Urtarrilaren 19an XXII. Txotx irekieraren ekitaldiaz gozatu zuten Ola sagardotegira hurbildu zirenek. Sagardotegi irundarra denboraldiko sagardo berria dastatzeko irrikaz zeuden aurpegi ezagunez bete zen. Miguel Alzaga pilotari eta trinkete jokalariak izan zuen 2020. urteko txotxa irekitzeko ardura.
Ola sagardotegiko ateak txalapartaren erritmoarekin ireki ziren XXII. txot irekieraren ekitaldiari hasiera emateko. Iñaki Bengoetxea sagardotegiko nagusia eta Miguel Alzaga omenduak izan ziren sagardotegira sartzen lehenak. Haien atzetik sartutako senide, lagun eta ezagunekin jantokiko bazter guztiak minutu gutxitan bete ziren. Miguel Alzagak adierazi zuenez, “ohore bat da niretzat Ola sagardotegiko txotx irekiera egitea”.
“Ohore bat da niretzat Ola sagardotegiko txotx irekiera egitea”
Miguel Alzaga, txotx irekierako omendua
Urtero legez, Joxe Mari Genbelzu ibili zen omenaldian zehar aurkezle lanetan. “Ardura baino, lagunartean hizketan ari naizela dirudi, etxean egongo banintz bezala”, azaldu du Joxe Mari Genbelzu aurkezleak. Bera eta bere ahotsa Ola sagardotegiko txotx irekierako beste bereizgarrietako bat dira musika eta bertsolariekin batera.
Aurkezpenak egin ostean, Anjel Mari Peñagarikano y Aitor Mendiluze bertsolariek frontoiaren mundua sagardotegi ingurura hurbildu zuten haien bertsoen bitartez. Bertsoen ostean, kupela ireki eta sagardoa estreinatzeko unea iritsi zen. Ohiturak agintzen duenez, Miguel Alzaga izan zen sagardoa dastatzen lehena eta, protokoloa errespetatu ostean, festa giroa jatokian nagusitu zen.
Frontoia sagardotegitik hurbil
Txotx irekieran egindako omenaldia Miguel Alzagaren bizitza eta kirol lorpenak errepasatzeko aitzakia izan ziren. Ezker paretan hasi zuen bere ibilbidea Ola sagardotegiko XXII. txotx irekierako omenduak. Hemezortzi urterekin, berriz, eskuko minak direla eta, pelota alde batera utzi eta, beranduago, trinketean zentratzeko erabakia hartu zuen Miguel Alzagak. 1982an Mexikon ospatu zen Munduko Pilota Txapelketan, trinkete modalitatean eskuz, buruz burukoan brontzea lortu zuen. Gainera, Ramuntxo Trinketeko sozio fundatzaileetako bat izan zen eta urtero Ola Pelota Txapelketako antolakuntzan parte hartzen du.
“Oso berezia iruditzen zait aitak duela 21 urte bete zuen leku berean egotea”
Miguel Alzaga, txotx irekierako omendua
Hortaz gain, Miguel Alzaga eta Ola sagardotegiaren arteko lotura aspalditik dator. Izan ere, bere aitak kupelak eraikitzen lan handia egin zuen eta, zehazki, duela 21 urte bere aita izan zen sagardotegi berean txotx irekira egiteko hautatua izan zena. Miguel Alzagak azaldu zuenez, “oso berezia iruditzen zait aitak duela 21 urte bete zuen leku berean egotea”.
Prestaketa lanen artean azaleratzen diren urduritasunak
Iñaki Bengoetxea Ola sagardotegiko nagusiaren begiek txotx irekiera asko ikusi dituzte. Hala ere, sagardotegiko nagusiak azaldu duenez, txotx denboraldi berri bat zabaldu aurretik urduritasun puntua desagerraraztea ia ezinezkoa da, gorputza ernatu eta azken prestaketa lanak fintzeko esnatzen baitzaio.
Esperientziarekin gauzak errazago egiten zaizkizu?
Gazteagoa zarenean gauzak errazago ikusten dituzu, baina, helduagoa zarenean aldiz, urduritasunek gehiago estutzen zaituzte. Izan ere, gauza gehiago ikusten dituzu eta kezka gehiago sortzen zaizkizu buruan, dena ondo ateratzeko gauza asko ukitu behar baitira.
Txotxa ireki aurretik jendea sagardoa dastatzeko gogoz ibiltzen da?
Jende barraren inguruan biltzen da lehenengo. Ondoren, jendea ardien antzera ate ingurura hurbiltzen hasten da, ataka noiz irekiko zain. Jendeak sagardoa dastatzeko gogoak dituela ikusten dugu, besteak beste, txotx irekieraren egunean sargadotegia jende gainezka izaten delako beti eta, ondorioz, urtero beste asko bazkaltzeko lekurik gabe gelditzen direlako.
Denboraldian luze egiten zaizue?
Astelehenetan izan ezik, gainontzeko egun guztietan sagardotegia zabalik dugu iluntzetan eta larunbat zein igandeetako eguerdi eta gauetan. Beraz, maiatzeko azken egunera arte sagardoa dastatzeko denbora nahikoa dago oraindik.
Zergatik aukeratu duzue Miguel Alzaga aurtengo txotx irekiera egiteko?
Aurten 20 urte betetzen dira Olako Pelota Txapelketa lehen aldiz antolatu genuenetik. Azken finean, urtero Miguel Alzaga txapelketaren antolaketarekin zuzenki lotuta egon da, pelota zein trinkete munduan duen ibilbide zabalarekin. Gainera, duela 21 urte bere aitak Sagardotegiaren estreinaldian parte hartu zuen. Betidanik harreman ona izan dugu eta ohore bat da guretzat bera gurekin izatea.
Urtero data berezi honen inguruan aurpegi ezagun asko ikusiko dituzu, ezta?
Bai, jende berdintxua elkartzen gara, nahiz eta gazteagoa den jendea batu zaigun. Jendea ondo zaintzen saiatzen gara hurrengo urtean ere gurekin egoteko gogoak izan ditzaten.
Parrila berria estreinatzeko probak egin dituzue?
Proba txiki bat egin dugu, baina, benetako proba txotx irekierarekin batera egingo dugu. Parrila berri honekin sukaldariarentzako berotasun gutxiago eman eta babestuago egotea nahi genuen. Kajoian brasa gora eta behera ibiltzen da eta haragia egur-ikatzarekin erretzen dugu.
Parrila berria sagardotegiko bisitarientzat ikuskizun bilakatu nahi izan duzue?
Bai, jendeak asktoan txuleta sukaldatzeko moduarengatik galdetzen zigun, batez ere, iparraldetik etorritako bezeroak eta atetik zelatan ibiltzen ziren. Jakin-min horri erantzuteko leiho bat egitea egokia iruditu zitzaigun mundu guztiak nola lan egiten dugun ikusteko aukera izan dezan eta berritasun hau erakutsi ahal izateko.