Apirilaren 21ean Nazioarteko Txakur Erakusketa hartuko du Ficobak

Nazioarteko Txakur Erakusketa apirilaren 21ean egingo da Ficoban. Azoka txakur hazleen, profesionalen eta txakurzaleen topaketa izango da. 42. edizioa jardueraz eta lehiaketaz betetako egun bat izango da, eta, batez ere, 150 arrazatako 500 txakurren baino gehiago bilduko dira bertan. Sarrerak 5 euroko prezioa izango du helduentzat eta 3 euro 10 urtetik beherakoentzat.

Aurten, apirilaren 21ean izango da erakusketa, igandearekin, eta txakurren aniztasun eta edertasunaren erakustokia izango da, kalitate handiko aleak ikusteko aukera. 09:30etik 19:00etara arte iraungo du jardunaldiak, eta, bitarte horretan, txakurren mundu liluragarria gertutik ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, eta esperientzia paregabe bat biziko dute. Aurreko edizioetan bezala, esposizioak oihartzun handia izan du Frantzian, eta hainbat eta hainbat txakur etorriko dira handik.

Hamaika taldetan banatuko dira txakurrak, eta, hamaikagarren taldekoen artean hain zuzen ere, aurten parte hartuko duten arrazarik arraroenetako batekoak egongo dira: biewerrak. Yorkshire terrierren mantuaren kolorea aldarazten duen mutazio genetiko baten emaitza dira, eta, horrela, hiru kolorekoak dira. Aurtengo erakusketako arraza nagusiak, berriz, retriever, teckel eta doberman arrazak izango dira.

Hamaikagarren taldean lehiatuko diren arrazak FCI Nazioarteko Federazio Zinologikoak oraindik onartu ez dituenak dira: aipatutakoaz gain, Estatuko arraza batzuk, hala nola majorero delakoa, euskal artzain txakurra, garafiano delako artzain txakurra, Leóngo artzain txakurra, Valdueza txakurra, alano espainiarra, arratoi txakur andaluziarra, arratoi txakur valentziarra, ehiza txakur andaluziarra, maneto delakoa, ehiza txakur valentziarra eta Nafarroako patxoia.

Azokako lehen ekintzak goizeko 8:00etan hasiko dira, dokumentazio bilketarekin eta albaitariaren kontrolarekin. 9:30ean balorazioekin hasiko dira. 12:00etan txakur hezitzaileen erakustaldia egingo da. 14:00etan berriz, aurkezle gazteen sariketa hasiko da eta arratsaldeko 16:00etatik aurrera taldekako finalak eta final handia jokatuko dira.

Epaimahai bikaina

Aurten, nazioarteko epaile entzutetsuek osatuko dute epaimahaia, hala nola Enrico Drudi sanmarinoarrak, Bruce Schwartz estatubatuarrak, Elizabet Caminade-Lavault hegoafrikarrak eta Claudio Lombardi italiarrak: Espainiako epaileekin batera, horiek aukeratu beharko dituzte alerik onenak. Parte hartzaileak erakusketako txakurrik onena izateko eta Errege Kopa irabazteko lehiatuko dira, eta, gainera, beste ehun trofeo eta domina baino gehiago lortu ahalko dituzte.

Jarduera paraleloak

Lehiaketaz gain, standak izango dira erakusketan, gure lagunik onenen zaintza eta ongizaterako askotariko produktuak eskaintzeko. Era berean, aurkezle gazteen lehiaketarako abileziak erakusteko aukera izango da.

Sariak

Parte hartzaileek Espainiako Txapelketarako Gaitasun Ziurtagiria eta Nazioarteko Gaitasun Ziurtagiria lortu ahalko dituzte, besteak beste, baina, edonola ere, momentu gorenak taldekako finala eta final handia izango dira, non hautagaietako bat erakusketako txakurrik onena bihurtuko den eta Errege Kopa irabaziko duen.

Antolatzaileek gogoratu dutenez,erakusketei buruzko araudiarekin bat etorriz, lehiaketan parte hartzen ez duten txakurrak ezingo direla sartu barrutian eta ezingo dela txakurrik saldu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude