2026ko Bidasoa Itzulia bertan behera geratu da

Argazkiaren iturria: Txirrindulariak.eus

Bidasoa Itzulia Kirol Elkarteak jakinarazi du 2026ko Bidasoako Itzulia bertan behera uztea erabaki duela. Kirol proba maiatzaren 8tik 10era lehiatzea aurreikusita zegoen. Azkenean, lasterketarik ez antolatzea erabaki da probaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko baliabide nahikorik lortu ez ostean.

Bidasoa Itzulia Kirol Elkartetik adierazi dutenez, “azken hilabeteetan klubetik lasterketaren bideragarritasun ekonomikoa bermatuko zuten diru iturrien bila ibili garen arren, ez dugu gutxieneko helburua lortu”. Antolakuntzatik azaldu dute, jada aurreko urtean Gipuzkoako Foru Aldundiaren lasterketa aurrera ateratzea lortu bazuten ere, “adabakiekin aurrera jarraitzea etorkizunerako kondena izango dela uste dugu”.

Etorkizun baten bila

Aurtengo edizioa bertan behera utzi ostean, antolatzaile bolondresak probaren etorkizuna bermatzeko lanean ari dira jada. “Gure denbora ordea ez da mugagabea eta horrek behartzen gaitu esfortzuak lehenestera”, adierazi dute antolakuntzatik. Erabaki zaila izan den arren, aurten hartuko denbora etorkizuna lantzeko inbertsio onena izan daitekeelakoan daude, datozen urteetan berriro Bidasoa Itzulia berriz ere erreferentziazko lasterketa izan dadin. “Prozesu horretan dagoeneko murgilduta gaude eta gure esker ona zabaldu nahi diegu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Sailari eta Bidasoa-Txingudi Partzuergoari gure ondoan izateagatik”, erantsi dute. Bide beretik, isilpeko lan honetan izaten ari diren laguntza eta aholkularitza eskertu dituzte. “Beti bezala guregan konfiantza jartzen duten babesle pribatuei eta erakundeei eta lasterken urtean laguntzen duten bolondres guztiei esker zintzoena helarazi nahi diegu, gaineratuz amaitu dute komunikatua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude