FICAB jaialdiaren 22. edizoak aurreikuspen guztiak bete ditu

Irungo Udaleko Kultura arloak, Oiasso Erromatar Museoaren bidez, Bidasoko Nazioarteko 22. Zinemaldi Arkeologikoaren (FICAB) balantzearen berri eman du. Joan den larunbatean amaitu zen, Amaia KZn egin zen amaiera-jaiarekin. Zinemaldiari agur esateko, sari-banaketak eta “Los caballeros de la mesa cuadrada” filmaren proiekzioak izan ziren, Bizinema taldearen eskutik. Zinemaldiak datu onenak izan ditu ikus-entzuleen kopuru aldetik.

Aurtengo kartela pizgarriz beteta zegoen: egoitza eta laguntzaile berriak (Tabakaleraren estreinaldia), hezkuntza-saileko nobedadeak (Ark-mo ekimenaren bidez ikasleek mugikorrarekin egindako lanak) eta lehiaketara aurkeztutako kalitate handiko film-zerrenda indartsua, film luzeak nabarmenduz.

Lehiaketaren antolatzaileek “edizio honetan ikus-entzuleek eman duten erantzun bikaina” balioetsi dute. Izan ere, aste osoan, Amaia KZko, Aquariumeko eta Tabakalerako proiekzioetan, ikus-entzule asko izan dira, aurreko urteetako erregistroak bikoizteraino. Guztira, 1.333 ikus-entzule zenbatu dira, eta 2021ean, 721 izan ziren. Zinemaldiko sail eta ordu-tarte guztietan igo dira erregistroak.

Altxor bat

“FICAB altxor bat da, eta edizio hau inflexio-puntu bat izan da. Dibulgazio zientifikoaren, historiaren eta arkeologiaren alde urtetan egindako lanaren fruituak jasotzen ari gara, eta baita apustua egin genuelako ere zinemaldi paregabea izan zedin, eta alde horretatik, Irundik kanpo ere aitorpena jasotzen du”, esan du José Antonio Santano Irungo alkateak.

Zehazki, hezkuntza-sailak 285 ikusle bildu zituen (% 51 gehiago); arratsaldeko saioak Amaia KZn, 209 lagun (% 68 gehiago); gaueko emanaldiak Amaia KZn eta Aquariumean, 651 pertsona (% 51 gehiago); eta amaiera-ekitaldian, 188 ikusle (% 42 gehiago). Horretaz aparte, nabarmendu behar da zinemaldiko ikus-entzuleek ere bikain erantzun zutela Festhome plataformaren bidez: 1.295 sartu ziren; iazko 832 erraz gaindituz.

Larunbatean jakin ziren zein izan ziren sarituak, eta hiru sariez gain, Epaimahaiaren aipamen berezi bat ere izan zen. Hona hemen sari-banaketa:

Epaimahairen Sari Nagusia, ALEXIS DE  FAVITSKI-k zuzendutako “LES ETRUSQUES, UNE CIVILISATION MYSTERIEUSE DE MEDITERRANEE” filmarentzako (“ETRUSKOAK, MEDITERRANEOKO ZIBILIZAZIO MISTERIOTSU BAT”).

Balio pedagogikoak ondoen jasotzen dituen filmarentzako Hezkuntza Saileko saria, MARTIN FREETH-ek zuzendutako “ANTIKYTHERA COSMOS” filmarentzako.

Hezkuntza Sailean aipamen berezia eman zaio Alaitz Ochoa de Eribek zuzendutako ARTE PALEOLITOA ARGITARA filmari.

Arkeolan saria zientzia-dibulgazioari, Gianmatteo Matullok zuzendutako “L´Appia a Minturnae. Il videodirario di Scavo” filmarentzako (La Vía Appia en Minturnae. Indusketa baten bideoegunerokoa).  Ikus-entzuleen Sari Berezia ” Javier Truebak zuzendutako “El sueño de la vida eterna” filmarentzako (“Betiereko bizitzaren ametsa”).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude