Oporrak Bakean haur errefuxiatu sahararren udako harrera programa da. Horri esker, haur sahararrek uda basamortutik eta errefuxiatu kanpamentuetatik kanpo pasatzeko aukera dute, familia euskaldunek Herri Sahararrari laguntzeko eta beste kultura batekin elkarbizitzeko aukera duten bitartean. Urtero uda iristean programa hau errepikatu ahal izateko, ordea, harrera familiak behar–beharrezkoak dira, izan ere, proiektu honen funtsezko zati bat dira.
Aurtengo udan Nevyana Syarovak bere senarrarekin eta Aia Perez alabarekin osatutako familia, Tadamun elkartearen eskariari erantzun eta harrera familia izateko erabaki duen horietako bat da. Nevyana Syarovak azaldu duenez, aspalditik ezagutzen du zein den Saharan bizi duten egoera; baita Oporrak Bakean proiektuaren helburuak zeintzuk diren. “Orain arte, ordea, ez dugu proiektura batzeko aukerarik izan, etxean leku nahikorik ez genuelako”. Aia alabaren gela berritu ostean, luzaroan esperotako pausu hau emateko unea zela sentitu zuten. “Programaren inguruko elkarrizketa ikusten egon ginen erabakia hartu aurretik eta amaitzerakoan elkarri begiratu eta erantzuna argi izan genuen: bai, egingo dugu”. Horrela, aurtengo udaran etxean Achwak Mahfud txikia hartu dute, Irunen egindako egonaldian zehar 10 urte bete dituena.
“Lehen besarkada eman zigun bezain laster sentitu genuen hau zela gure haurra”
Nevyana Syarova, Oporrak Bakean programako harrera familia
Elkarrekin uda ezberdin bat bizi izan dute laurek. Nevyana Syarovak azaldu duenez, Achwak etxera iritsi aurretik oso urduri egon ziren eta itxaronaldia luze egin zitzaien. “Denbora asko pasa genuen aurtengo uda nolakoa izango zen imajinatu nahian eta aurreikuspen guztiak gainditu ditu”, aipatu du Nevyanak. Aia Pérezek kontatu duenez, hasieran lehen aldiz etortzen zen beste haur bat hartu behar zuten etxean, baina azkeneko momentuan haurra atzera bota zen eta ez etortzea erabaki zuen. Bidaia luze baten ostean, Saharako haurren autobusa helmugara iritsi zen. Nevyana Syarovak gogoratu duenez, Achwak irribarretsu jaitsi zen autobusetik: “Lehen besarkada eman zigun bezain laster sentitu genuen hau zela gure haurra”.
Achwak Mahfuden kasuan hau ez da Saharatik kanpo igaro duen lehen uda izan, aurretik beste familia eta aterpetxe batzuetan egon delako. Hortaz, aurreko esperientzia horiei esker jada euskara ulertu eta gazteleraz hitz egiteko gai da. Egokitzapen prozesua oso erraza izan da Achwakentzat zein bere harrera familiarentzat. “Hasieran apur bat beldurtuak egon ginen, esan zigutelako haurrek batzuetan negar asko egiten zutela edo beste batzuetan gauzak ulertzeko zailtasunak izaten dituztela”. Achwak berriz, familiako kide guztiekin oso ondo moldatu da hasieratik eta segituan egokitu da.
Ukitu berezia duen uda
Aia Perezek azaldu duenez, aurtengoa uda oso berezia izaten ari da, “normalean egiten ez ditugun ekintzak egin ditugu, Achwak dena ezagutzeko”. Izan ere, Achwak Mahfud-ek adierazi duenez, “asko gustatzen zait hemengo nire familiarekin igerilekura joatea, baita parkean, panpinekin edo slime-arekin jolastea”. Gainera, Achwakek lagunak egiteko duen erraztasuna azpimarratu du Aia Perezek: “nire lagunekin oso ondo moldatzen da”.
Oporrak Bakean programan parte hartzen duten familiek bakoitzak bere aldetik planak egin arren, Nevyana Syarovak azaldu du harrera familia izatea ez dela bakardadean bizitzen den esperientzia bat. Familiak Tadamun elkartearen aterkiaren babespean sentitzen dira uneoro, edozein zalantza argitzeko. Horrela, familia guztiek elkarrekin hainbat jarduera egin dituzte udan zehar. Esaterako, Stadium Gal estadiora gonbidatu dituzte Real Uniónen partidu bat ikusteko. “Bertan haurrek jokalariekin argazkia atera zuten eta oso une hunkigarria izan zen”, azaldu du Nevyana Syarovak. Horretaz gain, Donostiako Aquariuma doan bisitatzeko gonbidapena ere jaso zuten.
“Asko gustatzen zait hemengo nire familiarekin igerilekura joatea, baita parkean, panpinekin edo slime-arekin jolastea”
Achwak Mahfud, neska sahararra
Dibertsioaz gain, haur hauentzat uda Saharatik kanpo igarotzeko aukera zeinen garrantzitsua den gogoratu du Nevyana Syarovak: “urtaro honetan Saharako bizi baldintzak asko gogortzen dira”. Nevyanak azaldu duenez, desertuan 50º-tik gorako tenperaturak izan ohi dituzte eta area berriz 60º-tik gora berotzen da, lurra zapalezin bihurtuz. “Achwak kontatu digu, adibidez, eskolan bero handia jasan behar izaten dutela”, adierazi du Nevyanak. Gainera, azpiegitura aldetik, hango etxeak ere oso bestelakoak dira. “Lehen haimetan bizi ziren eta orain etxeak dituzten arren, etxe xumeak dira, karratu txiki bat, besterik ez”. Beraz, berotik ihesi, tenperatura freskoagoetan udaz gozatzeko aukera eskaintzen diete hemen.
Bestalde, udan hemen egiten duten egonaldia saharar haurrei oinarrizko azterketa medikua egiteko baliatzen da. “Achwak iritsi berritan medikura eraman genuen, baita dentistarengana ere”, aipatu du Nevyana Syarovak. Are gehiago, Nevyanak nabarmendu du mediku azterketa horiek ez dutela kostu gehigarririk eragiten harrera familientzat. “Achwakek Osakidetzako bere txartel propioa dauka eta PADI-Haurren Hortzak Zaintzeko Programan sartzen da”. Gainera, udako egonaldia aprobetxatzen dute haurrek igeriketa teknika hobetu eta uretan moldatzen jakin dezaten. Achwak Mahfudek berak azaldu duenez, “igeri egitea asko gustatzen zait eta oso pozik noa igerilekura”. Nevyana Syarovak baieztatu du, uda honetako igerilekuan egindako ikastaroari esker denbora gutxian asko hobetu duela. “Hona etortzen direnean, beren gorputza indartzea bilatzen dugu”, gaineratu du Syarovak.
Etorkizuna amesten jada
Uda amaierarekin, Achwak eta Perez-Syarova familiaren bideak banandu egingo dira. Bere etxera itzultzerakoan Achwakek bere guraso, ahizpa eta lagunekin partekatuko du hemen ikusi, bizi eta gozatutako guztia, bere hitzetan: “hemen gauza asko egin ditudala kontatuko diet”. Familia irundarra berriz, Achwak bisitatzera joan ahal izateko bidaia bat prestatzen ari da datorren urteko Aste Santurako, oraindik bidaia guztiz itxita ez duten arren. Aia Perez ilusioz gainezka agertu da aukera horrekin: “Gustatuko litzaidake Achwak nola eta non bizi den jakitea, beste errealitate bat delako”.
“Gustatuko litzaidake Achwak nola eta non bizi den jakitea, beste errealitate bat delako”
Aia Perez, Oporrak Bakean programako harrera familia
Datorren urteko udaran pentsatuz, Aia eta Nevyana esperientzia berriro errepikatzeko irrikan daude. “Zalantzan dauden guztiei gure esperientzia zoragarria izan dela kontatuko nieke”, aipatu du Nevyana Syarovak. Are gehiago, haur hauentzat uda bertan pasatzea zeinen garrantzitsua den gogoratu du. “Lehen haur sahararrak hartzen zituzten familia gehiago zeuden; azken urteetan kopuru hori asko murriztu da, beraz, proiektura batu nahi duten familia berri asko behar ditugu”. Achwakek ere, etxera itzuli aurretik, jada datorren udan itzultzeko prest dagoela adierazi du. Nevyana Syarovak, beren familiarengana itzuli nahiko lukeen galdetu dionean, baietz erantzun dio, aurpegian irribarre handi bat zabaltzen zitzaion bitartean.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.