San Juan plazaren ingurua berritzeko proiektuaren barruan Berrotaran eta Legia karrikak oinezkoentzat egokituko dira. Datozen asteetan zehar San Juan plaza azpiko aparkalekura sartzeko bidearen zoladura aldatzea aurreikusten da. Aglomeratuzko zoladuraren ordez galtzada-harria jarriko da, aparkalekuko arrapalarako sarbidean dagoen zoladurari jarraipena emateko.
Lan hori gaur bertan hasiko da, maiatzaren 8an. Aparkalekurako sarbidea eta obrako lanak bateragarriak izan daitezen, aparkalekura sartzeko trafikoa oinezkoen espaloitik desbideratuko da lanek iraun bitartean. Horrela, hormigoizko lauza bat jarriko da behin-behinean, ibilgailuentzat plataforma bat lortzeko. 3 edo 4 bat astetan mantenduko da desbideratze hori. Oinezkoen pasabidea berriz, Jenaro Etxeandiatik hurbilen dagoen trukalekuaren muturrean dauden zebrabideetatik bideratuko da, Almudena Grandes plazatxoarekin lotuz.
Jarduketaren gainerakoari dagokionez, Foruen eta Berrotaran karriketatik igaro ondoren, lanak erritmo onean doaz Jenaro Etxeandia plazan. Proiektua Otegi Gaztañaga SL enpresari esleitu zaio, ia milioi eta erdian (1.489.378,56 euroan), eta lanak egiteko epea hamabi hilabetekoa da. Jarduketa «Udalerriek emisio gutxiko eremuak ezartzeko eta hiri barruko garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria bultzatzeko laguntza-programaren» barruan dago, eta Europar Batasunak ere finantzatuko du, NextGenerationEU funtsen bidez, 600.000 euro ingururekin.