Maiatzaren 15etik aurrera, KirolTxartela Mugiment ekimenean parte hartuko du Irunek. Hain zuzen, txartel birtual horri atxikitako kiroldegietako abonatuek Euskadi osoko instalazioak erabili ahal izatea da helburua.
Interesdunek egin behar duten gauza bakarra KirolTxartela Mugiment aplikazioa instalatu eta beren datu pertsonalak sartzea da. Behin datuak baliozkotu eta erregistratuta, kostu gehigarririk gabe erabili ahalko dituzte beren udalerriaz beste batzuetako kirol instalazioak, udalerri bakoitzean libre dagoen lekuaren arabera betiere.
Gaur egun, Euskadi osoko 153 kirol instalaziotan erabil daiteke KirolTxartela Mugiment, kiroldegi, frontoi eta igerilekuak barne. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu dute proiektua, sareari atxikitako udalerriekin elkarlanean.