Irungo Udalak programa berri bat abiatu du egoera zaurgarrian dauden familiei laguntzeko

Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak familiei laguntzeko eta haiekin esku hartzeko programa berri bat jarriko du martxan ikasturte honetan. Ekimena egoera zaurgarrian dauden eta 8 eta 11 urte bitarteko seme-alabak dituzten familientzat diseinatuta dago, bereziki Lehen Mailako Arretako Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileentzat. Egitasmoaren xede nagusiak dira gurasoen hezkuntza- eta hazkuntza-gaitasunak indartzea, etxe barruko babes-faktoreak sendotzea eta adingabeen garapenean eragina izan dezaketen arrisku-egoerak garaiz prebenitzea.

Programa Eguzkitza ikastetxean garatuko da Baga Klinikako hezitzaile eta psikologo baten laguntzarekin, eta udaleko gizarte-langileek bideratutako zortzi eta hamar familia inguruk hartuko dute parte. Esku-hartzeak ordu eta erdiko 16 talde-saio izango ditu guztira, 15 egunean behin antolatuak, eta behar intentsiboagoa duten kideentzat hitzordu indibidualak ere eskainiko dira.

Saio bakoitza bi zatitan banatuko da: lehenengo 45 minutuetan gurasoekin eta adingabeekin bananduta egingo da lan —komunikazio positiboa, mugen ezarpena, haserrearen kontrola, substantzien prebentzioa edo emozioen kudeaketa jorratuz—, eta azken 45 minutuetan familia osoa elkartuko da jolas terapeutikoen eta rol-dinamiken bidez ikasitakoa praktikan jartzeko.

Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak prebentzioaren garrantzia azpimarratu du ekimenaren aurkezpenean: “Funtsezkoa da prebentzioz jardutea eta familiei laguntza eskaintzea arazoak larriagotu baino lehen. Programa honen bidez gurasoei zein seme-alabei baliabide praktikoak eskaini nahi dizkiegu, euren komunikazioa hobetzeko eta elkarrekiko harremanak ikuspegi partekatu batetik sendotzeko”. Metodologia aldaketa kognitibo-konduktualean oinarritzen da, eta hazkuntzaz gain eskola-absentismoari, puntualtasun-ezari eta ikasteko motibazio-ezari ere aurre egingo die.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude