Ekainaren 28ko plazatxotik, Miren Echeveste ordezkariak armairutik ateratzeko Nazioarteko Eguna ospatzeko Irunen aurreikusi diren jardueren berri eman du. Egun hori urtero ospatzen da, urriaren 11n, LGTBIQ+ kolektiboaren giza eskubideei buruz kontzientzia hartzeko.
Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak, sexu-aniztasunari eta LGTBIQ+ eskubideei buruzko bere politiken bidez, helburua du kolektibo horrekiko sentsibilizazioa eta zisheteronormatiboak ez diren pertsonek jasaten dituzten gorroto-delituen prebentzioa lantzen jarraitzea. Zisheteronormatibitatea heterosexualitateari eta zisgeneroari asmiliatzen zaizkien sinesmen eta ideien multzoa da, eta gero eta gorroto-delitu gehiago gertatzen ari da kolektibo horren aurka.
Horretarako, efemeride hori aprobetxatuz, urriaren 17an (igandea), 17:00etan, zine-saio bikoitza egingo da Amaia KZn, herriko Bizinema elkartearen laguntzarekin. Honako film hauek proiektatuko dira:
– Priscilla, la reina del desierto:
Anthony, Adam eta Bernadette bi gizon gay eta emakume transexual bat dira. Drag queens gisa lan egiten dute, eta Australiako basamortua zeharkatzen ari dira, Sidney-tik (ekialdeko kostaldea) Alice Springs-eraino (herrialdeko erdialdea), hotel bateko dantzalekuan emanaldia egiteko. Adamek “Priscilla, reina del desierto” izenaz bataiatu duen autobus batean ari dira bidaiatzen, eta beren hiri kosmopolitaren oso bestelakoak diren herrietatik pasatzen dira. Bidaian, oso jarrera desberdinekin topo egiten dute: batzuek baztertu egiten dituzte, mespretxuz begiratzen diete, Adamek eraso homofobiko bat ere izan du; beste batzuek, berriz, onartu eta txalotu egiten dute beren ikuskizuna, eta bertan parte hartzera ere animatzen dira.
– Una jaula de grillos:
Armand-ek (Robin Williams) eta Albert-ek (Nathan Lane) osatutako bikoteak familia kristau eta tradizional bat diren itxura egiten dute, familia gay eta judua izan arren, Valek (Dan Futterman), Armand-ek gaztaroko “hanka-sartze” heterosexual baten ondorioz izan zuen eta biek elkarrekin hazi duten seme biologikoak, hala eskatu baitie, Kevin Keeley (Gene Hackman) senatari ultrakontserbadorearen alabarekin ezkondu nahi duelako. Mutilaren amari (Christine Baranski) deitzen diote, eskua eskatzeko egunean komedia osatzeko, baina trafikoagatik ez da iristen, eta Albert trabestituta agertzen da, Valen amaren rola egiteko. Azkenean ama agertu eta fartsa agerian jartzen denean amaitzen dira korapilo eta nahaste komikoak. Orduan, prentsa agertzen da etxearen eta bikoteak zuzentzen duen gay klubaren ingurura, senatariari egoera konprometitu batean argazkia ateratzeko, baina senataria trabestitu egiten dute, eta horrela lortzen dute handik oharkabean atera eta arazoa konpontzea.
Bi film horiek LGTBIQ+ kolektiboak giza eskubideen eta familia-aniztasunaren alde daraman borroka islatzen dute. Jarduera doakoa da, eta sarrera gonbidapenarekin eskuratu ahal izango da urriaren 5etik aurrera (asteartea), Luis Marianoren Turismo Bulegoan edo online, www.irun.org/sarrerak helbidean.
Horrekin batera, Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak programa pilotu bat jarri du abian hiriko ikastetxeetan, “Aniztasun afektibo-sexuala eta familiarra” lelopean. Programa hau Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat da, eta urritik abendura bitartean garatuko da, Gehituren laguntzarekin, ikasgeletan bertan.
Helburua da aniztasun afektibo-sexualaren eta familiarraren arloan heztea, aniztasunarekiko errespetua eta gatazken prebentzioa landuz. Nabarmendu behar da programa horrek oso harrera ona izan duela, izan ere, sare publikoko zein itunpeko ikastetxe guztiek, Erainek izan ezik, bat egin dute ekimen horrekin.