblading izeneko zerbitzua eskaintzeari esker. Beraz, berarekin batera lanean hasi izana niretzat sekulako tranpolina izan da, aukera eta ate asko ireki dizkidalako. Horretaz gain, uste dut berarentzat ere onuragarria izan daitekeela, bere zerbitzuetara beste teknika berritzaile bat gehitzeko aukera eman diolako, gainera, inguru honetan eskaintza gutxi duena.
“Mikro puntu guztiak banan–banan egin behar dira eta horiek lasaitasunez egitea komeni da, pigmentua eta tinta ondo finkatu behar baitira”
Eta hair tattoa egiteko edo ez egiteko zalantzan dauden horientzat, zein da teknika honetan jarraitzen den prozedura?
Beste hainbat gauzarekin gertatzen den bezala, gure lehenengo kontsulta doakoa da. Lehenengo bisita horretan, lehen balorazio bat egiten dugu. Bertan ikusten eta aztertzen dugu buruaren egoera zein den eta zein den egin beharreko tratamendua. Normalean nahiko erraza izaten da egin beharrekoa zehaztea, azken batean, tratamendu honen bila datozen pertsona guztiak burusoilak izaten dira eta helburua gorputzeko atal hori belztea da, polita geratu dadin. Azterketa egiteaz gainera, lehen kontsultan bezeroari tratamendua nolakoa izango den azaltzen zaio.
Tratamendua hasteko, lehenengo urratsa lerro frontala markatzea da, mirkopigmentazioa edo hair tattooa noraino iristea nahi dugun definitzeko. Behin hori eginda, buruaren atzeko aldean marra bat marrazten da mikropuntuak buruaren zein zatitan margotuko diren markatzeko. Lehenengo saioa izaten da luzeena, guztira, 6 orduko saio bat izaten baita. Azkenean mikropuntu guztiak banan-banan egin behar dira eta horiek lasaitasunez egitea komeni da, pigmentua eta tinta ondo finkatu behar baitira. Lehen saio horren ostean, 20 eguneko edo hilabete bateko tarte bat uzten da, emaitza nolakoa izan den ikusteko. Horren ostean, bigarren saio bat egiten da eta zenbait kasutan hirugarren saio bat egitera iritsi gaitezke, baina normalean birekin nahikoa izaten da.
Tratamendu honek, soiltasunaz gain, zure ustez konplexu eta segurtasun-gabeziak ezabatzen lagun dezake?
Bai. Gainera emaitza guztiz errealista da. Zuk aipatu bezala jendeak segurtasun-gabeziak dauzka eta normala da, urte luzez ilea izan dugulako eta urte batean edo bitan bat-batean desagertu egiten zaigu, beraz, kostatu egiten da hori gainditzea. Zenbait kasutan, urteak pasa ahala onartzen den zerbait da. Nik adibidez gainditua nuen, ez dizut gezurrik esaten, tratamendua egitera animatu nintzen eta ez naiz damutzen. Gaur egun adibidez, txanoa gutxiago erabiltzen dut. Egia da estetika hutsa dela, baina zenbait kasutan onuragarria da norberarentzat.
Norberak zerbitzua kontratatzeaz gain, oparitarako ere ideia ona izan daitekeela iruditzen zaizu?
Bai, Gabonetan edo urtebetetzeetan opari hau aukera on bat izan daiteke detaile ezberdin bat bilatzen duten horientzat. Azkenean, denok dugu familian edo lagun artean burusoila den pertsonaren bat, izan ere, Euskal Herrian burusoil asko gara. Beraz, bai, opari ezberdin bat izan daiteke eta hala eskatzen digutenentzat opari txartelak prestatzen ari gara. Beraz, gurekin harremanetan jarri nahi dutenek 633 55 17 56 telefono zenbakira deitu edo Whatsapp bidez idazteko edo ion@elizaldehairtattoo.com helbidera idazteko aukera dute. Hortaz, jendea opari ezberdin hori egitera animatu nahi dugu.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



