Irungo Txirrindulari Elkarteak BTT zirkuitu berritua estreinatuko du larunbateko txapelketa

Irungo Udalak Puiana auzoan dagoen BTT zirkuitua handitu eta berritu du. Irungo Txirrindulari Elkarteak 250 kirolari inguruk parte hartuko duten benjaminen, kimuen eta haurren txapelketa antolatu du, zirkuitua estreinatzeko balioko duena. Zirkuitu berria eta txapelketa aurkezteko prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol ordezkaria, Juanjo Garagarza eta Oscar Ginzo Irungo Txirrindulari Klubeko kideek.

Larunbat honetan, hilak 31, benjaminen, kimuen eta haurren kategorietako BTT txapelketa egingo da Puianako BTT zirkuitu berrian. Txapelketak zirkuitu berritua inauguratzeko balioko du, berriki birmoldatu egin baita irungo Txirrindulari Elkartearen eskariari erantzunez. Kirolari gazteak lehiatuko dira bertan: Oinarrizko kirola sustatzeko helburu nagusiarekin, benjaminak 15:00etan hasiko dira lehian; kimuak, 15:30ean; eta haurrak, 16:15ean.

Borja Olazabal kiroletako ordezkariak zirkuituan bertan emandako prentsaurreko batean nabarmendu duenez, “hiriko kirol taldeekin ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko harreman on eta etengabea dugun adierazgarri dira egindako lanak”. Kiroletako ordezkariak nabarmendu du birmoldaketari esker, entrenatzeko baldintzak hobetu direla, batez ere neguan, arriskuak saihesteko, jada ez da beharrezkoa izango errepidera ateratzea, entrenamenduak egokiak eta seguruagoak izateko. Bestalde, Olazabalek zirkuitu honen oinarrizko kirola sustatzeko duen garrrantzia azpimarratu du, hiriko haur eta gazteei lehiaketa mundua ezagutzeko aukera ematen baitie.

Gainera, Irungo Txirrindulari Klubak “eskerrak eman nahi izan dizkio Irungo Udalari” zirkuituaren ondoan bizikletak garbitzeko postu bat jartzeagatik, eta, diotenez, “primeran dator, batez ere, eguraldi txarra egiten duenean”

Txapelketak zirkulazioan eragindako aldaketak

Udaltzaingoak jakinarazi duenez, lasterketak aldaketak eragingo ditu zirkulazioan, 15:00etatik 18:00etara arte. Zehazki, Puiana hiribidea itxita egongo da Ospitale kalera bidean, Gebara eta Hagina kaleen artean, eta ibilgailuek Gebara kaletik desbideratu beharko dute. Puiana hiribideko 4 eta 14 zenbakietako garajeen erabilera, berriz, probaren bilakaeraren arabera erregulatuko da, eta, beraz, pazientzia izateko eskatzen zaie gidariei, eta antolatzaileei kasu egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude