Irungo Udaleko Kultura arloak, Oiasso Erromatar Museoaren bidez, aurten Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren (FICAB) 22. edizioa iragarriko duen kartelaren berri eman du. Azaroaren 14tik 19ra izango da zinemaldia. Tuttankamonen hilobiaren aurkikuntzaren mendeurrenean, aurtengo FICABaren kartela Antzinako Egiptori buruzkoa da.
Aurten, 49 film jaso dira, jatorri askotatik (Jordania, Brasil, Mexiko…). Hautatutakoen artean, gehienak Frantziakoak eta Espainiakoak dira, baina badira Erresuma Batutik eta Italiatik etorritako zintak ere. Aurreko edizioko proposamenen artean, film labur ugari jaso ziren. Edizio honetan, berriz, jasotako ia berrogeita hamar filmetatik gehienak film luzeak dira.
Jaialdiaren programari dagokionez, proiektatzeko hautatutako filmak hiru emanalditan banatuko dira. Goizeko saioa Hezkuntza Sailari dagokio. Gero beste bi emanaldi izango dira, Sail Ofizialekoak, Amaia KZko ohiko tokietan: hitzaldi-aretoan eta auditoriumean, 17:00etan eta 19:00etan, hurrenez hurren. Donostiako Aquariumak aurten berriz ere zinemaldiko film hautatu batzuk eskainiko ditu, itsas arkeologiaren inguruan. Aurtengo nobedadeetako bat izango da Tabakalera izango dela Hezkuntza Sailaren egoitza, asteazkenean, hilak 16, goizean. Edizio honetan ere film guztiak ikusgai egongo dira online, Festhome plataformaren bidez, zinemaldiaren astean.
Beste urtebetez, programako filmetako bat itsuentzat prestatuta egongo da AudescMobile aplikazioaren bidez. AudescMobile doako audio-deskribapeneko sistema bat da, ONCEk sustatua. Edizio honetan, Javier Truebaren “El sueño de la vida eterna” izango da.
Gogoan izan, halaber, ikus-entzunezkoen eta arkeologiaren arloko profesional entzutetsuek osatuko dutela epaimahaia. Epaia lehiaketaren amaierako sari-banaketan jakinaraziko da.
Urriaren 6an, “Aurkikuntza berriak Errege Gordelekuaren bailaran (Luxor, Egipto)” izenburuko hitzaldia
2022an, ehun urte beteko dira historiako aurkikuntza arkeologiko ospetsuenetako bat egin zutenetik: Tuttankamonen hilobiaren aurkikuntza. Hori dela eta, Oiasso museoa, EHU-Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, Antzinako Egiptori eta hilobien arkeologiari buruzko hitzaldi ziklo bat eskaintzen hasi zen martxoan, eta urte osoan egingo dira. Victoria Peña eta Myriam Seco arkeologoek lehen seihilekoan emandako hitzaldien ondoren, Juan Ramón Pérez-Accino Picatoste egiptologo ospetsuaren eta “Aurkikuntza berriak Errege Gordelekuaren bailaran (Luxor, Egipto)” izenburuko hitzaldiaren txanda da.
José Ramón Pérez-Accino Picatoste doktorea Unibertsitate Konplutentseko eta Birkbeck College-ko (Londresko Unibertsitatea) irakaslea da. Antzinako Egiptoko literaturan eta testuetan espezializatua da, eta Espainiako, Israelgo eta Egiptoko kanpaina arkeologikoetan ere parte hartu du. Halaber, Institute of Archaeology-University of London-eko kidea da, eta baita International Association of Egyptologists-eko kontseilukoa eta Trabajos de Egiptología aldizkariaren argitalpen-kontseilukoa ere. Nazioarteko zenbait ikerketa-proiektutan parte hartzen du, eta Deir el-Bahariko Errege Gordelekuaren indusketak zuzentzen ditu. Leku horretan, XVIII. eta XIX. dinastietako berrogei erregeren baino gehiagoren momiak aurkitu zituzten. Tuttankamon eta Ramses faraoiak dinastia horietakoak izan ziren, adibidez.
Hitzaldia Oiasso museoan izango da, urriaren 6an (osteguna), 19:00etan. Sarrera librea da, tokia bete arte.
Antzerki tailerran berriro ere
Oiasso Museoak iragarri duenez, antzerki tailerrak antolatuko ditu berriro ere, heldu zein haurrentzat, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Proiektuaren helburua da haur eta helduak antzerki klasiko greko-latindarrera erakartzea eta Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren esparruan programatzen diren ikuskizunetan parte har dezaten bultzatzea. Antzerki munduko profesionalek emango dituzte tailerrak, eta parte hartzaileen adinera egokituko dira. Denak ala denak Oiasso Museoaren egoitzan emango dira, eta izena eman ere bertan egingo da, telefonoz 943 63 93 53 edo posta elektronikoaren bitartez info-oiassomuseo@irun.org.
Haurrentzako antzerki tailerrak
Irakaslea: Nerea Arriola
Adina: 8-13 urte
Egunak: urriaren 19tik abenduaren 14ra, asteazkenetan
Ordua: 17:15-18:30
Prezioa: 40 €
Helduentzako antzerki tailerrak
Irakaslea: Patxi Pérez
Adina: 18 urtetik aurrera
Egunak: urriaren 19tik abenduaren 14ra, asteazkenetan
Ordua: 18:30-20:30
Prezioa: 40 €