‘Administrazioa zugandik gertu’ programak prestakuntza saioa eskainiko du urtarrilaren 22an Irunen

Urtarrilaren 22an, datorren ostegunean, “Administrazioa zugandik gertu” estatuko programaren saio bat egingo da Irunen. Gobernuaren Ordezkariordetza Gipuzkoan izan da ekimenaren sustatzailea, eta haren xedea da hiritarrak gaitzea administrazio elektronikoa erabiltzen, bai eta administrazio publikoekin duten harremana erraztea ere. Saioa 16:00etan izango da, Palmera Montero Gunean.

Prestakuntza saioaren edukia

2 ordu inguruko hitzaldia izango da, eta 15 pertsona joan ahalko dira gehienez. Hiritar guztiei zein kolektibo espezifikoei dago bideratua: adin handiko pertsonak, ikasleak, ETEak, elkarteak, eta baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonak, besteak beste. Saioak ikuspegi praktikoa, gertukoa eta ulerterraza du, edozeinek eskura ditzan izapide digitalak egiteko behar diren gaitasunak.

Ikastaroan zehar hainbat gai landuko dira, hala nola: zer den eta nola funtzionatzen duen administrazio digitalak, zein ziurtagiri elektroniko dauden, nola erabili ziurtagiri elektroniko horiek, eta zein zerbitzu digital dauden eskuragarri administrazioetan. Horrekin guztiarekin batera, Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalaren (DZFN) ziurtagiri digitala emango zaie parte-hartzaileei, eta administrazio elektronikora sartzeko eta izapideak egiteko praktikak egingo dira.

Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzako informatikariek eta DZFNko ziurtagiri-emaile ofizialek emango dute programa; hortaz, zorroztasun teknikoa zein emandako ziurtagirien baliozkotasuna bermatuko dira. Saioak praktikoak izango dira batez ere, eta hizkera ulerterraza erabiliko dute, hiritar guztientzako pentsatua.

Izen ematea

Parte hartu nahi duten pertsonek/entitateek www.irun.org webgunean izena emateko
aukera izango dute. Izena ematen duen jende-kopuruak eskainitako plazen kopurua gainditzen badu, erakundeak beste saio batzuk antolatzeko aukera aurreikusi du, beste zenbait udalerritan gertatu izan den gisa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude